Ehunka lagunek gogoratu dituzte Txiki eta Otaegi, fusilatu eta 39 urtera

Zarautzen, Gasteizen eta Derion omendu dituzte frankismoak hildakoak.Ertzaintzaren arabera, hiru autobus erre dituzte Gudari Egunean

Zarauzko hilerrian egindako omenaldia. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Atzo 39 urte hil zituzten Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, Franco diktadorearen aginduz fusilatuta. FRAP taldeko beste hiru kiderekin batera, horiek izan ziren frankismoak fusilatu zituen azken herritarrak. Heriotza horiek gogoratu eta haien oroimena aldarrikatzeko, hainbat ekitaldi egin ziren atzo, urtero bezala. Zarautz, Gasteiz eta Derioko hilerrietan egin ziren ekitaldi nagusiak, eta Ahaztuak elkarteak prestatua zuen beste bat ezin izan zuten egin: eguerdian Iruñean egitekoa zuen elkarretaratzea debekatu egin zuen Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak. Oroimen historikoa aldarrikatzeko ekitaldia «terrorismoa goratzeko ekintza» izango zela argudiatu zuen.

Txikiren aldeko omenaldia Zarauzko hilerrian egin zen, urtero bezala. Zarauzkoa zen Txiki, eta haren senideek Ahaztuak elkartearekin elkarlanean antolatu zuten ekitaldia. Ehun bat pertsonak parte hartu zuten; besteak beste, omenduaren amak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako Idazkaritzako aholkulariak.

Otaegi azpeitiarra zen, Nuarbe auzokoa. Eta han ere egin zuten herriko semea gogoratzeko ekitaldia. Aurten, gainera, Nuarbeko Auzo Batzarrak antolatu du ekitaldia. Frankismoak hildakoen memoria aldarrikatu, eta etorkizuna bakean eraikitzearen aldeko mezua zabaldu zuten.

Gasteizko Santa Isabel hilerrian, diktadurak eragindako biktima guztiak gogoratu zituzten. Asko izan ziren frankismo garaian hilerri horretako paretaren kontra fusilatu zituen herritarrak; esate baterako, Estepan Urkiaga Lauaxeta poeta euskaltzalea.

Autobusak eta eskuorriak

Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, hiru autobus erre zituzten atzo Bilbon, Zorrotza auzoan Bizkaibusek dituen aparkalekuetan. Sutea 15:30ak aldera piztu zen autobus batean. Sua arazo mekaniko batek eragin zuela plazaratu zuten berri agentziek hasieran, eta berehala zabaldu zela beste bi autobusetara.

Iluntzean, ordea, Ertzaintzak emandako beste bertsio bat zabaldu zuten berri agentziek: sua norbaitek nahita sortu zuela. Kale erasoekin lotu zuten gertaera. Izan ere, berri agentziek zabaldutako informazioaren arabera, eskuorriak agertu ziren erretako autobusen ondoan. Gudari Eguna, borroka da bidea zeukaten idatzita orriek, azaldu zutenez.

Abuztuaren 20an beste bost autobus erre zituzten Bizkaian, Loiun. Gaixo dauden presoak askatzeko eskatuz egindako ekintza gisara aldarrikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.