ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Eta bihartik aurrera zer?

2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Oso olinpiarzalea den ezagun batek idatzi dit. Mezuan hauxe dio: «Eta bihartik aurrera zer?». Kirolzale askok hutsune bat sentituko dute bihartik aurrera. Telebista piztu, eta akabo. Ez dago Olinpiar Jokorik. Bi asteko betekada amaitu da.

Horrek hausnarketa batera eramaten nau, kirolen ikusgarritasunaren inguruan. Bihartik aurrera badmintonaz, karateaz, waterpoloaz eta beste dozenaka kirolez hitz egiteari utziko diogu. Anonimotasunera bueltatuko dira. Eta berriro ere futbola izango da menuko plater ia bakarra, egunkarietako orri eta telebistetako eta irratietako minutu ia guztiak hartuko dituena. Eta pena da. Izan ere, zale zein kirol kazetariok gozatua hartu dugu beste kirolak ikusten: gimnastika, atletismoa, judoa...

Leku gehiago eman beharko genieke kirol horiei, eta ez soilik arreta jarri Olinpiar Jokoetan. Atletismoan dago horren adibide argiena. A zer-nolako ikuskizuna egon den olinpiar estadioan. Eta hori ziurrenik urte osoan izaten diren proba eta txapelketetan gertatuko da. Baina ez dugu horretaz gozatzeko aukerarik. Eta egunkarietan labur txiki bat ematen zaie.

Bestalde, kirol horietan sekulako ibilbidea duten kirolariak daude, baina apenas ezagutzen direnak. Horietako askok, kirol mailan ez ezik, pertsona moduan ere istorio oso aberasgarriak dituzte. Ahots horiek are aberasgarriago egingo lukete kirol mundua, eta horren inguruan dauden aurreiritzi asko ahazteko balio beharko lukete. Izan ere, dena ez da futbolarien erantzun aspergarria eta haien inguruan dagoen dirua. Oraingo olinpiar zikloa motzagoa izango da, hiru urtekoa. Egin dezagun hedabideok laburragoa, kirol eta kirolari horiek ahotsa ematen, eta zaleen hutsunea gutxitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.