21. Korrika. Helduen euskalduntzea

'Klika' euskaltegian: titulutik erabilerara

Euskararen erabilera hauspotu beharrak indar handia hartu du. Herritarren erdiak erdaldun elebakarrak dira oraindik, hala ere. 'Erabileraren aroan' zein da euskaltegien rola? Bada zer aldatua.
Euskaltegietan 40.000 ikasle baino gehiago ari dira euskara ikasten.
Euskaltegietan 40.000 ikasle baino gehiago ari dira euskara ikasten. IÑIGO URIZ / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko apirilak 14
Erabilerak zentraltasun handia hartu du euskalgintzan. Euskaraldiarekin, hizkuntza ohiturei erreparatu zaie, euskaldunek erdaraz aritzeko duten inertziari. Oraindik, ordea, erdaldun elebakarrak dira euskal herritarren erdiak baino gehiago, eta beste seitik batek euskara ulertu bakarrik egiten du, ez hitz egin. Hala dio inkesta soziolinguistikoak. Lau herritarretik bat pasatxo da euskaraz jarduteko gai. Erabileraren aroan, beraz, oraindik badago zer egina herritarrak euskalduntzen. Hiztunak sortzeko lan horretan, ordea, zailtasunak dituzte euskaltegiek: tituluetara lotuta daude gero eta gehiago, ez erabilerara. «Horri buelta eman behar zaio», ohartarazi du AEK-ko koordinatzaile Mertxe Mugikak. «Egokia da tituludunak izatea, baina erabiltzaileak behar ditu euskarak».



Euskaltegien bitartez 100.000 herritarrek baino gehiagok lortu dute euskalduntzea urteotan, azterketa ugarik diotenez: euskarak irabazitako hiztun berrien herenak dira —gainerakoak, hirutik bi, eskolari zor zaizkio—. Diferentzia dago, ordea, etxean edo handik kanpo ikasi: oro har, euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi dutenek gaitasun eta erabilera mugatuagoa dute. Uztarri berekoak dira bi aldagai horiek: gaitasunak erabiltzeko egokiera ematen du, eta erabilerak, gaitasuna areagotzen.

Bada beste faktore bat ere: erabiltzeko aukera, zenbat euskaldun dauden. Euskaldun dentsitate txikiko eremuetan bizi dira hiztun berri gehienak. «Euskararen ezagutza dutenen kopurua handiagoa da, baina ez dago non erabili». Bilbotik mintzo da Isabel Isazelaia, Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendaria. «Askok izugarrizko ahalegina egiten dute euskalduntzeko, baina euskaltegien ingurutik kanpo ez dute non erabili».

Hamarkada hauetan euskaltegiek ahalegina egin dute ikasleak euskarazko aukeretara gerturatzen. Batetik, euskal kulturara: «Ikasle askok ez dute izan inolako euskal erreferenterik: ez dute euskal kantaririk ezagutzen, ez idazlerik, ez kondairarik, ez BERRIA egunkaria...», azaldu du Isazelaiak. Bestetik, euskaraz aritzeko esparruetara gerturatzen dituzte: mintzalagunetara eta horrelakoetara. Baina, finean oasia da hori. Mugika: «Euskaltegietatik kanpo mundu bat dago, eta ezinezkoa da mundu horretako arlo guztietan euskaraz bizitzea».

Ikasteko motibazioa

Euskara ikasteko prozesuan ere txertatu dute erabilera. Orain hamarkada batzuetako adibide bat ekarri du IKAko ordezkari Joxemi Reguerok: «1980ko eta 90eko hamarkadetan, ikasle tipologiak ahalbidetzen zuelako, eskolak kalera ateratzen genituen maiz, eta inguruko aukerak baliatzen genituen erabilera erreala bultzatzeko». Orain handiagoa da euskarazko ekitaldi eskaintza, eta ikasleak hara bideratzen dituzte. «Ikasle mota aldatu egin da, eta zailagoa dugu duela hamarkada batzuetako bide hori erabiltzea».

Ikasleen tipologia aldatu egin baita. Reguerok azaldu du gehienek motibazio afektiboa zutela lehen. «Gehienek aspaldian lortu zuten euskalduntzea, eta haien seme-alabak euskaldunak dira: ez dute gure beharrik». Motibazio pragmatikoa da orain nagusi, lanerako-eta ikastea. «Gure lana da ikasleek bestelako motibazioa ere garatzea, euskaldunak ere izan nahi izatea». Hain justu, hor ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela uste du Jesus Mari Asurabarrenak, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) udal euskaltegiko zuzendariak: «Ikasleak aktibatu behar ditugu, euskarazko mass media eta kultura ekoizpenak kontsumitzeko ohitura sustatzeko, eta harreman sareetan euskara erabiltzeko eragile bihurtzeko». Haren iritziz, euskaltegiek, euskara ikasteko leku ez eze, erabileran trebatzeko gune izan beharko lukete. Klika egiteko toki.

Hein handian hala dira, Jokin Azkue HABEko zuzendariak dioenez: «Euskaltegia eragile indartsua da, eta izan liteke, euskararen erabilera areagotzeko». Euskaraldia bera jarri du adibide: nolako parte hartzea izan duten euskaltegiek eta haietako ikasleek. Baina Azkuek berretsi du euskaltegiak baino «gehiago» behar dela euskararen erabileran eragiteko. Eskolarekin bezala, beraz: ezinbesteko ekarpena da euskaltegiena, baina hori soilik ez da aski. «Euskaltegian landu eta ikasitakoak kanpoan aurkitu behar du feedbacka», esan du Asurabarrenak.

Ezagutza eta erabilera zabaltzeko lan horretan trabak dituztela ohartarazi du AEK-ko arduradunak. «Aspaldi honetan, euskaltegien zeregina lotuegi dago mailak egiaztatzearekin». Azterketen eta tituluen katean lotuta sumatzen du sektorea. «Ikasleak eta gu gurpil zoro horren barruan gabiltza, gehiegi».

Tituluen garrantzia

Titulitisa maiz aipatu da euskararen arloan: oztopo lasterketa bat ote den euskalduntzea. Egiaztagirien eragina nabarmena dela aitortu dute euskaltegiek. Argi mintzo da Lasarte-Oriako euskaltegiko ordezkaria: «Ikasleek tituluren bat beharko ez balute, euskaltegia itxi beharrean gertatuko ginateke». HABEko zuzendariaren esanetan, oraingo joera orokorrago baten ondorio da hori: tituluei asko begiratzen zaiela gaur egun. «Gizartean pisu handia du curriculum vitae osatua izateak, eta joko horretan sartzen dira euskararen ezagutzaren ziurtagiriak». Atzerriko hizkuntzak bezala, beraz. Ez da hala gertatzen gaztelaniarekin Hegoaldean eta frantsesarekin Iparraldean.

Administrazioa bera da euskara tituluak eskatzen dituen esparru nagusia. Ez dira oraingoxeak hori aldatzeko eskariak: euskara tituluak eskatu partez, oposizioak euskaraz egitea. Aukera hori aipatua du Jaurlaritzak. Hala esan du Azkuek: «Bide berriak jorratu beharko dira euskararen ezagutza erabilerarekin ziurtatzeko». Lan arloko egoerak areagotu egiten du titulitisaren arriskua, euskaltegietako ordezkarien ustez: sarbidean eskatu bai, baina gero non erabiltzen duten euskara. Titulua hautsak hartzen ote duen.

Tituluak lortzeko mira horrek eragin handia du euskalduntze prozesuan. Euskara titulu bakarra EGA zen garaia ekarri du gogora Reguerok: «Jendeak azterketa gainditu nahi zuen, eta uste zuen gidabaimena ateratzeko egiten den bezala testak eginez gaindituko zuela». EGA ez da bakarra: Europako egiaztatze sistemari jarraituz, maila bakoitzak du titulua. Zer gertatuko den, beldur da IKAko ordezkaria: «Gaitza maila baxuagoetara zabaltzen bada, B1 eta B2ra, hondamendia izango da erabilera zabaltzeko». Kate bat sortzen da, Asurabarrenak dioenez: «Ikasleek, gehienetan, agiriaren premia berehalakoa izaten dute, eta lehenetsi egiten dute azterketa ereduak lantzea. Benetan zail egiten da ikaslea beste ezertan zentratzea».

