HIL BERRIA. Juan M. Arza

Garai nahasian Nafarroako lehendakari

joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Atzo hil zen Juan Manuel Arza Muñuzuri, frankismo osteko Nafarroako Gobernuko bigarren presidentea. 1932an sortu zen, Lizarran (Nafarroa). Zuzenbide ikasketak egin zituen, Valladoliden (Espainia). 1973an, frankismoan, familien adarretik Lizarrako hautetsi aukeratu zuten, eta urtebete geroago, alkate. Nafarroako Diputazioko ordezkari ere izan zen Arza.

Diktadura amaituta, 1979an egin ziren lehen foru hauteskundeetan aurkeztu zen, UCDrekin, eta Lizarraldean bozak irabazi zituen. Bost merindadeetan irabazi zuten ordezkariekin osatu zen lehen diputazioa, baina Iruñerriak eta Erriberak bina zituzten: UCDk lau diputatu zituen; ezker abertzaleak, bi; eta PSOEk, bat. Arza presidenteorde izendatu zuten, eta haren gainetik zen Jaime Ignacio del Burgo. Alta, Fasa auziko iskanbilaren ondorioz, UCDko kideek Del Burgoren kargugabetzea bultzatu zuten, eta haren tokia hartu zuen Arzak.

Garai nahasi batean lehendakari izatea egokitu zitzaion, sasoi hartan Nafarroak bere estatutua negoziatu beharra baitzeukan. 1982an jarri zen indarrean Foru Hobekuntza, Espainiako eta Nafarroako gobernuen arten hitzartuta. Ezker abertzaleko kideek salatu zuten elkarrizketa haietatik kanpo geratu zirela. Gainera, Espainiako ordezkarien artean Del Burgo izan zen. Foru Hobekuntza ez zen herritarren artean bozkatu.

Lau urtez izan zen lehendakari Arza. 1983an, hauteskundeak egin ziren, baina, presidentea hautatzeko arazoen ondorioz, beste urtebete iraun zuen karguan. Urralbururi pasatu zion lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.