Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

PSEk eskola digitala abian jarri nahi du, eragile guztiekin akordioa lortuta

Pastorrek iragarri du Euskal Eskola Publikoaren lege berria onartu nahi dutela. Hezkuntza sistemaren «eraldaketa» gidatu nahi dute sozialistek

PSEk atzo goizean BIlbon egindako hauteskunde ekitaldia. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Osasun krisiak baldintzatuta hasiko da irailean ikasturtea eskoletan, eta PSE-EEk egoera berria baliatu nahi du hezkuntza sisteman aldaketak egiteko. Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko hautagaiak proposatu du eskola digitalerako plan bat abian jartzea, eta hori izatea Eskola Publikoaren Lege berri baterako oinarria. Eskola digitalerako planak helburu nagusi bat izango du: etxe guztietan Internet konexioa bermatzea. Eta hura martxan jartzea hezkuntza alorreko eragile guztien ardura izatea nahi du PSE-EEk, besteak beste, Udalena, Espainiako Gobernuarena, irakasleena eta argitaletxeena. Eragile guztien arteko elkarlanaren bitartez edukiak plataforma digitaletara «egokituko» dira, eta laguntza emango zaie etxetik ikasteko zailtasun gehiago dituzten ikasleei, «inor atzean gera ez dadin», Pastorrek dioenez.

Bilbon izan da Pastor hezkuntza alorreko proposamenak aurkezten, eta han azaldu du sozialistek «berrikuntza, teknologia eta ingelesa» jarri nahi dituztela seme-alaben irakaskuntzaren erdigunean. Gainera, lehentasunen artean jarri du Euskal Eskola Publikoaren Lege berri bat onartzea. Hezkuntzarako itun integral baten barnean landu nahi dute lege berria sozialistek. Pastorrek azaldu duenez, «irakasteko moduetan berritzailea den legea» nahi dute, eta bere helburu nagusia izango da eskola publikoa indartzea, «berdintasuna» bermatzea eta irakasleei «egonkortasuna» ematea.

PSEren lorpenak

Pastorrek gogora ekarri du sozialistei esker onartu zela Euskal Eskola Publikoaren lehen legea, eta Jose Ramon Rekalde eta Fernando Buesa buruzagi sozialisten lorpena izan zela ikastolek sare publikoaren aldeko hautua egitea. Halaber, azpimarratu du PSE-EEren garaipena izan zela ikasgelak «modernizatzea», ingelesa ikasgeletan sartzea eta lan eskaintza publikoak egitea irakasleek lanpostu finkoak izan zitzaten. «Euskadin hezkuntzan aurrerapausoak eman dira sozialistok gazteen formakuntzaz arduratu garenean. Ikasgeletatik liskarrak atera ditugu, eta gure seme-alaben trebakuntzariirtenbide adostuak eman dizkiogu». Pastorrek gaineratu du PSEk gidatu duela hezkuntza sistemaren «eraldaketa», eta gauza bera egin nahi dutela aurrerantzean, irakasleekin elkarlana eta akordioak lortu nahian.

Pastorrek ohartarazi du igandeko hauteskundeetan kalitatezko hezkuntza publikoa ere jokoan dagoela: «Egoera honetatik adabakirik jarri gabe eta anbizioarekin irten behar dugu, eta premiazkoak diren erreformei heldu behar diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.