Doakotasun eredua

Azterketen pisua areagotu egin da, gainera. Tituluak lortzeko bakarrik ez, Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko ere gainditu behar dira. Presioa areagotu du horrek, euskaltegiek azaldu dutenez. Mugika: «Ikasle askok ez dute egiaztagiriaren beharrik, baina beka lortzeko egiaztatu egin behar dute. Bitartekoa helburu bihurtu da». Reguerok ohartarazi du arlo publikora jo nahi ez dutenak ere azterketetara bultzatzen dituela sistema horrek: «Ikasle askok diru laguntzak kobratu ahal izateko egiten dute azterketa, eta gero ez dute titulua eskatu ere egiten». Isazelaiak erantsi du ikasle asko ez direla gai halako proba bat egiteko, nahiz euskaraz badakiten. «Jakin behar urteetan zenbat jende bazter utzi dugun, zuzen samar idazten ez dakielako lotsatuta, edo testu bat irakurri eta ideia nagusiak bereizten ez dakielako».

Laguntzak emateko eredu hori defenditu du HABEko zuzendariak: nabarmendu du «eraginkortasuna» bultzatu nahi dutela. «Emaitza positiboa sustatu behar dugu. Positiboa da euskaltegietan ikasle ugari izatea ikasturte hasieran, baina positiboagoa izango da ikasle horiek ikasprozesua egoki burutzea: maila gaindituz berdintasun baldintzetan». Jaurlaritzak gobernu programan sartua dauka eredu hori hedatzea: datorren urterako, B2ra arteko maila gainditzen dutenei dirua itzuliko diete.

Beste eredu baten alde azaldu dira euskaltegiak. «Eredu mistoak» aipatu ditu Mugikak: «asistentzia eta aprobetxamendua» hartzea kontuan. Isazelaiak erantsi du hasierako mailetan behintzat euskaltegietan bertan egin beharko litzatekeela ebaluazio hori, azterketa orokorturik gabe. Aurrerapausoa litzateke, Reguerok dioenez: «Hori izango litzateke erabilerari urteetan emango litzaiokeen bultzada handiena, azterketa horiek gabe eskola askoz ere komunikatiboagoak eta eraginkorragoak batere presiorik gabe emango genituzkeelako».

Orduak eta lan baldintzak

Tituluak lortu beharrarekin batera, beste joera bat ere hedatzen ari da euskaltegietan: ordu gutxiagoko ikastaroak hartzea. Ikasprozesuak luzatzea dakar horrek. Beste zerbaiten adierazle ere bada, Asurabarrenaren iritzian: «Ikasleen begietara euskaltegiak tituluak lortzeko akademia bihurtu diren seinale garbia da». Albo kalte bat ere badakar orduak gutxitzeak, Reguerok ohartarazi duenez: «Irakasleen lan baldintzak kaskartzea. Lanaldia osatzeko, bi talde beharrean hiru-lau edo gehiago eman behar ditugu, egun osoan hemendik hara... Ez da samurra».

Zailtasun ekonomikoak nabarmenak baitira oraindik helduen euskalduntzean. Korrika bera da horren lekuko: AEK-k ezinbesteko du Korrikaren diru ekarpena. Sektorea «normalizatu» egin behar da, Mugikak eta Isazelaiak nabarmendu dutenez. AEK-ko arduradunak dio «prestigioa» eman behar zaiela euskaltegiei, funtzioak nabarmenduz eta baldintzak duinduz; Gabriel Arestiko zuzendariaren ustez, herrien arteko desorekak gainditu behar dira: «Batekoa edo bestekoa izan, ikasleek doan edo dirutza ordainduta ikasten dute euskaltegian».

Desorekak daude sareen artean ere: udal euskaltegien eta herri ekimenekoen artean. «Saihestu ezineko gaia da, eta lehenbailehen heldu beharrekoa», ohartarazi du Reguerok. HABEko zuzendariak aitortu du «ezberdintasun handiak» daudela, «nabarmenak». Azaldu du urteotan Jaurlaritzak areagotu egin dituela euskaltegi homologatuentzako laguntzak, eta hori «indartzea» dela gobernuaren asmoa. Finantzaketa eskasia are larriagoa da Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, laguntza txikiagoak baitira.

Irakasleetan belaunaldi aldaketa dator. «Gazte premia dugu, baina gure sektorea ez da erakargarria haientzat», dio Reguerok. Prekaritatearen ondorioa. Horra Klika egin beharreko esparru bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna