Kamerak soinean eramaten hasiko dira ertzainak urte amaieran

Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Ertzaintzaren ekintzetan «gardentasun eta berme handiagoa» egon dadin, agenteen uniformeetan kamerak jartzen hasiko dira urte honen azken hiruhilekoan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo esan zuenez. Probak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Irunen (Gipuzkoa), eta, 2024ko uztailerako, patruila guztietara zabaldu nahi dute neurria. Denera 30 kamera jarriko dituzte hasieran: bi kamera txanda bakoitzeko. Bilbon hemezortzi erabiliko dituzte, eta Gasteizen eta Irunen, seina. Bilbon, gehiago dira, San Frantzisko auzoan indarturiko talde batean hasiko baitira.

Erkorekak adierazi duenez, horren bidez agenteek «ziurtatuko dute inork ez diela salaketa faltsurik egingo». Horrez gain, epaitegietan tresna «garrantzitsua» izango dira kameron grabaketak, «gertaerak argitzeko eta pertsonak identifikatzeko». Hori guztia datuak babesteko legea errespetatuta egingo dela gaineratu du. «Ez gara ari grabazio mugagabe eta indiskriminatuez, baizik eta egoera jakin batzuez».

Ez du kasualitatea ematen neurria Bilboko San Frantzisko auzoan probatzen hasteak, besteak beste. Izan ere, auzotarrek salaturiko hainbat ekintzaren protagonista izan da Ertzaintza azken hilabeteotan, eta asko zabaldu dira bizilagunek harturiko irudiak. Jaurlaritzako Barne Sailak isuna jarri zien horietako batean ertzainek eginikoa bideoz grabatu zuten herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.