Udal eta foru hauteskundeak. Gasteizko udala

Urtaranek irabazi du Gasteizen, eta PSE-EE izan da bigarrena

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Iragarrita zegoen lehia, baina aurreikuspenek huts egin dute. EAJ nagusitu da Gasteizen, botoetan eta eserlekuetan —botoen %23,62 lortu ditu, eta zazpi zinegotzi—, eta Gorka Urtaranek eskura du alkatetza. EAJren garaipena historikoa izan da: 24 urte ziren Gasteizen irabazten ez zuela. Eider Etxebarria buru duen PSEren hautagaitza izan da bigarren indarra: botoen %21,42 eta sei eserleku. EH Bildu oso gertu geratu da sozialistengandik, baina hirugarren indarra izan da Miren Larrionen hautagaitza —botoen %20,56 eta sei eserleku—.

Inkesta gehienek iragartzen zuten EAJren eta EH Bilduren artean izango zela lehia, eta batzuek Larrion jotzen zuten garailetzat. Ordea, emaitzak bestelakoak izan dira. EAJk irabazi ditu hauteskundeak, duela lau urte baino 8.100 boto baino gehiago eskuratuta. Eta sozialistek ezustea eman dute. PSE izan da EAJren lehiakide gertuena, eta ez EH Bildu. Sozialistek izugarrizko gorakada izan dute botoetan —11.100 boto irabazi dituzte—, eta, laugarren indarra izan ostean, bigarrena dira orain, bi hautetsi gehiagorekin. Hala, EAJ eta PSE gehiengo osotik eserleku batera bide daude Gasteizko Udalean.

EH Bilduk eta PSEk seina eserleku dituzte, baina koalizio subiranistak boto gutxiago lortu ditu sozialistek baino. 1.100 botoren aldea dago bi alderdien artean. Larrionen hautagaitzak 2015eko zinegotzi kopuru berbera izango du legealdi honetan, eta botoetan apenas izan duen gorakadarik. Apur bat gora egin du, 1.000 boto inguru irabazita.

PP lehenengo postu horien lehiatik at geratu da. Inoizko emaitzarik kaskarrenetakoak bildu ditu eskuineko alderdiak Gasteizen, eta orain lau urte Javier Marotori botoa eman ziotenen %40k ez dute babestu Leticia Comeron —14.000 boto galdu ditu—. PPren gainbehera handia izan da hiriburuan: lehen indarra izan zen duela lau urte, eta laugarrena da orain. PPk botoen %18,43 lortu ditu, eta bost zinegotzi, 2015ean baino lau gutxiago.

Elkarrekin Podemosek gora egin du eserleku kopuruan. Ezkerreko hainbat alderdi batuta aurkeztu dira koalizioaren barruan, eta, horren ondorioz, eserleku bat irabazi du alderdi moreak: hiru izango ditu. Haatik, botoei erreparatuta, Ahal Dugu-k eta Irabazik duela lau urte nork bere aldetik aurkeztuta baino 5.000 boto gutxiago jaso dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.