SOSLAIA. Matteo Zuppi

Bake bidetik heldu da Vatikanora

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urriak 6
Hanka bat Elizan eta bestea gatazka politikoen konponbide prozesuetan. Hala ibili izan da Matteo Zuppi (Erroma, 1955) Bolognako artzapeza eta San Egidio komunitateko kidea urte luzetan. Mozambiken, Irlandan eta Euskal Herrian aritu da, besteak beste, bitartekari lanetan. Are, ETAren armagabetzea ziurtatzeaz arduratutako «notarioetako» bat ere izan zen Zuppi 2017an. Halako kontuetan inplikatzeagatik, behin baino gehiagotan hartu izan diote kargu Elizako beste zenbait ordezkarik, baina, orain, 63 urterekin, Eliza katolikoko kardinal izendatu du Frantzisko aita santuak.

Zuppi hainbatetan izana da Euskal Herrian, euskal gatazkari irtenbidea emateko eta bake prozesu bat sustatzeko lanetan engaiatuta ibili baita. Publikoan agertu gabe egin zituen lan horiek, harik eta 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetzea ofizial egiteko ekitandian parte hartu zuen arte. ETAren armagabetzea baieztatzeko notario gisa jardun zuen, Harold Good apez irlandarrarekin batera. Zuppiren izendatzearen berri izan duenean, zorion mezua bidali dio Foro Sozialak sare sozialetan.

Bai Goodek eta bai Zuppik aspalditik izan dute Euskal Herriko gatazkaren zuzeneko berri. Ezker abertzaleak duela urte askotatik izan du harremana haiekin. Kasurako, 2011ko urriko Aieteko konferentzia aurretik bazuen Goodekin eta Zuppirekin kontakturik eta elkarlanik, eta Aieteren ondoren ere hartu-emanetan izan ziren. Zuppi Vatikanoaren ordezkari nagusietakoa izan da gatazka armatuaren konponbiderako aferetan.



Jose Ignacio Munilla Donostiako artzapezpikua Zuppiren kontra mintzatu zen hark ETAren armagabetze prozesuan parte hartu zuenean. Munillaren esanetan, bere kabuz jardun zuen Zuppik, eta inolaz ere ez Eliza katolikoaren ordezkari gisa. Orain, Zuppiren izendapenak adierazten du artzapez italiarrak Fantzisko aita santuaren babesa duela.

Gatazken konponbideen alde eta bake prozesuetan lanean aritu zen Roger Etxegarai kardinal ezpeletarra ere; besteren artean, Euskal Herrian. Joan den irailaren 4an zendu zen Etxegarai, 96 urte zituela, Kanbon (Lapurdi). Etxegaraik hartu-emanak izan zituen PSErekin eta ezker abertzalearekin, euskal gatazkaren konponbideaz. Argitzeko dago Zuppik Etxegaraik utzitako lekua hartuko duen ala ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna