Hezkuntza Lege berria ari dira atontzen Eusko Legebiltzarrean, etorkizuneko ikasleen profila zehaztuko duen lege berri bat. Pertsona eleaniztunak izango omen dira, derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenean euskaraz, gazteleraz eta ingelesez mintzatuko direnak; eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bermatuta egongo omen da euskararen ezagutza eta erabilera gaitasuna, B2 mailan.
Zalantza handietako bat da hori nola bermatuko den eta zer baliabide jarriko diren. Baina, hori lortuko dela ontzat joko bagenu ere, beste galdera bat ere bada kezka iturri. Nolakoak izango dira etorkizuneko euskaldun horiek? Euskaraz komunikatzeko gaitasuna bai, baina euskaraz komunikatzeko beharra ere izango dute? Euskararekin batera, mundua bizitzeko modu bat jaso eta kultura euskaraz kontsumitzeko beharra sentituko dute?
Garrantzitsua baita euskalduntzea, baina euskarak aurrera egingo badu, beste alde hori ere ezinbestekoa da. Erdarek gero eta toki handiagoa dute gune euskaldunenetan ere, eta arnasguneetan ere antzematen ari da zein erraza den euskaratik beste hizkuntzetara salto egitea, kontsumo ohituretan eta abar. Beraz, hezkuntza sistemak hori ere sustatu eta bermatu behar du, etorkizuneko euskaldunentzat euskara ez dadin izan hezkuntzarekin lotzen den eta lanerako soilik balio duen hizkuntza bat.

HIZPIDEAK
Nolako euskaldunak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu