Udal eta foru hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Paraxutismotik jauzi librera

PPk urteak daramatza Hego Euskal Herrian botoak galtzen eta tokiko erakundeetan indarra ahultzen. Araba gotorleku izan du, baina igandeko bozek erakutsiko dute ea egiturazko jaitsiera duen hor ere

Paraxutismotik jauzi librera.
jon olano
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Garai zailak ditu PPk Euskal Herrian, eta bereziki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Esangura politiko handiko alderdia izana da, baina urteak daramatza botoak eta ordezkariak galtzen hauteskundez hauteskunde. Tokiko erakundeetan presentzia bermatzeko, paraxutismo politikoa praktikatu zuen hainbat urtez, udaletara aurkeztuta herrikoak ez ziren hautagaiak. Sona handikoak izan ziren zenbait kasu; besteak beste, Regina Otaola Lizartzako alkate (Gipuzkoa) izan zenekoa, ezker abertzalea legez kanpo zegoela. Paraxutismotik, ordea, jauzi librera igaro da, boto ihesa ezin etenda. Alderdiaren geroan erabakigarriak izan litezke igandeko bozak.



URTEZ URTE AHULAGO

Hauteskunde babesari dagokionez, lekutan ditu 2000ko hamarkada hasierako urteak. Foru hauteskundeetan izandako emaitzak kontuan hartuta, babesaren erdia galdu du azken hogei urtean: Lizarra-Garaziko Itunaren testuinguruan 220.859 boz eskuratu zituen, eta 2015. urtean, berriz, 114.373. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan progresiboki galdu izan du babesa bototan, hauteskundez hauteskunde behera eginda, baina Nafarroan bere siglekin aurkeztu da 2011n eta 2015ean, eta boto horiek zenbatu ahal izateak ahalbidetzen du Hego Euskal Herrian 2011n beheranzko joera behin etetea.

Horrek eragin zuzena izan du popularren indar instituzionalean, tokiko erakundeetan nahiz Eusko Legebiltzarrean edo Espainiako Gorteetan; adibiderako, 2015ean Arabako Aldundia eta Gasteizko alkatea galdu izana, Gipuzkoan batzarkide bakarra izatea edota Euskal Autonomia Erkidegoan diputatu bakar bat ez lortzea. Gordinak dira datuak: 1999an zituen zinegotzien erdiak baino gehiago galdu ditu urteotan, erdira murriztu zaizkio batzarkideak —34tik 17ra— eta beste hainbeste gertatu zaie Eusko Legebiltzarrean —hemeretzitik bederatzira—.

Herrialdeka, alderdiak Araba izan du gotorleku nagusi, eta, 2015ean diputazioa eta Gasteizko alkatetza galdu bazituen ere, herrialde horretan erakutsi du egonkortasun handiena azken bi hamarkadetan. Datorren igandeko hauteskundeek aditzera eman dezakete 2015ekoa istripu bat izan zela edo, kontrara, egiturazko arazo bat daukala gotorlekuan ere. Gipuzkoan, ordea, etenik gabea izan da 2003az geroztik jasandako odolustea; zortzi batzarkide 2003an, sei 2007an, lau 2011n eta bakarra iragan legealdian. 53 zinegotzitik zazpira, hamasei urtean. Bizkaiko joerak, berriz, antz handiagoa du Gipuzkoarenetik Arabakotik baino; 2003an zeuzkan botoen herenak galdu zituen 2007an, eta urte hartan lortutakoen erdiak 2011n. Araban izandako indarrari eusten ez badio, tokiko politikan ezdeus izateko bidean legoke PP Euskal Autonomia Erkidegoan.

LIDER BERRI, EMAITZA ZAHAR

2018ko ekaineko zentsura mozioaren ondorioz Mariano Rajoyk Espainiako Gobernuko presidentetza utzi behar izateak ate bat zabaldu zuen PPn, hamalau urtez buruzagi izandakoa nork ordezkatuko. Gobernuan egonagatik, aski ahuldua zen alderdia; babes elektoralari dagokionez, Espainian gehiengo absolutua eta 186 diputatu izatetik 137ra igaro baitzen; mapa politikoari begira, lehiakideak azaleratu zaizkiolako eskuinean; eta, iritzi publikoari begira, Gurtel auzia-ren sententziak erabat lotu duelako alderdiaren irudia ustelkeriarekin.

Testuinguru horretan, popularrek Pablo Casadoren esku utzi zuten alderdiaren lidergoa. Estrategia berria: diskurtso sozialki kontserbadoreagoa eta zentralistagoa, baita tokiko lider berriak ere; Espainiako Gorteetako bozei begira, Casadok bere sokako jendea jarri zuen zerrendaburu —Bea Fanjul Bizkaian eta Iñigo Arkauz Gipuzkoan—, horrek tokiko zuzendaritzekin tirabirak eragin badizkio ere. Emaitza jakina da: zero diputatu EAEn, porrot historikoa Espainian eta eskuinaren hegemonia kolokan.

Harrezkero, Casadok diskurtsoa moldatzera jo du; adibidez, apirilaren 28ko porrotaren ostean baino ez zuen esan Vox eskuin muturreko alderdia dela. Edozein modura, Casadoren eskuak apenas izan duen eraginik udal hauteskundeen hautagaien aukeraketan. Horren isla da PPren EAEko heterogeneotasuna azaleratzen duten hautagaitzak aurkeztuko dituztela; ez baitaukate diskurtso bera, esaterako, Borja Senper Donostiako alkategaiak edo Raquel Gonzalez Bilbokoak.

C'S-VOX MEHATXUAK

Nondik begiratzen dion, EAEko zuzendaritzak kezkatzeko beste elementu bat dauka aurrean; orain ez da eskuin unionistaren ordezkari bakarra, eta, apirilaren 28ko emaitzei dagokienez, gero eta gertuago dauzka eremu soziologiko bereko lehiakideak. 2015ean, Ciudadanos 32.000 botoren bueltan egon zen lau herrialdeetan, eta 3,5 bider gehiago lortu zituen PPk; instituzioetan, batzarkide bakarra lortu zuen Ciudadanosek —Araban—, eta bi zinegotzi baino ez. PPren nagusitasunak ez zuen zalantzarik.

Gailentasun hori ezbaian jarri dute, ordea, Espainiako Gorteetarako azken bozek; beste lehiakide bat aurkeztu zaie, Vox, eta hiruren arteko emaitzak estuagoak dira orain: 94.000 boto inguru bildu zituen PPk, eta C's-Vox baturak 68.000 bat; hori da PPk urteotan galdu duen boto poltsaren neurria. Horiek berreskuratzea izango du erronka nagusia datozen hilabete eta urteetan.

UPN-REN GERIZPEAN

Besterik da Nafarroan, hor PP ez baita lehiatuko Ciudadanosekin; biak ariko dira proiektu beraren mesedetan, UPNrekin batera. Herrialde horretan, ezin da neurtu PPk norainoko indarra izan duen lurraldean aintzat hartu gabe urteetan UPNrekin eginiko aliantzak. 1991z geroztik elkarlanean aritu ziren bi indarrak; Nafarroan, PPk UPN babestuta, eta Espainiako Kongresuan, UPN PPren mesedetara arituta. 2008an hautsi zen koalizioa, UPNko bi diputatuk PPren boto diziplina hautsi baitzuten. Harrezkero, popularrek egitura propioa garatu behar izan dute Nafarroan, eta bakarrik aurkeztu bozetara; horrek ikusarazi ahal izan du zein den PPren giharra. Laukoari kontra egiteko grinak batu ditu berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.