Ramirez hautagai EAko primarioetan

Ildo kritikoak azaldu du primarioen araudia moldatu duela Berme Batzordeak. Asteartean hasiko da kanpaina, eta 25ean da bozketa

Ramirez, Nafarroako Parlamentuko saio batean, iazko martxoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Maiorga Ramirez EAko kide eta Nafarroako parlamentariak bere burua aurkeztuko du Eusko Alkartasunako idazkari nagusia aukeratzeko hauteskunde primarioetara. Alderdiak urriaren 25ean aukeratuko du buruzagia, eta, horri begira, Ramirezek esan du «ardura eta ilusio izugarriarekin» erabaki duela hautagaitza aurkeztea.

Ramirezek Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean eman zuen erabakiaren berri, atzo, eta azaldu Carlos Garaikoetxea EAko buru ohi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren «pertsuasio gaitasunei» esker eman duela pausoa. Adierazi du EA «krisi guztietatik indartuta» aterako dela, eta uste du alderdiko kiderik gehienek «atsekabez» jaso zutela zuzendaritzak espedientea ireki izana Miren Aranoari, Iratxe Lopez de Aberasturiri eta Mikel Goenagari, Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako koordinatzaileei: «Tirabira horrek guztiak eta alderdiko zenbait kideri hedabideen bidez eginiko deskalifikazioek atsekabe handia eragin dute, baina badugu gauza garrantzitsu bat: proiektu politiko sozialdemokrata bat, herrialde honentzat beharrezkoa dena».

Era berean, beharrezkotzat jo du «EAren jarduera aldatzea, alderdia eta EH Bildu indartzeko. [EAk] Egin dezala egin behar duen lan guztia EH Bilduk zentro-ezkerraren atxikimendua izan dezan, hori ezinbestekoa baita herri honetan gehiengo garrantzitsuak lortzeko». Ramirez idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen EAk 2017ko ekainean eginiko batzarrean, baina Pello Urizar nagusitu zen bozketa hartan, hamalau botoren aldearekin.

Ramirezen pausoak jarrera aldaketa bat islatu lezake ildo kritikoaren barruan, sektore horrek esana baitzuen ez dagoela baldintzarik barne hauteskundeak egiteko. Azken egunetan, ordea, aldaketak izan dira, Ramirezek berak azaldu duenez: joan den ostiralean, alderdiko barne prozeduretan gardentasuna ziurtatzeko ardura duen Berme Batzordeak ebazpen bat eman zuen, hauteskunde primarioen erregelamendua «nabarmen» moldatuz, «barne demokraziaren parametroetara» egokitzeko. Aldaketa horrek ahalbidetu du prozesua «modu garantista batean» gauzatzea eta alderdiko militanteei «hitza» eman ahal izatea, «guztien artean, eztabaidaren bidez bideratzeko azken asteetako amesgaiztoa», Ramirezen arabera. Ildo horretan, Berme Batzordearen osaera babestu zuen, argudiatuta alor juridikoan izen ona duten pertsonek osatzen dutela: «Badago bide orri bat urriaren 25ean egoera bideratu dezakeen idazkari nagusi bat izateko».

Prozesua, «normal»

Ramirezen hautagaitzarekin konforme agertu zen Iker Ruiz de Egino EAko zuzendaritzako bozeramailea, Onda Vascan bertan nabarmendu baitzuen Ramirezen hautagaitzak erakusten duela hauteskunde prozesua «zilegi eta zuzena» dela. Halere, ironiaz mintzatu zen Ruiz de Egino, esanda laugarren aldia izango dela Ramirezek bere hautagaitza aurkezten duena: «Ea aurrekoetan baino zorte hobea duen». Gaineratuzuen oraingoz prozesua «normal» doala.

Ostiralean amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea, eta, oraingoz, Ramirezen hautagaitza baino ez da ezagutarazi. EAren zuzendaritzarekin kritikoa den ildokoa da Ramirez. Sektore ofizialak ez du oraingoz jakinarazi zein izango duen hautagaia. Asteburuan aztertuko dituzte hautagaitzak, eta baldintzak betetzen dituztenak astelehenean izendatuko dituzte —gutxienez 50 abal; herrialde bakoitzean, gutxienez bost—. Asteartean hasiko da kanpaina.

Pello Urizar idazkari nagusi ohiak ekainaren 24an jakinarazi zuen EAko buruzagitza uzteko erabakia, baina urak harro daude alderdian. Ildo kritikoak dio duela bi urtetik afiliatuen erroldarako sarbidea eskatzen ari zaiola zuzendaritzari. Datu basea «ezkutatzea» egotzi diote. Bestalde, alderdiko kuota ordaintzen ez dutenen errolda ere eskatu du ildo kritikoak, kopurua puztuta dagoelakoan ildo ofizialaren mesedetan. Horiek lortzeko, auzitara jo du sektore kritikoak.

Atzo, ildo kritikoko iturriek azaldu zuten datu baserako sarbidearen auzia ez dela argitu eta prozesu horrek bere bidea egiten jarraitzen duela, baina erantsi zuten ostiraleko ebazpenak behartu egiten duela fitxategi guztiak berrikustera hilaren 25eko bozketa baino lehen, «ziurtatzeko boto emaile bakoitzaren egoera estatutuetan jasotakora egokitzen dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.