Gizonak inplikatzera deitu dituzte indarkeria matxistari aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak adierazpen bat atera du, eta etziko mobilizazioetan parte hartzera deitu du

Jaurlaritzak eragileekin egindako lan bilera bat, emakumeen indarkeriaren aurkako neurriez aritzeko. BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Indarkeria matxista desagerrarazteko helburuz, beste erakundeekin koordinatuta lanean segitzeko konpromisoa berretsi du Eusko Jaurlaritzak, eta gizonei eskatu diete indarkeria matxistako kasuei erantzuteko: «Kanpaina hau gizonei zuzendua dago». Hala jaso zuten atzo, gobernuaren bileraren osteko agerraldian argitaratutako adierazpenean, eta etzi herri eta hirietan deituta dauden mobilizazioekin bat egitera deitu zuten. Indarkeria matxistaren kontrako jarrera publikoki agertzeko eskatu zuten.

Zer ez duzu ulertu nahi? Solik bai da baietz lelopean aurkeztu zuen Emakundek aurtengo kanpaina, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Eudelekin batera. Kanpaina bateratu honen helburua zuzenean gizonei hitz egitea izan da: «Ezetz esateko modu asko daude, baina bat bakarra ulertzeko». Kanpaina honetan gizonak dira, emakumeekin batera, beste gizon batzuei galdera hori egiten dietenak.

Indarkeria matxistaren ondorioz erailak izan diren emakumeak gogoratu dituzte adierazpenean, eta biktimei babesa eta elkartasuna adierazi. «Gogoratu nahi diegu gobernu honek dituen baliabide eta zerbitzu guztiak eskura dituztela, eta 900-840 111 telefono zenbakia dela hauetara heltzeko sarbide nagusia».

'Alda ezazu'

Nafarroako Gobernuak emakumeen aurkako mezuetan kokatu du aurtengo kanpaina. Emakumeen aurkako indarkeria da biktima zalantzan jartzen den delitu bakarra. Alda ezazu! lelopean ardaztu du aurtengo kanpaina. Aldarrikatu du emakumeen askatasuna nahi bezala bizitzea, eta esan du hori auzitan jartzen duten mezuek indarkeria matxistagatiko erasoak justifikatu eta biktima birbiktimizatzen dutela. Horregatik deitu dute mezua aldatzera. Gogorarazi zuen aurten urrira arte 1.235 emakumek jo dutela Nafarroako Berdintasun Saileko aholkularitza zerbitzuetara arreta bila, eta gero eta gehiago direla horra jotzen dutenak. Aurten, eguneko bost salaketatik gora jaso dituzte indarkeria matxistak eraginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.