Bizitzaren garestitzea. Energia

Azken baliabideko tarifa kontratatzeko gomendatu die OCUk kontsumitzaileei

Energia prezioen igoerari aurre egiteko, merkatu libretik arautura jotzeko gomendatu du OCUk. Aldaketa eginda, %48 aurreztu dezakete

Gas galdara komunitario bat 37 graduan jarrita, Londresko etxebizitza batean. TOLGA AKMEN / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Gasaren fakturak familia askoren amesgaizto bihurtu dira energia krisiak eztanda egin zuenetik. Herritar andana garestitzeari aurre egiteko neurrien bila dabil geroztik, eta askok urteetan irakurri gabeko kontratuak atera dituzte mahai gainera.

Azken baliabideko tarifara (TUR, gaztelerazko laburduran) jotzeko gomendatu die OCU Erabiltzaileen eta Kontsumitzaileen Elkarteak gas naturala duten kontsumitzaileei. Tarifa hori merkatu arautuko merkaturatzaileek eskaintzen dute: besteak beste, Naturgy, Endesa, Iberdrola eta Baser enpresek.

Espainiako Gobernuak finkatzen ditu tarifaren baldintzak eta prezioa. Hiru hilabetean behin eguneratzen ditu: urtarrilean, apirilean, uztailean eta urrian. Kontsumitzaileek ordaintzen duten kopuruaren zati bat finkoa da, eta bestea gas naturalaren prezioaren arabera aldatzen da. Hortaz, tarifa urtean lau aldiz garestitu edo merkatu daiteke.

Azken urtean gasak nazioarteko merkatuan izan duen igoera ikusita, joan den uztailean gobernuak erabaki zuen azken fakturari gehienez %15eko igoera aplika dakiokeela. Merkatu librean, berriz, ez dute mugarik ezarri.

Kepa Loizaga OCUko ordezkariak BERRIAri azaldu dionez, merkaturatzaileek «interes gutxi» dute beren bezeroak tarifa batetik bestera aldatzeko; izan ere, handiagoa da merkatu librean lortzen duten etekina. OCUk egindako kalkuluen arabera, hiruhileko honetako prezioekin urtean batez beste 723 euroko faktura ordainduko lukete azken baliabideko tarifa duten etxebizitzek; gas kontsumo beragatik, urteko faktura 1.500 eurokoa litzateke merkatu librean.

Orain arte, tarifa arautua kontratatzeko baldintzetako bat izan da urteko gasaren kontsumoa 50.000 kilowatt-ordutik beherakoa izatea. Urte luzez, gas galdara zentralak dituzten etxebizitzek ez dute merkatu librera jo beste aukerarik izan, eraikin bateko etxebizitza guztien urteko gas kontsumoaren baturak gainditu egiten baitu gobernuak jarritako langa.

Hala ere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak herenegun jakinarazi zuen azken baliabideko beste tarifa bat sortuko dutela gas galdara komunitarioa duten herritarrentzat. Horri esker, etxebizitza horien berogailuen fakturak erdia baino gehiago apaltzea espero da.

Nola aldatu daiteke?

Azken baliabideko tarifara aldatzeko, kontsumitzaileak kontratatua duen merkaturatzailera jo behar du. Behin eskaera eginda, merkaturatzaileak hiru asteko epea izango du aldaketa gauzatzeko. Hala ere, eskaera egin aurretik orduan indarrean dagoen merkatu libreko kontratua kontuan hartzeko gomendatu dio Loizagak kontsumitzaileari, Izan ere, baliteke aldaketa egiteko kontratu hori amaitu arte itxaron behar izatea.

Azken baliabideko tarifaren harpidetza ez da behin betikoa. Beraz, nahi badu, kontsumitzaileak aukera izango du hiruhileko baten ostean merkatu librera itzultzeko, hala komeni bazaio.

Ikusi gehiago:Inflazioak behera egin du irailean, baina elikagaiak gehiago garestitu dira

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.