Garcia Adanerori eta Sayasi UPNko militantzia etengo diete bi urte eta erdiz

Berme batzordeak larritzat jo du zuzendaritzaren aginduak ez betetzea eta ez jakinaraztea. Sayasek salatu du Esparzak UPN zatitu nahi duela

Sayas, otsailaren 7an, UPNren egoitzaren aurrean; erabakia kritikatu du. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Behin betiko erabakia da. UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak duela hiru aste egindako proposamena berretsi zuen atzo. UPNren estatutuen arabera, ondorioztatu zuen Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuek arau hauste larria egin zutela lan erreformaren bozketan. Horregatik ebatzi zuen bi urte eta erdiz militantzia etetea biei, eta, epe berean, ezingo dute alderdiaren izenean kargu publikorik izan.

Otsailaren 10ean ebazpen bera proposatu zuen batzordeak, eta, behin diputatuen alegazioak entzunda, ondorio hori bera berretsi zuen atzo. Orain, diputatuek hamar eguneko epea izango dute helegitea aurkezteko Kontseilu Politikoaren aurrean.

Adanerok atzo baieztatu zuen ez duela helegiterik aurkeztuko. «Nola egingo dugu hori, baldin eta kontseilu politikoaren %80k [otsailaren 5ean] gu kanporatzeko eskatu zuenean, nahiz eta estatutuen arabera ezinezkoa izan hori egitea?». Aurreratu du ez duela diputatu akta itzultzeko asmorik. «Azkenean argi dago kanporatu nahi gaituztela enbarazu egiten dugulako. Kendu eta bota beharreko arazo bat gara».

Atzo, Sayasek salatu zuen berme batzordeak ez dituela aintzat hartu bere azalpenak. Haren ustez, haien aurkako barne prozedura hasi zen unetik erabakia hartuta zegoen, eta de facto alderditik «kanporatu» nahi izan dituzte. Esparza egin du egoeraren erantzule: «Erabaki du UPN zatitzea, eta gauzak bere modura egiten jarraitzea, eztabaidarik eta kritikarik egin gabe, alegia». Sayasen hitzetan, UPNko estatutuen aurkako erabaki bat argudio teknikoekin «jantzi» nahi izan du berme batzordeak , «kontrapisu eta ahots alternatiborik gabeko lidergo baten mesedetan». Uste du horrekin Esparzak UPN ahuldu egiten duela.

Batzordearen argudioak

Berme eta Diziplina batzordeak «frogatutzat» jo du UPNren zuzendaritza exekutiboak alderdiko goi karguen eskuetan utzi zuela lan erreformaren bozketari begirako negoziazioen ardura —zehazki, Jose Javier Esparza presidenteari, Yolanda Ibañez idazkari nagusiari eta Enrique Maia presidenteordeari—. Hori urtarrilaren 31ko bilera batean zehaztu zen, eta, batzordearen arabera, «ezein kide ez zen aurka azaldu». Bilera hartan izan ziren Adanero eta Sayas ere. Berme batzordeak ondorioztatu du botoa finkatzeko prozesua alderdiaren estatutuen araberakoa izan zela, eta haren exijentziak bete zituela. Negoziazio hartan Esparzak eta bere taldeak akordio bat erdietsi zuten Madrilgo gobernuarekin, bost puntukoa, eta horren truke lan erreformaren alde bozkatzeko agindu zien bi diputatuei, bozketaren bezperan, otsailaren 2ko arratsaldean.

Berme batzordearen arabera, ondorengo 24 orduetan bi diputatuek ez zioten inoiz jakinarazi lan erreformaren aurka bozkatuko zutela eta jarrera hori zuzendaritzaren irizpideen aurkakoa zela. «Uste dugu bi diputatuek alde bozkatzeko aginduari men ez egiteko borondatea zutela, eta erabaki zutela bezperako agindua ez betetzea eta erabaki horren berri ez ematea zuzendaritzari».

Horregatik, batzordeak ulertu du arau haustea «larria» izan dela, ez arina, «botoaren zentzua ezkutatu nahi izan ziotelako zuzendaritzari». Estatutuen 107.1 artikuluak aipatzen du zuzendaritzaren irizpideei men ez egitea arau hauste arina dela, baina, berme batzordearen arabera, hori ezkutatzeko borondateak larri bihurtu du, «alderdiaren irudiari kalte egin zaiolako». Ebazpenak bete-betean eragingo die bi diputatuei, ezingo baitira aurkeztu UPNren zerrendatan ez foru hauteskundeetan ez eta Espainiako Gorteetarako bozetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.