Hezkuntza. Legearen aurreproiektua

Elkarrekin Podemos-IUk hezkuntza ituna ez betetzea egotzi dio Jaurlaritzari

EH Bilduk ekarpenak egingo dizkio proiektuari, hezkuntza itunarekin «leial» izanda. ELA, Steilas, EHIGE eta Kontseilua kritiko agertu dira

EP-IUko legebiltzarkideak, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemos-IUk ez du gustuko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektua. EH Bildurekin eta PSE-EErekin batera, Eusko Legebiltzarrean lege berrirako oinarriak adostu zituen alderdietako bat da EP-IU, baina aurreproiektuaren testuarekin oso kritiko agertu zen atzo Miren Gorrotxategi bozeramailea. Eta ohartarazpena egin zion Eusko Jaurlaritzari: hezkuntza publikoaren aldeko apustu garbia egin ezean, EP-IUk ez du proiektua babestuko. «Ez dugu ikusten adostutako oinarrien mamia testuan, eta, dagoen bezala, Elkarrekin Podemos-IUk ez du babestuko».

Jaurlaritzak ondutako aurreproiektuan eskola publikoaren aldeko eta segregazioaren aurkako apustu garbirik ez dutela ikusten azaldu zuen taldeko bozeramaileak. Zehazki salatu zuen ez dagoela neurri zehatzik segregazioa saihesteko bete behar diren irizpideei buruz, ezta plaza publiko nahikoak bermatzeari buruz ere. Hori horrela, hezkuntza ituna ez betetzea egotzi zion Jaurlaritzari, bai eta «propaganda» egitea eta «kea saltzea» ere. Besteak beste, Gorrotxategik kritikatu zuen testu artikulatuak «modu orokorrean» hitz egiten duela hezkuntza publikoaz, eta ez dituela ikastetxe publikoak lehenesten. Hezkuntza itunaren norabidearen aurka doa hori, haren iritziz: «Itunaren espiritua zen itunpekoa eskola publikoaren laguntzaile izatea, baina hori ez da inon ikusten».

Gainerako legebiltzar taldeek ez zuten aurreproiektuari buruzko balorazio publikorik egin. Hala ere, EH Bilduk aipamen txiki bat egin zion testuari sare sozialen bidez. Ikoitz Arrese legebiltzarkideak adierazi zuen EH Bildukekarpenak egingo dizkiola proiektuari, hezkuntza akordioaren edukiarekin «leial» izanda eta hezkuntza sistemak behar duen «eraldaketari» bide emateko asmoz. Eta ziurtatu zuen hezkuntza komunitatearen parte hartzea bermatuko dutela legebiltzarreko tramitazioan.

Hezkuntza eragileak, hotz

Hain justu ere, hezkuntza eragile gehienak hotz utzi ditu aurreproiektuak. ELA sindikatuak salatu du testuak «egungo hezkuntza ereduari» eusten diola, eta hezkuntza sistemaren arazoak betikotuko dituela. Besteak beste,salatu du ez duela «curriculum propioa» garatzeko biderik aurreikusten, ez dela garatu borondatez publifikatu nahi duten eskolentzako bide orririk eta langileen lan baldintzei aipamenik ez diela egiten.

Lege aurreproiektuarekin oso kritiko agertu da Steilas. Salatu du, besteak beste, euskal eskola publikoa ezduela lehenesten, hezkuntza eragile nagusien ekarpenak alboratu dituela, ikastetxe pribatuen «erreskatea» bermatuko duela eta segregazioa areagotuko duela. LABek esaldi bakarrean egin du balorazioa: «LABek jarraituko du langileon aldarrikapenak kontuan izan eta hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko eragiten».

EHIGE sare publikoko gurasoen elkarteak, berriz, Jaurlaritzari egotzi dio legearen edukia negoziatzeari atea ixtea eta eskola publikoa zokoratzea.

Euskalgintzaren Kontseiluak ere egin du balorazioa. Adierazi du ona dela berariaz jasotzea zein diren ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza gaitasunak derrigorrezko hezkuntza amaitzerako, eta «egokitzat» jo du legeak hitzarmenean adostutakoari jarraitzea. Hala ere, kezka adierazi du legeak ez duelako zehazten euskal hezkuntza sistemak zein hizkuntza ereduri jarraituko dion. «Ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza ereduari dagokionez». Haien iritziz, ez dago jasota bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen «eredu inklusibo orokortua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.