Konpromisoak, norbere etxetik hasita

93 entitatek parte hartu dute ituna lantzeko prozesuan: hausnartzera eta bere buruari konpromisoak jartzera behartu ditu horrek. Belaunaldien arteko harremanak sendotzea eta gogoetak trukatzea ere ekarri du.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Itunaren ekarpen garrantzitsuena da sortu duen sarea: eragileek ardura hartzea eta barne hausnarketa sustatzea lortu du, eta, horietan oinarrituta, erronka batzuk jarri dizkiote beren buruari». Azken urtean ia ehun entitatek egindako sukalde lan ikusezina nabarmendu du Maialen Olabek, EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak, berdintasunaren aldeko herri itunaz mintzatzean. Iazko apiriletik 93 eragilek parte hartu dute gogoeta prozesu horretan, Emakundek bideratutako metodologia eta materialak baliatuta, eta bidearekin zein emaitzarekin pozik agertu dira. EGK-k berak osatu du probarako proiektua: «Berdintasunaren arloko gazte talde bat elkartu gara Emakunderen Aholku Batzordeko emakumeekin, eta hor belaunaldien arteko elkarrizketa bat sortu da; oso interesgarria izan da, asko ikasi dugu haien esperientziatik, gure erreferente bihurtu dira; eta haiek ere jakin behar dute emakume gazteok zer landu nahi dugun».

Ikusi gehiago: Berdintasuna «azkartzeko» herri ituna aurkeztu du Jaurlaritzak

Espazio horretan izan dute EGK-ko kideek Pekingo hitzarmenaren berri. Harrituta jardun da Olabe: «Egungo berdintasun politikak eta legeak akordio horretan oinarritzen dira, baina ez genuen ezagutzen. Non geratu da informazio hori? Zergatik ez zaio eman balioa? Ohartu gara gauza asko lortu direla, baina oraindik beste asko geratzen direla betetzeko».

Murgibe aholkularitza bulegoko kideentzat, aldiz, aski ezaguna da Pekinen landutako edukia: «Garai berean sortu zen gure enpresa, eta berdintasunaren arloan dihardugu», azaldu du Eztizen Telletxea Lopez trebatzaileak. Hala ere, hitzarmenaren garrantzia berretsi dute prozesuan: «Belaunaldien arteko ikuspegitik landu dugu, hausnarketa saioetan 21 eta 70 urte arteko emakumeak elkartu baikara, eta aztertu dugu nola ezagutu genuen feminismoa, eta Murgiben hasi ginenetik hona zer aldaketa izan diren: aldaketa sozialak ez dizkiogu Pekingo hitzarmenari egozten, baina ukaezina da inpaktu handia izan zuela».

Emakunderekin egindako ikastaro batetik abiatuta batu zen itunera Arabako Sartu elkartea. Lan arloko gizarteratzean aritzen dira bertan, eta prozesu aberasgarria izan da haientzat, Garazi Ibarra teknikariak nabarmendu duenez: «Lantalde bat sortu genuen arlo diferenteetako emakumeekin, materialak landu genituen eta barne gogoeta bat egin genuen. Oso interesgarria izan da. Orain gure helburua da entitatearen barruan berdintasunean aurrera egiten jarraitzea hausnarketa hori baliatuta».

Famek elkartearen xede nagusia, berriz, itunean intersekzionalitatea txertatzea izan da. Izan ere, Kongoko emakumeak biltzen dira bertan, eta hutsune hori nabaritu dute, Marie Lucia Monsheneke kidearen hitzetan: «Oso interesgarria izan da ikustea berdintasuna prozesu bat dela, baina hainbat gauza oraindik egin gabe daudela. Gure ahotsa eraman nahi izan dugu, gizartearen konplexutasuna kontuan hartua izan dadin».

Emaitza, konpromisoetan

Hilabetetako lan horren emaitza izan dira eragileek hartu dituzten konpromisoak. Datozen urteetara begira ezarri dituzte, bakoitzak bere neurrira, Olabek esplikatu duenez: «Posibilistak izatea garrantzitsua izan da, erronkak bete ahal izateko: gurea Emakunderen Aholku Batzordearekin lan egiten segitzea izango da, urtean gutxienez hiru aldiz elkartzea eta indarrak batzea, komunean ditugun puntuak elkarrekin bultzatzeko». Telletxea: «Lidergo feminista sustatu nahi dugu, bizitza pertsonalean zein arlo profesionalean; eta horretarako, formakuntza bultzatzeaz gain, esperientziez eta kezkez hitz egiteko saioak egingo ditugu». Monsheneke: «Emakume migratuen errealitatea kontuan hartzea ezinbestekoa da guretzat: indarkeriek beste modu batean gurutzatzen gaituzte, jasaten ditugun desberdintasunen arabera».

Zerrenda luzeagoa bota du Ibarrak: «Indarkeria matxistaren aurkako barne protokolo bat lantzen ari gara, eta hori osatu nahi dugu; horrez gain, praktika onen erregistro bat eratzea, kontziliazio politiketan aurrera egitea, lankideak berdintasunean trebatzea, espazio more bat sortzea hausnarketak edo salaketak ikusarazteko, bortizkeria jasan duten emakume elkarteekin elkarlanean aritzea ikastaroetara sarbidea izan dezaten...». Azken batean, berdintasunaren aldeko jarduna beren lan eremura hurbiltzeko balioko die itunak: «Eremu guztietan egin behar dugu indarkeria matxistaren kontra, eta hemen ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.