urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hizkuntzak

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
«Gure hizkuntza, daza, goxoa eta sinplea da / ez da askorik idazten eta gutxik dakite / guri dagokigu gordetzea (...) hizkuntza guztietatik, hau da maite duguna / Daza gure hizkuntza, gure altxorra da / Hori gabe, kito gure errespetua / Gure hizkuntza baita gu garena». Tili?i nturuu kimire nturuu, «gure hizkuntza gure altxorra da» poema 17 urteko Wasai Biran Issak idatzia da. Niger iparraldeko basamortuan bizi da, eta daza hizkuntzako lehen eskolan ikasi zuen.

Tubu herriaren bi aldaeretako bat da daza. Teda da bestea. Abdel-Salam Wahali Brahimek bizi osoa eman du teda kodetzen, eta lehen poema-liburua egin zuen 2017an: «Ni, nire hizkuntza naiz / nik ez badut maite, nork maiteko du? / Nik zaindu ezean, nork zainduko du? / nik ez badut kantatzen, nork kantatuko du?». Muammar Gaddafi bota zutenetik, sekulako berpizkundea izan du tubuen kulturak, inguruko herrialdeetan eragiteraino. Karlos Zurutuzari esker izan nuen haien berri. Duela bizpahiru aste, Wasai eta Abdel-Salamen bideo bana jaso nuen, poema horiek errezitatzen basamortuan.

Joan den astelehenean, PEN Internationaleko Londresko bulegotik Interneten banatu zuten lehen poema izan zen tubu gaztearena, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren ekitaldiak abiarazteko.

Egunero beste poema bana joan zen: Saharan hasi, Chiapasen segi, Filipinetan hurrena, Krimeako tartariarrak atzetik eta Moeyed Tayib kurdua ostiralean. 1980ko hamarkadan Saddam Husseinen errepresiorik gogorrenarekin ere, klandestinoki eskuz esku banatzen ziren Tayibek grabatutako poemen zintak.

Hilak 21 ditu gaur, ama hizkuntzaren nazioarteko eguna da. Duela ia zazpi hamarkada, Indiaren banaketaren ostean, Pakistanen menpe geratu zen lurraldearen ekialdean —gaur eguneko Bangladeshen— bengaleraren alde egindako protesta batean du egunak jatorria. Gero, 1999an egin zuen data ofizial Unescok, eta ordutik mundu osoko hizkuntza gutxituetako hiztunek euren mintzairan aldarrikatzeko eta ahalduntzeko darabilte data hau.

Horregatik guztiagatik, oso aste berezia da gaur amaitzen den hau niretzat. Batzuek jakingo duzue, azaroan PEN Internationaleko Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordeko buru izendatu nindutela, Euskal PENen dihardugun guztion lanaren ondorio da: Londresko bulego zentraletik zein Bartzelonatik—katalanek gidatu dute orain arte batzorde hori hamabi urtez— begirune handiz jarraitu dute urteotan guztiotan egin dugun lana.

Ehun urte betetzen ditu aurten PENek, I. Mundu Gerraren ostean idazleen biltoki gisa lehen aldiz antolatu zenetik.

Hitzaren balioa aintzatestea zuen helburu, halako izugarrikeriarik berriz gerta ez zedin. Baina berdin balio ez hitz guztiek: gerratik itzuli ziren euskaldunen haurrek debekatua zuten euskara eskolan. «Hemengo jendeek zergatik ez dakite frantsesez? Ez direlako sekula eskolara joan. Baina urte gutxiren buruan, ez da hala izango» irakurtzen du ahal bezala frantsesez haurrak urte hartan kokatutako Anti film ederrean. Sarean ikusgai da gaur, Ama Hizkuntzaren Egunez.

Hitza aintzatetsi batzuek, debekatu besteek, Anti-Basque egur zatiarekin. Sortu eta gutxira, berebiziko garrantzia izan zuen erabakia hartu zuen PENek: taldeak estatuka sailkatu beharrean, modu autonomoan eta euren izaera kultur edo linguistikoen arabera antolatzea. Kataluniako PEN taldea egotearen ondorioetako bat izan zen. Hurbilago dagokigun beste ondorio bat, Euskal PENen sorrera, hau ere katalanek bultzatu baitzuten. Atzo hemezortzi urte, geneukan bakarra, geneukan guztia, itxi zigutela. Anti-Basque. KataluniakoPENek eraman zuen euskararen, euskal kulturaren, euskarazko kazetaritzaren aldarrikapena munduan zehar beste behin, Martxelo Otamendi behin eta berriz Bartzelonara gonbidatuz, Anna Politkovskaia edo Salman Rushdierekin baterako antolatutako ekitaldietara.

Haren ondorioz jaio zen Euskal PEN ere, Egunkaria-ren salaketa mundura eramateko. Berdin egin genuen Egin-ekin, Nafarroak euskararen aurka hartutako politikekin, Frantziako Estatuak Seaskari jarritako oztopoekin, eta berdintsu ekarri ditugu samiak, amazigak zein kurduak Euskal Herrira. Kontseiluaren ekimenez Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak ere badarama PENen sinadura. Halaxe iritsi gara nazioarteko ardura izatera.

Ardura, mendeurrena eta gure ahalduntzetik eta elkarrekin lan egitetik etorri dira nazioartean eskatu ditugun poemak, Garabide elkartearen lagunekin horietako batzuk. Lehen bost bideoak astean zehar banatu ditugu, eta gaur beste 25 joango dira, Ozeanian eta Asian hasi gurean gauean dela, Europa eta Afrikatik igaro eta Chiapasen eguerdia dela amaitu, gure ilunabarrean. Dozenaka ahots, literatura egiten, hizkuntza gutxituetan. Tartean izango da, gaur eguerdian, Leire Bilbaoren poema ere: «Gura nuke / hizkuntzari eskuez habia egin / ez balitzaizkit izen guztiak eroriko bidean».

Beste ekimen xume bat, Euskal PENek bultzatuta, aipatu Anti filma erakustea da, Gastibeltza Filmak eta Adabaki Ekoizpenak-i esker. Har itzazue 18 minutu, Ama Hizkuntzaren Egunean geureari ere begiratzeko. Eta plazer baduzue, arratsaldeko zazpietan Josu Martinez filmaren—eta asteon estreinatutako Egunkaria-ren dokumentalaren— zuzendariarekin solasaldia izango dugu Euskal PENen webgunetik abian. Izenik erori ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.