Albistea entzun

«Tortura aitortzeko garaia da»

Nafarroan mila lagun torturatu dituztela salatu, eta haientzat aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea eskatu dute ehunka lagunek Iruñean. Ikerketa ofizial bat egiteko galdegin diote erakundeei
Torturaren kontrako manifestazioaren burua Espainiako polizien aurretik igarotzen, atzo, Iruñean, Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako protestan.
Torturaren kontrako manifestazioaren burua Espainiako polizien aurretik igarotzen, atzo, Iruñean, Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako protestan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko martxoak 7

Berriz ere tortura hitza pankarta batean. Berriz ere kalera atera beharra. Isiltasuna gainditzeko beste ahalegin bat, eta bi eskari nagusi pankartan alderik alde: Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu. Grabaketa zahar batek mahai gainean paratu du oraindik argitu eta garbitu gabeko auzia. Horregatik, atzo, Iruñean, lagun anitz atera zen kalera torturak salatu eta torturak jasan dituzten pertsonentzako aitortza, ordaina eta berriz ez gertatzeko bermea exijitzera.

«Bada garaia egindakoa aitortzeko». Ainara Gorostiaga eta Iñigo Gonzalez argi mintzatu ziren manifestazio bukaeran, Nafarroako Torturatuen Sarearen izenean. «Tortura jasan dugunok aitortza behar dugu. Instituzioei dagokie gertatutakoa onartzea», esan zuen Gorostiagak. Beste bi eskari gehitu zituzten: torturaren inguruko erantzukizun guziak onartzea eta torturaren biktimek ordaina jaso dezatela. Horrekin batera, tortura gehiagorik ez dela izanen berma dezatela eskatu zieten erakundeei.

Horretarako, Nafarroan «ikerketa ofizial» bat egiteko beharra azpimarratu zuen Gorostiagak, Poliziak zenbat lagun torturatu dituen argitzeko eta «eskubide urraketa larri horrek» herrialdean izan dituen ondorioen «argazki osoa» izateko. «Ahaleginak eta bi egin behar ditugu erakundeek behin betiko aitor dezaten hainbeste sufrimendu eragiten jarraitzen duen errealitate hori», gehitu zuen Gonzalezek.

Tortura ez da salbuespen izan atzoko manifestazioko antolatzaileen arabera. Ahoan bilorik gabe mintzatu ziren bozeramaileak: «Argi eta ozen esan nahi dugu: tortura hamarkada luzeetan [Espainiako] estatuko erakundeek onartu eta legitimatutako praktika izan da. Sistematikoa. Eta zenbait alderdi politikok, epailek, auzitegiko medikuk eta komunikabidek ere parte hartu dute hori babesten». Nafarroako Torturatuen Sarearen arabera mila nafar baino gehiago torturatu dituzte.

Atzo Mikel Zabalza izan zuten gogoan, duela 35 urte Guardia Zibilaren eskuetan hildako nafarra. Bi aste dira Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela baieztatzen duen audio elkarrizketa bat argitaratu zuela Público-k. Bere garaian epaileek froga hori aintzat ez hartzea «ulertezina» dela salatu zuten atzo Iruñean. Zabalzaren senideek manifestazioan parte hartu zuten, eta eskatu auzi hura argitzeko.

«Kriminologiaren Euskal Institutuak edo Euskal Memoria fundazioaren datu basean egindako azterketen arabera, Mikel ez zen bakarra izan, ezta tortura larriak jasan zituen azkena ere», gogorarazi zuen Gonzalezek. Zabalzak bezala torturak jasan zituzten gainerako lagunentzako mezua ere eman zuen Gorostiagak: «Bizi izan zenuten amets gaiztoa ezagutzen dugu, eta badakigu gaur egun zauria itxi gabe dagoela, baina ez zaudete bakarrik. Ez gaude bakarrik».

Kilometro bat lagun

Babes handia izan zuen atzoko manifestazioak. Antolatzaileen arabera 2.300 lagunek parte hartu zuten protestan; 2.000 Espainiako ordezkaritzaren esanetan. Hiru ilaratan banaturik zeharkatu zituzten Zabalguneko karrikak. Geltokitik ateratzekoak baziren ere, metro batzuk harago hasi zen manifestazioa, Baluarte plazan, Espainiako ordezkaritzak ibilbidea aldatzera behartu baitzituen antolatzaileak. Ez zen oztopo bakarra izan: Iruñeko Udalak ez zien Sarasate pasealekuan bozgorailuak eta oholtza paratzeko baimenik eman, haien esanetan baimenak denbora gutxirekin eskatu zituztelako. Hala ere, oholtza eta bozgorailuak muntatu zituzten.

Manifestariek osasun neurriak bete zituzten, eta ibilbidearen zatirik handiena isilik egin zuten. Bukaeran hasi ziren oihuak. «Torturarik ez!», «Mikel, gogoan zaitugu!» eta «Herriak ez du barkatuko». El Corte Ingles saltokiaren inguruan Espainiako poliziak ziren istiluetarako jantzi eta tresnekin, eta orduan poliziari aritu zitzaizkion oihuka: «Alde hemendik, utzi bakean!». Poliziak torturatu eta hiltzen duela ere leporatu zieten manifestarien ahoetatik botatako leloek.

Protestaren burua Nafarroako Gorteen kaletik Baluarte plazara iristen ari zela, azkenengoak Oliveto Kondearen karrikan ziren. Kilometro bateko luzera izan zuen , beraz. Eragile askoren babesa izan zuen: EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu alderdiena, eta ELA eta LAB sindikatuena, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

EH Baik elkarretaratzea egin zuen atzo goizean, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Bizilekuen Tokiko Programa onetsi du Euskal Elkargoak

Ekhi Erremundegi Beloki

Bideokonferentziaz egin dute Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, osasun egoeraren ondorioz. 630 milioi euroko aurrekontua onartu dute hautetsiek, inbertsiorako 160 milioi euro atxikita

Aitor Esteban EAJko diputatua, Espainiako Kongresuan. ©CHEMA MOYA / EFE

Martxorako agindutako eskumenak ez ditu uda aurretik jasoko Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Martxorako agindutako eskumenak ez ditu uda aurretik jasoko Jaurlaritzak. EAJk izurriari eta Madrilgo bozei egotzi die atzerapena

Ander Iriarte eta Paco Etxeberria, dokumentalaren grabazioan, joan den larunbatean. ©JON URBE / FOKU

Grabaketak amaituta, azken lanetan da 'Krask soinua'

Jon O. Urain

Grabaketak amaituta, azken lanetan da 'Krask soinua', 1960-2014 aldiko torturak jasotzen dituen txostenean oinarritutako dokumentala. Tratu txarren adiera «sofistikatua» hartu dute ikergai, horien «bilakaera horrelakoa izan delako».

Puerto I eta II espetxeak, joan den urrian. ©NAGORE ARIN

Herrera de la Manchan ez da jada euskal presorik, eta laster Puerto Ien ere ez da izanen

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Hiru euskal preso hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek: Fernando Elejalde Tapia Puerto Ietik Mansillara mugituko dute, Iñigo Vallejo Franco Dueñasetik Duesora eta Garikoitz Etxeberria Goikoetxea Sevilla IItik Dueñasera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna