Albistea entzun

Olatz Garamendi. Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua

«Egutegia baino garrantzitsuagoa da estatutua betetzeko borondatea»

Garamendik uste du itxaron egin behar dela jakiteko zein den Espainiako Gobernuaren benetako asmoa autogobernuaren arloan, baina zantzu ontzat jotzen du Rodriguez ministroak azaldutako konpromisoa.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko irailak 26 - Gasteiz

Duela urtebete hartu zuen Olatz Garamendi Landak (Ea, Bizkaia, 1968) Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren ardura. Ez du zeregin makala: hark eramaten du eskualdatu gabe dauden eskumenen inguruko negoziazioa Espainiako Gobernuarekin. Zuhur mintzatu da epeez, egutegiez eta abarrez, baina, aldi berean, oso argi du azken helburua: agintaldi honetan Gernikako estatutuaren edukiak osorik betetzea.

Irailaren 17an bilera egin zenuten Madrilen Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politiketako ministroarekin. Zer moduz joan zen?

Lehenagotik ere ministroarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan nuen, baina ezinbestekoa ikusten genuen aurrez aurreko bilera bat izatea. Maiatzean Batzorde Mistoa izan genuen, eta han sinatu genuen lau eskumen eskualdatzea, baina geroztik aldaketa bat egon zen, eta Isabel Rodriguez ministro izendatu zuten Miquel Icetaren ordez. Guretzat oso garrantzitsua zen beste bultzada bat ematea eskumenen transferentziari, eta horretarako bilera ezinbestekoa zen; batez ere, estatuaren administrazioaren konpromiso politikoa lortzeko eskualdatzearen inguruan.

Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuen urrian proposamen bat egingo zuela bi eskumenen transferentziaren inguruan: bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak. Baduzue bi transferentzia horiek urtea amaitu aurretik jasotzeko itxaropena?

Lehenbizi, komeni da testuingurua azaltzea: duela gutxi lau eskumen jaso ditugu, eta hainbat eta hainbat ditugu jasotzeke, Gernikako Estatutua betetzeko oraindik hainbat gai daudelako lantzeko. Bilera horretan, gaien errepasoa egin ostean, ministroak konpromiso bat hartu zuen bi gai horien inguruan: proposamena jasoko dugula, eta proposamen hori izan behar dela segurtasun juridiko osoarekin eta benetako transferentzia batena.

Aste honetan Eusko Legebiltzarrak adierazpen bat onartu du, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren eskumena «ahalik eta lasterren» igaro dadin Jaurlaritzaren eskuetara.

Legez besteko proposamen bat zen, eta garrantzitsua da nabarmentzea erabakia gehiengo zabal batez hartu zela. Adierazpen horretan esaten zen transferentzia ahalik eta lasterren egin behar zela, eta integrala izan behar zuela; izan ere, guk maiatzean ministeriotik horri buruzko proposamen bat jaso genuenean, uko egin genion: ezetz esan genion transferentzia horri.

Zergatik?

Ez zelako benetako transferentzia bat. Guk beti esan dugu sasitransferentziarik ez dugula onartuko, estatutuan agertzen diren eskumenak ekarriko ditugula, baina benetakoak direnean eta ondo eginak daudenean.

Garrantzitsua da eskumen hori?

Asko hitz egin da horretaz, baina, nire ustez, gai guztiek dute garrantzi handia; alde batetik, estatutuak berak jasotzen dituen gaiak direlako: eskumen horiek guztiak transferitu behar dira estatutua bete ahal izateko; eta, bestetik, horrek onura ekartzen diolako gizartearen ongizateari. Gertutik, arazoa ezagutzen den lekutik kudeatzeak ongizatea dakar.

Sailburu zarenetik, Espainian lurralde politikaz arduratu diren hiru ministro ezagutu dituzu: Carolina Darias, Miquel Iceta eta Isabel Rodriguez.

Zailtasun bat izan da; azken finean, gauzak negoziatzeko eta adosteko konfiantza giro bat sortzea beharrezkoa delako, eta horretarako inportantea da pertsona ezagutzea eta harremana landuta edukitzea.

Alderik sumatu duzu batetik bestera?

Bakoitza diferentea da, eta modu diferente batean lan egiten du. Icetarekin lortu genuen zenbait gai hitzartzea, eta Rodriguezekin ikusi dugu aukera dugula lehenengo gaiak jorratzeko. Ikusiko dugu: denboratxo bat utzi behar zaio.

Gaur egun nolakoa da Espainiako Gobernuaren jarrera?

Aurreko asteko bileran, ministroari eskatu nion lehenengo gauza izan zen konpromisoa adierazteko estatutua betetzearekin, inportanteena borondate politikoa delako, eta hala egin zuen. Horrek itxaropena ematen dit, baina ikusi beharko dugu hori ekintzetan gauzatzen den ala ez. Ez bada gauzatzen, hor egongo gara, irmo.

Teorian, 2022ko maiatzean eskualdatuko litzateke azken eskumena. Egutegia beteko da?

Argi dago orain arte ez garela epeak betetzen ari; hori errealitate bat da. Baina berriro diot: egutegia zehatz-mehatz betetzea baino garrantzitsuagoa da etengabe aritzea eta borondate politiko hori oso argia izatea. Hori hala bada, joango gara eskumen guztiak banaka-banaka ekartzen.

Zer balorazio egiten diozu pandemian gertatutakoari, autogobernuaren ikuspegitik?

