Felix Iriarte.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Emaitzak. ANALISIA

Beldurrari aurre egiteko gobernua

2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Dudarik gabe COVID-19ak eragindako pandemiak eragin zuzena izan du hauteskunde hauetan. Jakina, espero genuen hala izatea, baina ez genekien noraino baldintzatuko zuen emaitza. Zenbakiak ikusita, esan dezakegu normaltasunik gabeko hauteskunde hauek aldez aurretik espero genitzakeen joerak berretsi dituztela: jeltzaleen garaipen garbia, ezker abertzaleen gorakada aldi berean, eta Podemosen eta PPren porrota. Hala ere, emaitzetatik haratago, merezi du bizi izan dugun eta oraindik bizi dugun beldur horri erreparatzea. Batetik, datorren gobernuari ezaugarri jakin bat exijituko diolako eta, bestetik, abstentzioaren gorakada izugarria ulertzeko balio duelako.

Gobernu indartsu bat eskatzen du gaur egungo egoerak, beldurrari aurre egiteko balio behar duena. Hori bozkatu dute herritarrek. Botoa kutxan sartu dute pentsatuz balio behar duela gobernu hori eratzeko. Gizakion beldurra beldur zehatz bat da: egoera ekonomikoa eta gaixotasun berri honengatik hiltzeko arriskua ikusten dutela askok eta askok. Orain arte ez dugu horrelakorik ezagutu, eta horrek beldurra areagotzen du, geure burua defentsarik gabe ikusteraino. Eta horri aurre egiteko babestuko gaituen gobernua nahi dugu. Barkatuko dugu demokraziari egindako kaltea, badakigu COVID-19ak arazo guztiak larriagotzen dituela, eta demokrazia bera ez da salbuespena, azken egun hauetan ikusi dugun bezala, baina guztiaren gainetik Urkulluri exijituko diogu bere gobernuaren zeregin garrantzitsuena beldurrari muga jartzea dela.

Abstentzioak, bestalde, beti eragiten die gehiago zalantzak agertzen dituen alderdiei eta desmobilizazio egoeretan oraindik gehiago sufriaratzen die. Hori gertatu zaie, batez ere, Podemosi eta PPri. Baina ez du horrek bakarrik argitzen alderdi horien emaitza. Izan ere, EAJk eta PSEk ere botoak galdu dituzte, baina irabazleen zerrendan agertzen dira. Jeltzaleek, dezenteko boto galera izan arren, eserleku gehiago lortu dute, sozialisten laguntzarekin gehiengo absolutua emateko modukoa. Helburua beteta, beraz.

Bilduk aurrerapen galanta eman du, batez ere botoei dagokienez, baina baita eserlekuei begira ere: 18tik 22ra igo da. Abstentzioak ez dio inolako kalterik egin, eta duela lau urte baino boto gehiago lortu ditu hiru lurraldeetan. Beste guztiek botoetan behera egin dute, baina Maddalen Iriartek lideratu duen koalizioak beste urrats bat egin du. Seguruenik duela lau urte Podemos bozkatu zuten askok orain Bilduri eman diote babesa, baina hori koalizioaren meritua da. Garaipenaren ondoan, hala ere, frustrazioa ere bai. Igoera ez da nahikoa izango ezkerreko gobernua eratzeko. Jeltzaleen eta sozialisten arteko aliantzak 41 legebiltzarkide izango ditu, gehiengo absolutua, beraz. Podemosen porrotaren ondorioz, ezkerreko hiru alderdiek —Bildu, Podemos eta PSE— 38 eserleku lituzkete, ozta-ozta gehiengo absolutua, baina ez da nahikoa izango sozialisten asmoa, hau da, jeltzaleekin batera gobernatzea, aldatzeko.

Iragarrita zegoen arren, Alderdi Popularraren emaitzak muga guztiak hautsi ditu. Ez dira hainbeste urte Jaurlaritza sozialisten esku uzteko ezinbestekoak izan zirela. Gaur sei eserleku lortu ditu Carlos Iturgaitzek. Ciudadanosekin egindako aliantzak ez dio botorik eman eta Casadok inposatu duen estrategiak botoak galtzea ekarri du: batzuk abstentziora eta beste milaka batzuk Voxen mesedean. Casadok partida galdu du. Alfonso Alonso kendu zuen Voxen politika egiteare n alde, eta Galizian politika hori egin ez duen Feijook gehiengo absolutua erdietsi du laugarren aldiz. Badu non begiratu Casadok; beste kontu bat da nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.