Nafarroan jada eska daitezke auto elektrikoa erosteko laguntza publikoak

Herritarrek zazpi mila eurotik gora jasoko dute auto zaharra txatarrera botaz gero. Ibilgailu elektrikoen salerosketa bikoiztu egin da aurten

Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Bi hanka edo gurpil ditu autoen elektrifikazio prozesuak: autoak egitea da bata, eta auto horiek erostea da bestea. Eskaera eta eskaintza, biak dira beharrezkoakegunen batean errepideetan dabiltzan ibilgailuak elektrikoak izango badira. Diru publikoa izango da bietarako, nahiz eta desoreka handia izango den ekoizpenaren mesedetan. Oraingoz, Nafarroako Gobernuak 4,95 milioi euro jarri ditu mahai gainean auto elektrikoen erosketa laguntzeko. Aste honetatik aurrera egin daitezke eskaerak.

Espainiako Gobernuak Moves planaren bitartez erkidegoei emandako dirua da Nafarroako Gobernuak banatuko duena. 3,5 milioi joango dira auto elektrikoaren erosketa laguntzeko, eta gainontzekoa auto horientzako kargalekuak instalatzeko izango da.

Auto eta furgoneta elektrikoak eta hibrido entxufagarriak erosteko izango dira laguntzak. Auto guztiz elektrikoak erosten dituztenek 7.000 euroko laguntza izango dute baldin eta auto zaharra txatartegira botatzen badute, eta 4.500 euro halakorik egiten ez badute. Furgoneten erosketak, berriz, 9.000 euro jasoko ditu eroslea partikular bat bada eta zaharra gainetik kentzen badu, eta 5.000 eta 3.000 artean eroslea enpresa bat bada. Laguntza %10 handitu ahal izango dute 5.000 biztanletik beherako herrietan bizi direnek.

Diru horri batu behar zaizkio auto elektrikoa erosten dutenei Nafarroako Ogasunak ematen dizkienzerga kenkariak. Erosketaren %30 adinakoak dira, behin Moves planaren deskontua aplikatuz gero.

Jaurlaritzak, irailean

Jaurlaritzak ere bere gain hartu du Moves planaren kudeaketa. Espainiako Gobernuak 16,4 milioi eman dizkio, eta horietatik bederatzi bideratuko ditu autoen erosketa laguntzera, eta beste 7,4 milioi instalazioak egitera. Uda tartean denez, Jaurlaritzak erabaki du irailaren 28ra arte ez duela laguntza eskaerarik jasoko. Hori bai, apirilaren 10etik aurrera auto elektrikoa edo hibrido entxufagarria erosi dutenek jaso ahalko dute.

Kostata izan bada ere, eskaintza ugaritu ahala, azkenean lortu dute auto elektrikoek kontsumitzaileen arreta bereganatzea, eta %5eko merkatu kuota gainditu dute jada. Urtarriletik ekainera 1.209 ibilgailu elektriko matrikulatu dituzte Hego Euskal Herrian, iaz epe horretan halako bi. Autoak dira horietako gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.