Nabarmendu behar den lehenengo kontua da zer tresna inportantea den autogobernua honelako gaiak kudeatzeko. Ikusi dugu nolako osasun zerbitzua dugun, gai izan garela txertaketa prozesua aurrera eramateko, eta, azken finean, autogobernua gizartearen mesedetan doala.

Aldi berean, ahulezia batzuk ere ikusi ditugu. Asko hitz egin da kolaborazio gobernantzaz, baina gero hainbat eta hainbat erabaki hartu dira, adostuak izan ez direnak, Lurralde Batzordean erkidego guztiak egon arren.

Higadura isila izeneko liburua aurkeztu duzue duela gutxi. Noiz egina da ikerketa hori, eta zergatik erabaki duzue orain argitaratzea?

2017an hasi ziren horren inguruan hitz egiten, eta gure zerbitzu juridikoak hasi ziren lan bat egiten. Ni heldu nintzenean, pentsatu nuen gaiari beste bultzada bat eman behar zitzaiola, beti oso inportantea iruditu zaidalako higadura hori agerian jartzea eta gizarteratzea.

Zera diozu liburuaren sarreran: «Euskadiren eskumen ahalmena ahuldu egin da, eta, azken batean, Gernikako Estatutua higatu egin da».

Estatutua itun bat da; hori errespetatu egin behar da, eta ezin da alde bakarrez interpretatu. Liburuak erakusten du badaudela beste modu batzuk estatutua inausteko eta mugatzeko, ez direla soilik transferitzeke dauden eskumenak.

Zer tresna erabiltzen du Espainiako Estatuak estatutuaren «higadura isil» hori egiteko?

Alde batetik, estatuak bere oinarrizko legedia egiten duenean, gehiegikeriaz jokatzen du, xehetasunetan sartzen da, eta gureak diren gaiak arautzen ditu. Beste aldetik, estatuko administrazioak bere zeharkako eskumenak erabiltzen ditu; adibidez, berdintasuna, ekonomiaren planifikazioa eta abar, horien bidez hainbat kontu arautzeko, gure eskumenak direnak. Eta beste teknika batzuek zerikusia dute gastuaren kudeaketarekin.

Joan den astean, legebiltzarreko osoko bilkuran, PSE-EEko Eneko Anduezak «zorroztasun juridiko eskasa eta zama ideologiko handia» izatea leporatu zion lanari.

Liburu honetan agertzen diren txosten juridikoak erabat objektiboak dira. Profesionalek egindakoak dira, eta nabarmentzen dute birzentralizazio bat gertatzen ari dela, zenbait teknika erabiliz. Hori ukaezina da. Beste kontu bat da alderdi bakoitzaren interpretazioa, baina hemen agertzen diren guztiak horrela dira.

Zure ustez, estatus berri batek konponbidea eman beharko lioke higatze isilaren arazo horri?

Nik uste dut bi gauza diferente direla. Alde batetik daude birzentralizazio eta higadura hori saihesteko hartu beharreko neurriak, eta hor ezinbestekoak dira negoziazioa eta aldebikotasuna. Alde horretatik, irmo exijitu behar dugu estatutua osorik betetzea, eta ez egotea alde bakarreko interpretaziorik; horretarako beharrezkoa da benetako aldebikotasuna, eta ez sistematikoki judizializaziora jotzea. Hortik aparte, estatus berriaren auzia hor dago; beste bide bat da, paraleloa, eta horrek emaitza izango du legebiltzarrak hala erabakitzen badu.

Estatus berrirako proposamena prest egon daiteke agintaldi honetarako?

Ez naiz gauza asmatzeko zer gertatuko den. Aldez aurretik badago lan bat egina, eta espero dut ordua iristen denean legebiltzarrak horri ekitea. Gizarteari ezin zaio hori ukatu. Noiz da horretarako denbora? Hori legebiltzarkideek ikusi behar dute. Honetaz eztabaidatzea ez doa bizikidetzaren kontra.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Ipar Euskal Heriko hautetsiak, mahai inguruan ©Bob Edme

Brian Currin: «Presoen egoera barkaezina da; ez dago aitzakiarik»

Ekhi Erremundegi Beloki

Aieteko Nazioarteko Konferentziaren hamargarren urteurreneko jardunaldien azken saioa izan da Baionan. Iragandakoaz eta gelditzen diren erronkez mintzatu dira bertako eta nazioarteko eragileak. Nazioartearen pisu politikoa erabiliz presoen auzia konpontzeko mekanismoak sortzera deitu du Brian Currin Hego Afrikako abokatuak.

Egitasmoa babesten duten zenbait kide, gaur, Nafarroako Jauregiaren aurrean. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroa XXI dinamika sortu dute, Foru Hobekuntzaren inguruko «herri kontakizun bat» sortzeko

Ane Eslava

Nafarroaren «autogobernu galerarekin larrituta», herrialdearen orainaren eta etorkizunari buruzko eztabaida «plural eta parte hartzailea» sustatu nahi dute.

 ©Jon Urbe / FOKU

Herri baten biderako gakoak

Enekoitz Esnaola

Erabakitzeko eskubidea, erreferenduma, estrategia partekatua, gizarte zibila, desobedientzia, eta bide demokratikoak eta baketsuak nabarmendu dituzte Ibarretxek, Torrak, Alvarezek eta Cuixartek

<em>Gatazken eraldaketa demokratikoa</em> izenpeko mahai ingurua, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna