Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Alderdien egoera

BOTO PAPERAK, HITZAURREAN

Udaletako, foru aldundietako eta Nafarroako Parlamentuko agintaldiak azken hilabeteetan sartuak dira, urtebete falta baita hauteskundeetarako. Oro har, alderdiak udazkenean sartuko dira bozen dinamikan, baina horien bilakaerak eta portaerak arrasto batzuk ematen dituzte bozketan jokoan egongo denaz.
Bozkaleku bat 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeetan, Donostian.
Bozkaleku bat 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2022ko maiatzak 15

Hegoaldeko euskal herritarrek 2019ko maiatzaren 26an eman zuten botoa udal hautetsiak, batzarkideak eta, nafarren kasuan, parlamentariak aukeratzeko. Hiru urte igaro dira; tartean, tokiko politikak zeharkatu dituen izurri bat. Udalak, batzar nagusiak eta Nafarroako Parlamentua datorren urteko maiatzaren 28an berritu beharko dira, eta, urtebete falta bada ere, alderdiak ari dira pixkanaka bozketei begiratzen. Beste hauteskunde ziklo baten abiapuntua izango da; 2023 eta 2024 artean izango dira Espainiako Gorteetarako eta Eusko Legebiltzarrerako bozak.

EAJ, GEROA BAI

«EAJ ez dago oraindik hauteskundeetara begira, kudeaketara begira baizik», diote EAJko iturriek. Baina, aldi berean, jeltzaleek, egutegirik finkatu ez arren, argi dauzkate tempo-ak. Udazkenera arte egongo dira «kudeaketara begira», eta urrian edo azaroan konbentzio bat egingo du. Urritik Gabonetara bitarteko prozesu horretatik irtengo da udal eta foru hauteskundeetan jeltzaleen egitasmoa izango dena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkatetzak eta Nafarroako Parlamentuko presidentetza bere esku izanik, ikusteko dago EAJk instituzio horietan aldaketarik egiteko asmorik duen.

Azken hamarkadan beste hauteskunde batzuetan erakutsitako nagusitasuna islatzen du udal mapak ere; 2019an, EAJk lortu zuen alkate gehien, Nafarroan jeltzaleek parte hartzen duten Geroa Bai koalizioak eskuratutako hirurak aintzat hartuta: 133 udalerritan gobernatzen du. Hegemonia hori desberdina da lurraldearen arabera, ordea: Araban (32) eta batez ere Bizkaian (74), lehen indarra da, eta bi herrialde horietan lortu zituen Hego Euskal Herri osoan dituen bost alkatetik lau. Aldiz, duela hiru urte, EAJk baino alkate gehiago lortu zituen EH Bilduk Gipuzkoan, eta, Nafarroan, aho biko interpretazioa dute haren datuek; udaletan, Geroa Bai urrun dago parlamentuan lortzen dituen emaitzetatik —20.177 udaletan, 59.106 parlamentuan—, baina, tokiko inplantazio apala izanagatik, 2015ean Nafarroako Gobernuko lehendakaritza lortzeko eta 2019an gobernabiderako giltzarri izateko gai izan da. Horiek horrela, EAJren erronka nagusiak izango dira gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daukan botere instituzionalari eustea eta Nafarroan, tokiko erakundeetako presentzia zabaltzearekin batera, Navarra Sumaren alternatiba izango den gehiengo batean eragiteko gaitasuna mantentzea.

EH BILDU

EH Bildu hasia da zerrendak osatzeko lanetan. Indar subiranistak Nafarroan abiatu du hautagaitzak zehazteko prozesua; Nafarroako eta Iruñeko mahai politikoek proposatutako hautagaiak izan dira aurkeztutako bakarrak, eta, bilkideek berretsita, Laura Aznal izango da Nafarroako Gobernuko lehendakarigaia, eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaia. Datozen asteetan jarraituko du prozesuak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagaiekin.

Udal eta foru hauteskundeak plaza egokia dira EH Bildurentzat, datuek erakusten dutenez; zinegotzi kopuruari erreparatuta, lehen indarra da, eta joera goranzkoa da azken hamarkadan: 1.067 lortu zituen duela 11 urte, eta 1.247 duela hiru. Gainera, 2019ko emaitzei erreparatuta, subiranisten botere instituzionala homogeneoagoa da Hego Euskal Herri osoan, bilkideak diren 118 alkateak modu orekatuagoan banatuta baitaude lau herrialdeetan. Gipuzkoan du gehien (44), lurralde horretako alkate guztien erdiak; Bizkaian, lau alkatetik bat da EH Bildukoa, eta bostetik bat Araban. Gainera, Nafarroako udalerri guztien %12,5etan gobernatzen du. Emaitza horiek islatzen dute EH Bilduren botere instituzionala, udaletakoa, ez dagoela lurralde jakin batean pilatuta.

PSN, PSE-EE

PSOE eta PSNrentzat hamarkada gorabeheratsua izan da 2011tik gaur egunera bitartekoa, baina, Pedro Sanchez PSOEren buruzagitzara itzuli zenetik, goranzko joeran daude sozialistak Euskal Herrian. 2015eko hauteskundeekin alderatuta, emaitzak hobetu zituen duela lau urte lau herrialdeetan, eta gaur-gaurkoz hirugarren indarra da alkate eta hautetsi kopuruan Hegoalde osoan.

Nafarroan, PSNk Navarra Sumaren alkatetza batzuk ahalbidetuz hasi zuen legealdia, baina Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra izan ditu gobernukide, eta EH Bildu lehentasunezko bazkide. Nafarroako akordioa, ordea, ezin da bereizi PSOEk Espainiako Kongresuan dauzkan beharretatik, Sanchezen gobernuaren sostenguetako bi baitira EAJ eta EH Bildu. 2023ko maiatzera bitarteko eta hortik aurrerako inkognita nagusia izango da, indar korrelazioaren arabera, PSNk egungo aliantza ereduari eusten dion edo 2012 aurreko PSN-UPN itunera itzuliko den.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, EAJ-PSE akordioak udal eta foru mailako hirugarren azterketa izango du. Jeltzaleek eta sozialistek 2015eko bozetan inauguratu zuten egun indarrean dagoen aliantza: hiru diputazioetan gobernu koalizioak egitea eta udaletan bi indarrek bietatik boto gehien duen hautagaitza babestea. Akordio horren emaitzak agerikoak dira: PSE-EE hiru aldundietako eta hiru hiriburuetako gobernuan da, kasu guztietan EAJren alkate eta ahaldun nagusiak babestuta. Lehen hauteskundeak izango dira Eneko Andueza idazkari nagusi denetik, eta urtebete barrukoak erakutsiko du, batetik, haren zuzendaritzapean PSEk gora edo behera egiten duen, eta, bestetik, EAJrekiko itunari eusten dion edo EH Bildurekin akordio gehiagotan murgiltzen den.

PP, UPN, C'S

Eskuin espainiarzaleak esateko gehiago dauka Nafarroan, baina, oraingoz, ikusteko dago Navarra Suma osatzen duten indarrek formulari eutsiko dioten. Gaur-gaurkoz, UPNk ez du prestatu hauteskundeei begirako egutegirik. Navarra Sumak, 2019an, UPN, PPN eta Ciudadanosen baturak 2015ean lortutakoak baino 13.000 bat boto gehiago lortu zituen, eta, alde horretatik, eraginkorra izan zen. Baina horrek UPNren posizioan ere eragin du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, bozak argigarriak izango dira PPrentzat; 2011n zituen hiru bototik bat galdua zuen 2019an, epe horretan 28 batzarkidetik 11ra igaro zen, eta, datorren urtean, ikusteko dago Voxen presentziak nola eragiten dion.

ELKARREKIN PODEMOS, EZKERRA

Ahal Dugu-k ere udazkenerako dauka hauteskundeei ekiten hasteko asmoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ri dagokionez, uda aurretik ekitaldi bat egitekoak dira, proposamen politikoaz gogoeta egiteko, eta irailean ekingo diote hautagaitzak prestatzeari, ohiko prozedurarekin: hautagaitzen aurkezpena, primarioak... Alderdiko iturren esanetan, udal eta foru bozen prozesuek segida izango dute Espainiako Gorteetarako eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin.

Alderdi —eta, Ezker Anitzarekin, koalizio— gaztea izanik, portaera oso aldakorra erakutsi du hauteskunde esparruaren eta deialdiaren arabera. 2015ean, alderdia sortu berritan eta aldeko joera betean, 207.000 boto lortu zituen Hegoaldean, batzar nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako botoak batuta. Aldiz, lau urte geroago eta 70.000 boto galduta, tokiko ordezkaritzan jauzia egin zuen, alderdiak udalerrietako egiturak sortu eta egonkortu ondoren. 2023koa errebalida izan daiteke Ahal Dugu-ren etorkizun politikoa, haren presentzia instituzionala eta jokatzeko duen rola zehazteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Larrion, artxiboko irudi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gasteizko Epaitegiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Miren Larrioni

Iosu Alberdi

Ikusteko dago zigorra exekutatuko ote den, espetxealdia lan komunitarioekin ordezkatzea adostu baitzuten aldeek apirilean
Juan Carlos lglesias Chouzas, Auzitegi Nazionalean, martxoan. ©Emilio Naranjo / EFE

Fiskaltzak ez du Juan Carlos Iglesias Chouzasen absoluzioaren aurka egingo

Iosu Alberdi

Atristainen kasuak ezarritako jurisprudentzian oinarrituta absolbitu zuen Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak ondorioztatu du ez dagoela akusazioari eusteko nahikoa froga.

Herritar bat bozkatzen, iragan apirilean, Frantziako presidentetzarako bozetan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Diputatu izateko lehian 32 hautagai izanen dira Ipar Euskal Herrian

Oihana Teyseyre Koskarat

Lasserre eta Bru berriz aurkeztuko dira. EH Bai hiru hautesbarrutietan izanen da

Mertxe Aizpurua, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. ©J.J. Guillen / EFE

EH Bilduk Ikus-entzunezkoen Lege proiektuaren kutsu «ekonomizista» kritikatu du

Iosu Alberdi

Hamar zuzenketa aurkeztu ditu koalizioak, eta ostegunera bitarte lortu ditzaketen adostasunen arabera bozkatuko du osoko bilkuran.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...