Torturaren biktimekin bat

Ebru Done Ergunduz, Javier Indurain, Aleyda Gaspar eta Agustin Cuevas
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
SOS Arrazakeria Nafarroak bat egiten du torturatuak izan diren pertsona guztien aitortzaren eta erreparazioaren alde gaur Iruñean eginen den mobilizazioarekin. Mobilizazio honen alde gaude, edozein pertsonak jasandako tortura etatratu txarren aurka gaudelako. Alde gaude, batetik, pertsona ijito, arrazializatu eta migranteok Nafarroan tortura eta tratu txarrak jasaten ditugulako. Bestetik, Maria Angeles Amador eta Elhadji Endyaje ahaztu nahi ez ditugulako:Maria Angeles, udaltzainen jokaera bortitzaren ondorioz Arrotxapean hil zen emakume ijitoa; Elhadji, Polizia Nazionalaren atxiloketa bortitza jasan ondoren General Chinchilla polizia-etxean hil zen gazte senegaldarra. Eta alde gaude, gure bulegoan urtez urte pertsona ijito, arrazializatu edo migratzaileekin poliziak erabiltzen dituen gehiegikeria eta tratu txar eta umilgarrien testigantzak ahazten ez ditugulako.

SOS Arrazakeria Nafarroak mugimendu politikotzat hartzen ditu ijito herria eta migratzaileen mugimendua, biek ala biek munduko ordenaren arauen kontrako erresistentzia eta desobedientzia egiten dutelako eta asimilazio ordena zapaltzaile horren arauen kontra egiten dutelako. Arrazakerian oinarritutako sistema horrek pertsonak eta pertsonei dagozkien eskubideak jaioterriaren edo talde etnikoaren arabera sailkatzen ditu. Horregatik, nor zaren defendatzea, bakarrak etaMendebaldekoak diren balio eta kultura asimilazioari aurre eginez, ekintza disidentea eta politikoa da; horregatik, gerrak direla edo pobrezia dela, bizitzaren eskubidea defendatzeagatik, patera batean, hesi baten gainean edo atzerritartasun legea bezalako lege bidegabeen gainean salto egitea ekintza disidentea eta politikoa da.

Ekintza horiengatik sistematikoki bazterkeria eta jazarpena jasaten ditugu pertsona ijito, migratu eta arrazializatuok, eta, gainera, estatuko segurtasun indarren aldetiktratu txarrak eta umilgarriak eta torturak ere pairatzen ditugu.

Horrengatik guztiarengatik, gaurko manifestazioan salaketaren parte gara arrazakeriaren aurkako erakundeak. Mobilizaziora deitzen duten Nafarroako pertsona torturatuen sarearekin batera, mobilizazio honen subjektu politiko sentitzen gara tratu txarrak edo tortura jasan ditugun pertsona ijito, arrazializatu eta migranteak.

Aitorpena, erreparazioa eta ekintza horiek ez errepikatzeko bermeak eskatzeko, Nafarroako arrazakeriaren aurkako mugimenduko pertsona guztiak eta nafar guztiak animatzen ditugu, gaur, 18:00etan, Iruñeko autobus geltoki berritik aterako den manifestazioan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.