Koronabirusa. Osasungintza pribatua

Krisi bat, bi eredu

Osasungintza pribatua nola ari zaio erantzuten asteotan koronabirusak sortutako egoerari? Baliabideetan eginiko ekarpena goretsi egin du sektore pribatuak, baina sindikatuak kexu dira: uste dute haren laguntza berandu iritsi dela, eta kasu arinetarako soilik: «Gehiago egin dezake».

Krisi bat, bi eredu.
jon olano
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Martxoaren 14an alarma egoera ezartzearekin batera, Espainiako Gobernuak agindu zuen osasun kontseilarien aginduetara geratuko zirela sare pribatuko baliabideak ere, erkidegoek horiek balia zitzaten egoki irizten zioten moduan. Horri jarraituz, Nafarroako Gobernuak martxoaren 22an erabaki zuen agintaritza bakar baten pean uztea sare publikoko nahiz pribatuko erietxe guztiak; Alfredo Martinez izendatu zuen koordinatzaile, eta Juan Pedro Tirapu Zainketa Intentsiboko Unitate guztietako arduradun. Jaurlaritza, berriz, «harremanetan» dago zentro pribatuekin, eta, garatutako kontingentzia planaren barruan,«eskura» ditu osasun pribatuaren baliabideak, Mikel Sanchez Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak BERRIAk eginiko elkarrizketan adierazi zuenez. Zer gertatu da harrezkero? Zer baliabide dituzte osasungintza publikoak nahiz pribatuak koronabirusak eragindakoa bezalako krisi bati erantzuteko? Eta, dituen errekurtsoez harago, sektore pribatua nola erantzuten ari zaio krisi horri?

Koronabirusak eragindako krisialdia azaleratu zenetik, osasun publikoaren eta pribatuaren arteko harremana izan da krisiarekin batera zabaldu diren eztabaidetako bat. EH Bilduk joan den astean egin zuen eskaria: galdegin zuen gaur egun dauden osasun baliabideen inguruko informazio «zehatza eta eguneratua» ematea: «Egun batean, aditzera eman da ospitale pribatuak sare publikoaren menpe geldituko direla, baina errealitateak agerian utzi du pazienteak ez direla hara desbideratu; hurrengo egunean, ikusi dugu nola obrak azkartzen diren bulegoak zeuden lekuetan gelak sortzeko, baina une berean aipatu da gaixoak hoteletara bidaltzen hasiko direla», zehaztu zuen Mikel Otero legebiltzarkideak. Egoera hori ikusirik, EH Bilduk «ezinbestekotzat» jo du ospitale pribatu guztiak sare publikora batzea eta funtzio zehatzak ematea.

Sare pribatuak pisu esanguratsua du euskal osasun sisteman. 61 erietxe daude Euskal Herrian, eta horietatik ia bi heren dira pribatuak: 38 —zazpi Ipar Euskal Herrian, zazpi Nafarroan eta 24 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Oheei dagokienez, ordea, Euskal Herrian gehiago daude sare publikoan: 11.341 ohetik 7.929 dira publikoak. Sare pribatuak baditu bezeroak ere, ordea: 2018an, Hego Euskal Herriko 500.000 herritarrek zuten aseguru pribatu bat, eta joera goranzkoa da azken urteetan. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan osasun arlorako jarritako diruaren heren bat inguru doa pribatura.

Zentro gehiago izanagatik, ordea, koronabirusa osasun sistema publikoaren erronka bat da nagusiki: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.559 pertsona zeuden erietxean herenegun, eta horietatik 131, erietxe pribatu edo itunpekoetan; %8,4. Nafarroan, berriz, krisia hasi zenetik atzemandako 2.682 positiboetatik 2.402 artatu dituzte Osasunbidean (%87), etxeko arretan nahiz erietxeetan. Atzo zortzi arte, datu horiek bereizita ematen zituzten, baina hilaren 3az geroztik horiek emateari utzi dio Nafarroako Gobernuak.

Asteazkeneko datuen arabera, 169 paziente artatu dituzte Nafarroako Unibertsitateko Klinikan. Bi bidetatik ailegatu zaizkie: batetik, sintomak nabaritu eta larrialdietara jotzen dutenak, eta, bestetik, Osasunbidetik bideratutakoak; horien kopurua «nabarmen» handitu da azken astean, Nafarroako Unibertsitateko Klinikak BERRIAri jakinarazi dionez. Jose Andres Gomez Cantero klinikako zuzendari nagusiak osasun publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza balioetsi du, eta gogorarazi Osasun Departamentuaren eskura jarri zituela bere baliabideak izurriaren hasieran. «Pandemia honen kontra, beharrezkoa da guztion indarrak batzea».

Gomez Canteroren arabera, aldiro biltzen dira Osasun Departamentuarekin, eta erietxean hartzen dituzten neurri guztiak «koordinatuta» daude sistema publikoarekin. Orain, 260 ohe jarri dituzte Osasunbidearen zerbitzura, eta beste 40, berriz, Zainketa Intentsiboko Unitatekoak.

IMQk ere balioa eman die koronabirusari aurre egiteko jarri dituen baliabideei. «Virgen Blanca gure klinika Osakidetzari laga diogu, lankidetza harremana sortuz. Eurek medikuak jartzen dituzte, eta guk beste dena: laguntzaileak, zeladoreak, katerina, maindireak-eta, X izpiak... Bertako larrialdiak gure medikuen esku daude, eta baita trauma ere». Horrez gain, Zorrotzaurreko zentroan hiru solairu atondu dituzte koronabirusa duten gaixoak eta larrialdietakoak artatzeko. Zorrotzaurrekora beren kabuz doaz pazienteak, osasun asegurua dutenak, eta Osakidetzak bideratutakoak Virgen Blancara doaz.

Halere, zailtasunekin ari dira lanean, IMQk aitortu duenez; egoera «jasanezina» zaie: «Espezialistak telefonoz ari dira euren pazienteak zaintzen eta artatzen, eta beharrezkoa bada, baita presentzialki ere. Bestalde, lehen arretako eta larrialdietako lantaldea indartu behar da, gero eta lan gehiago dagoelako eta medikuen bajak ditugulako koronabirusa dela eta». Kexu dira, «ahal duten moduan» ari direlako moldatzen: «Osasun publikotik heldu behar zitzaizkigun NBEak [norbera babesteko ekipamendua] ez dira sekula heltzen, eta ahal dugun moduan moldatzen ari gara».

Material eske

Izan ere, sektore pribatua ere gogor jo du koronabirusak; joan den ostiralean, IMQ taldeko erizain laguntzaile bat hil zen. Talde horretako langileek elkarretaratzea egin zuten astelehean, Zorrotzaurreko eta Andre Maria Zuriaren kliniken kanpoaldean, senideei dolumina eta elkartasuna adieratzeko, baina baita horien lan baldintzak salatzeko ere; Gestlab, IMQ Zorrozaurre, IMQ Virgen Blanca, IMQ Radiologia eta Gizatzen enpresetako langile batzordeek kritikatu zutenez, behargina «lanean aritzeko aski babes neurri» ez zituelako kutsatu zen, eta eskatu zuten bi kliniketan lan egiten duten langile guztiei testak berehala egiteko, «baita segurtasunez lan egiteko beharrezkoak diren ekipamendu zein prebentzio neurriak hartzeko ere».

Sektore pribatuaren ekarpenarekin ez dago konforme, ordea, Anuska Beika LAB sindikatuko Osakidetzako ordezkaria: «Orain zabaldu dituzte klinika [pribatu] batzuk, baina egonkortuta daudenak eraman dituzte horietara». Uste du arlo pribatuaren laguntza ez dela «handia» izan, eta, gainera, «berandu» heldu dela: «Lehen momentutik behar genuen laguntza hori. Behin publikoa betetakoan hasi dira pribatura eramaten jendea; hori ez da antolaketa, hala egin dute ez zegoelako beste irtenbiderik. Korrika eta presaka egin dituzte gauzak».

Hortaz, Beikak uste du lor zitekeela Osakidetzako zentroek izan duten saturazioa ez izatea: «Laguntzak progresiboagoa izan behar zuen. EAJk eta Murgak saldu zuten Osakidetza prest zegoela milaka paziente jasotzeko... Hori izan zen haien argudioa, eta mugaraino eraman dute. Eta bete egin da».

Beikarekin bat dator Esther Saavedra, ELAren Osakidetzako arduraduna; Osakidetzako ospitaleak betetzen diren heinean hasi da Jaurlaritza gaixoak pribatura bideratzen, eta soilik kasu arinenak. «ZIUko paziente guztiak Osakidetzako zentroetan geratzen dira; kasu larriak osasungintza publikoak artatzen ditu». Saavedra ez dator bat jokamolde horrekin: «Gehiago egin beharko luke. ZIU batzuetan bestelako lan bat egiteko aukera dago. Presio guztia osasungintza publikoaren gainean erortzen ari da; [zentro pribatuak] aportazio bat egiten ari dira, baina kasu larrienak osasungintza publikoaren gain geratzen ari dira, eta agerian geratzen ari da osasungintza publikoa zein garrantzitsua den halako krisi batean».

Hain justu, krisia hastean ELAk eskatu zituen neurrietako bat izan zen osasungintza pribatua jartzea publikoaren mesedetara. «Ezinbestekoa zen horrelako krisi batean, eta bitarteko guztiak erabili behar ziren orain arreta egoki bat emateko». Haatik, uste du sektore publikoa «bete» denean aktibatu dela baliabide pribatuen erabilera, ez lehenago, «eta, orain ere, soilik kasu arinak ari dira hartzen; daukaten karga ez da osasungintza publikoarena. Arintzeko balio izan du, baina nahiko berandu; Osakidetza gainkargatuta zegoenean». Horren erakusgarri, Saavedraren oharra: «Hasieran, irizpidea zen koronabirus kasuak publikora bideratzea, aseguru pribatuek ez zutelako estaltzen. Egun batzu-batzuk igaro ziren zentro pribatuetan koronabirusarekin kutsatutako gaixoak artatzen hasi ziren arte».

Hotelak erietxe

Era berean, adierazgarria da osasun krisian erabiltzen ari diren baliabideak; Donostian eta Bilbon, hotelak prestatu dituzte osasun langileentzat, eta, Gasteizen, gaixoak artatzeko ere baliatu dituzte. Horri dagokionez, Saavedrak uste du sektore pribatua ez dela egiten ari «egin dezakeen guztia; laguntzen dabil, baina gehiago egin dezake. Beste baliabide batzuen bila ari gara [hotelak], eta baliabide horiek osasungintza pribatuan daude».

Beste hainbat sektoretan gertatu bezala, osasun pribatuaren ekonomiari ere erasan dio birusak. Izan ere, urgentziazkoak ez diren kontsultak ezin dira egin alarma egoerak irauten duen bitartean, eta hori da zentro pribatuen diru iturrietako nagusietako bat. Hor sortu da paradoxa: galera ekonomikoen aurrean, lantaldea murrizten hasiak dira Espainiako Estatuko hainbat zentro pribatutan; hain justu, osasunaren profesionalen premia handiena dagoen unean. Estatuan zentro pribatuak bateratzen dituen patronalak esana du ZIUko ohe ugari dituela osasungintza publikoaren eskura jartzeko. Nafarroako Unibertsitateko Klinikak aitortu du asko urritu zaizkiola kontsultak eta ebakuntzak, baina uste du «lehentasuna pazienteak artatzea» dela , «egoera honetan»: «Behin osasun krisia gaindituta, denok elkarrekin aztertuko dugu nola aurre egin ondorio ekonomikoei».

Sindikatuek, berriz, ohartarazi dute Osakidetzako beharginak ari direla lanean ospitale pribatuetan: «Osakidetzako pertsonala doa pribatuetara lan egitera, lekualdaketak-eta Osakidetzako zeladoreek egiten dituzte...», nabarmendu du Beikak. Antzera Saavedrak: «Sindikatuan elkartu zaizkigu osasun publikoaren egoera eta pribatu batzuetan enplegua aldi baterako erregulatzeko planteatu diren txostenak. Lan karga berriz handitu denean, Osakidetza pazienteak bideratzen hasi denean, lantalde horiek indartu dira langile publikoekin. Langile horiek Virgen Blancan daude, baina soldata horiek guk denok ordainduko ditugu. Osasungintza pribatua parte bat egiten ari da, baina gu ari gara ordaintzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.