Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Bigarren urtea

2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Pandemiaren bigarren urtea jadanik igaro da. Mundu mailan hainbat pertsona kutsatuta, gaixo, sintoma larriekin eta, zoritxarrez, bidean hainbat geratu eta geratzen ari dira.

SARS-CoV-2 birusa arnasbidekoa da, baina bide horretako sintomaz gain gorputzeko organo ezberdinetan ere sintomak eragin ditzakeela ikasi dugu: bihotzekoak, giltzurrunekoak, larruazalekoak, begietakoak, burmuinekoak... Beraz, birus honen aurrean arreta handiz ibili behar gara.

Badirudi bi urte hauetan ezer gutxi ikasi dugula, behin eta berriro akats berdinak egiten ditugulako eta, horrela, uhin epidemiko batetik bestera igerian gabiltza zeruertza aurkitu barik.

Denbora honetan guztian, dudarik gabe txertaketak aldaketa bat eragin du pandemian, printzipalki hildako gutxiago egotea. Baina, hala ere, Espainiar estatuan eguneroko hilkortasuna monitorizatzeko sistemak (MoMo izenekoa) gehiegizko hilkortasunaren zaintza aztertzen du epe konkretu batean, eta horren arabera bi urte hauetan Euskal Autonomi Erkidegoan espero zirenak baino 2.600 hildako gehiago egon dira. Datu honek zer pentsatua ematen du.

Txertoak eraginkorrak eta seguruak dira, baina beraien gain eta beraiek bakarrik ezin dute lan guztia bete: estaldura mailan herrialdeen arteko desberdintasunak, aldaeren aurrean eraginkortasun baxuagoak... ez dira gai transmisioa eteteko. Azken finean, txertoak ez dira bala magikoak birusaren kontra.

Azken egunetan modan jarri den asmakeria da Omikron aldaerak, sintoma arinagoak sorrarazten omen dituenez, immunitate naturala emango duela eta, horrela, agian hobe dela denok kutsatzea. Sintoma arinagoak ematen al ditu beti? Immunitate naturala lortuko al da? Ziur al gaude horretaz guztiaz?

Pandemia honetan ikusi dena da edonork nahi duena esan dezakeela sarritan inolako ebidentzia zientifikorik egon gabe. Eta hori, tamalez, oso arriskutsua da.

Une honetan ez dago ebidentzia zientifiko nahikorik aldaera hau azkenengoa izango denik, kutsatu eta zazpi egun ondoren ez dugun birusik kanporatzen edo kutsatu ondoren lortuko dugun immunitatea iraunkorra izango denik (jakinda beste koronabirusekin lortzen den immunitatea iragankorra dela). Denok kutsatuko bagina, probabilitatez batzuk hilko lirateke; zenbat? Ez dakigu. Birusaren transmisioa handiago litzateke, eta ez da ahaztu behar aldaera berriak kutsaduretatik datozela; eta are gehiago, transmisio altuko guneetan birusak gure defentsetatik ihesbideak garatzea ahalbidetu ahalko luke. Beraz, Omikron banalizatzea edo ezereztea oso arriskutsua izan daiteke.

Prebentzio printzipioa kontuan hartuz, benetako arrisku-egoera baten aurrean, beharrezko zaintza- eta aurreikuspen-neurriak hartu behar dira, gerta daitezkeen ondorio negatiboak saihesteko. Ez gaitezen espresuki joan ondorio negatibo horien bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.