Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Berriro matraka bera

2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Eneko Andueza, PSE-EEko burua: «Ezin dugu espero lanpostuak betetzeko mediku guztiek 4. hizkuntza eskakizuna izatea». Zertara dator euskararen kontrako eraso hau? Ez da egia medikuei laugarren eskakizuna exijitzen zaiela. Gaixoen tokiko hizkuntza ofizialean lan egitea eskatzea gutxieneko baldintza da hango herritarren eskubideak bermatuko badira, baina medikuei ez zaie modu orokorrean 4. hizkuntza eskakizuna exijitzen.

Anduezaren arabera, gainera, ezin da «hamarreko osasun sistema bat izan, hori galarazten duten exijentziak jarrita». Noski. Hamarreko osasun sistema izateko hamarreko baliabideak eta baldintzak jarri behar dira. Hau da: dirua. Mediku horiek gustura lan egin dezatela, eduki dezatela denbora gaixo bakoitza behar bezala zaintzeko, eduki ditzatela lan txanda duinak, eduki ditzatela soldata onak, baliabideak...

Pandemia garaia baliatuta, Osakidetza hezurretan uzteko estrategiari jarraitu dio Jaurlaritzak. Eta horretan jarraitzen du, osasun pribatuari ateak parez pare irekiz. Jaurlaritza horretako kide da PSE-EE. Azala behar du osasun publikoaren defentsan indarra egin beharrean errua euskarari botatzeko.

Ez ekarri mediku euskalduna edo mediku ona matraka hona. Ez du balio. Medikuak falta dira, eta zerbaitegatikez dute hemen lan egin nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.