Albistea entzun

Mendian gora haritza

Joan Mari Torrealdai eta Mikel Arrizabalaga, Beriainen.
Joan Mari Torrealdai eta Mikel Arrizabalaga, Beriainen. M. ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga - Joan Mari Torrealdairen laguna

2020ko abuztuak 2

Adiskidearen etxera joan naiz, adiskidea agurtzera. Azken hitzak, azken irribarrea, azken begirada, azken besarkada... Hogeita lau urtean bizi izandakoak istant batean irudikatuz, elkarrekin pasatutako denbora laztandu nahiz. Denborak ez du noiz, baina eguna heldu da. Agur esateko eguna, oroitzapenetan murgiltzeko eguna, sentimenduetan bidaiatzeko eguna, ametsetan sinesteko eguna... denboran pausatzeko eguna.

Itzuli naiz etxera. Terrazara atera, eta Aiako Harriari so geratu natzaio. Begiak umeldu zaizkit, begirada lausotu, eta ezin mendiaren silueta marraztu. Begiak itxi, eta nire erraietan begiratu dut. Bihotzean dut min, bihotzaren zati bat itzali zait, eta bidea galdu dut. Azken ibilaldia egin nahi bidaidearekin, eta ez dut xenda ikusten; azken maldetan indarrak ahitu arte gora egin nahi adiskidearekin, eta indarge sentitzen naiz; azken tontorretik euskal lurrak elkarrekin ikusi nahi, eta laino meheak estaltzen du nire begirada; bordaren ondoan eserita azken hitzak lagunarekin konpartitu nahi, eta ez da hotsik: isiltasuna da nagusi.

Begiak ireki, berriro mendiari so egin, eta orduan oroit izan dut azken besarkadan hik esandakoa, «Mikel, libre sentitzen nauk». Libre, Lizardi poeta zarauztarraren Mendi-gaiña olerkiko hegaztia lez, maite hituen gailurretan gainik gain libre ibiltzeko, maitatzen hituen baso eta zelaien gain hegan libre egiteko, liluratzen hinduen euskal basamortuaren ilargi itxurako tolestura harrigarrietan libre ibiltzeko, hegoak zabalduz kostaldeko labar eta ertz zirraragarrietan abiada libre hartzeko, Orhiren gailurretik, bere mendean udazkenean milaka tonu ezberdinez jantzi eta kolorez lehertzen den basoaren ikuspegiaz libre gozatzeko... eta pausatu haiz.

Basoak, aintzirak, oihanak, leizeak, karstak, arroilak, gailurrak, ur-jauziak, ibaiak, labarrak, haranak, larreak, flyschak, muinoak, ibaiak, errekak, bokaleak, padurak, lautadak, itsasadarrak, mendilerroak, basamortuak, lakuak, uharteak, iturburuak, gatzagak, hondartzak, osinak, arrailak... urrutira joan gabe, gure herri zahar hau zipriztintzen duten hamaika paisaia eder, gure euskararen herria maitatzeko hamaika arrazoi. Eta horiek guztiak elkarrekin gozatu ditiagu, Joan Mari. Eta naturaren txoko eder horiek guztiak izan dira gure adiskidetasunaren lekuko.

Ezin ahaztu bidaia eder honetan hire familia, Beatriz emaztea, eta Garazi eta Manex seme-alabak. Hik esaten huen bezala, ibilaldi luze honetan, etapa guztietan alboan egon eta egoerarik zailenetan ere haiei esker bidean aurrera egiteko ezinbesteko sostengua eta arnasa.

Agur esateko tenorea heldu zaidak, Joan Mari, baina ez diat adorerik ez eta kemenik ere horretarako. Datorren urtean, Urtatsean, berriro Adarra mendian elkartuko gaituk, eta, beherakoan, Imanol Larzabalen Mendian gora haritza abestia kantatuz, mihura sorta bana hartu eta, urtero lez, etxeko atarian eskegiko ditugu.

Ez adiorik, lagun! Maite haut!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...