HIZPIDEAK
Ez abertzale, ez ezkerreko
Bloke abertzalerik ez. EAJk ez du EH Bildu nahi, eta ezta EH Bildurekin ere. Iruñean Geroa Bai prest agertu den arren koalizio abertzalea babesteko, bestelako jarrera du EAJk. Ez du boterea galdu nahi. Aurretik ere egin izan ditu akordioak PPrekin, eta orain ere saiatuko da haien botoak baliatzen, nahiz eta ez duten nahi akordio publikorik; horrek ez baitio onik egingo Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako.
Ezkerreko blokerik ere ez. PSE-EEk ere ez du akordiorik egin nahi EH Bildurekin. Jokoan daude Espainiako bozak. Boz horiek ez baleude hain gertu, gauzak bestelakoak izan zitezkeen.
Hego Euskal Herrian argi geratu da EH Bilduk babes sozial handia duela, eta iraganeko mamuak gaindituta daudela. Espainian iraganari eutsita daude oraindik, Euskal Herriari dagokionez. Baina hori al da benetako arrazoia EH Bildu zokoratzen saiatzeko? Alberto Nuñez Feijook jendaurrean esan du EH Bildu lehendakaritzarako lehian egongo dela datorren urtean —besteek ere hori ulertu al dute?—, eta «konstituzionalismoaren zerbitzura» jarriko dituela bere botoak, EH Bildu ez dadin izan udal eta foru erakundeen gidari.
Ikusiko da Mikel Lezamaren hordagoa noraino iristen den. Argi dago, ordea, PPren ustez EAJk ez duela auzitan jartzen «konstituzionalismoa», eta EH Bilduk, aldiz, bai.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.