Albistea entzun

Txile. Konstituzioari buruzko erreferenduma

Ezezkoa atera da garaile

Parte hartzea historikoa izan da, eta hamarretik seik bozkatu dute Txileko Biltzar Konstituziogilearen testuaren kontra. Babes handiagoa lortuko duen beste prozesu konstituziogile bat iragarri du Gabriel Boric presidenteak
Ezezkoaren aldeko herritarrak erreferendumeko emaitzak ospatzen, Santiagon.
Ezezkoaren aldeko herritarrak erreferendumeko emaitzak ospatzen, Santiagon. ELVIS GONZALEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2022ko irailak 6

Txilek ez du konstituzio berri bat izango. Ez behintzat Biltzar Konstituziogileak idatzi duena. Plebiszitu historiko batean, txiletarrek atzera bota dute herrialdea errotik alda zezakeen proposamena. Hamahiru milioi herritarrek bozkatu zuten igandeko plebiszituan, eta hamarretik seik kontra bozkatu zuten: %61,86 (7.882.958 boto). Azken egunetan kaleko mobilizazioetan nagusi izan badira ere, bozkalekuetan askoz ere gutxiago izan dira konstituzio berriaren aldekoak, eta ez dira hamarretik lau izatera iritsi: %38,14 (4.860.093 boto).

«Txileko herriak hitz egin du, eta ozen eta argi egin du», esan zuen Gabriel Boric presidenteak telebista publikoan emaitzak ezagutu ondoren. Txilen bozketa batean inoiz izan den parte hartzerik handiena izan du plebiszituak, eta erabatekoa izan da emaitza: Txile hamasei eskualdetan banatzen da, eta guztietan gailendu dira konstituzio berriaren kontrakoak. Atzerriko botoetan soilik irabazi du proposamenak (%60,92). Santiago hiriburua hartzen duen eskualdean %55,26k bozkatu zuten kontra, eta %44,74k alde. Valparaiso eskualdean ere, aldekoen garaipena handiagoa izango zela espero bazen ere, %57k bozkatu zuten kontra. Hegoaldeko eskualdeetan, Nublen, Araucanian eta Maulen, %70etik gora izan ziren konstituzio berriaren kontrakoak. Santiagoko auzo aberatsenetan kalera atera ziren garaipena ospatzera, bandera eskuan eta autoetako irratian ereserkia jarriz.

«Gaur [atzo] inork ez du irabazi eta inork ez du galdu. Txiletarrek berriro elkartu beharko dugu», adierazi zuen Claudio Salinasek, kontrakoen kanpaina buruak. «Lasaitasunera deitzen dugu. Egindako lanaz harro gaude. 1980ko konstituzioak ez gaitu batzen eta ez gaitu ordezkatzen», esan zuen Karol Cariolak, aldekoen kanpainako buruak.

Boricen arabera, plebiszituko emaitzak adostasun zabalago bat lortuko duen beste proposamen baten alde lanean hastera behartzen ditu erakundeak, eta iragarri du horretara jarriko dela gobernua, «gizartearekin eta Kongresuarekin», beste prozesu konstituziogile bat adosteko eta azkartzeko, «konfiantza emango duena».

Porrota handia da prozesu konstituziogilean herrialdearen egoera aldatzea espero zutenentzat. Inkestek iragartzen zuten ezezkoaren garaipena, eta bozkalekuetan izan den aldeak erakutsi du manipulatuta zeudelako susmoak ez zirela egiazkoak, eta iragarri baino handiagoa izan da aldea. Hiru milioi botok argi erakusten dute herritarrek bizkarra eman diotela estatu parekidea, plurinazionala, soziala eta ekologikoa ezartzeko sortu zen konstituzioari. Ia 400 artikulu zituen testuak, eta, besteak beste, abortatzeko eskubidea jasotzen zuen, Senatua kendu eta lurraldeak ordezkatuko zituen beste ganbera bat ezartzen zuen, eta jatorrizko herriak eta euren eskubideak aitortzen zituen. «Txilek prozesu demokratiko batean hitz egin du. Inoiz ez da erraza izan aldaketa handiak egitea, eta gutxiago jatorrizko herrientzat. 500 urte erresistitu ditugu, eta horrela jarraituko dugu», adierazi zuen Twitterren Rosa Catrileo konstituziogile maputxeak.

Ikusteko dago orain ezezko horrek dakartzan ondorioak. Baita gobernuarentzat ere: udaberrian aukeratu zuten, eta argi eta garbi agertu da herritarrek atzera bota duten konstituzioaren alde. Teresa Marinovic eskuineko konstituziogileak esan du «Boricen proiektu politikoaren, gobernuaren eta kudeaketaren porrota» direla emaitzak. Presidenteak iragarri du gobernuan aldaketa batzuk egingo dituela «datozen eginbeharrei aurre egiteko». «Demokraziak ozen hitz egin du, eta argi utzi du testu horrek ez duela nahikoa babes. Hor lan egin dugunok egin behar dugu autokritika zorrotzen. Espero dut prozesuak jarraitzea, eta gehiengoaren nahiak eta beharrak aintzat hartzea», idatzi zuen Twitterren Tammy Pustilnick konstituziogileak.

Hurrengo urratsak

Galdeketaren kanpainan eskuinak argudiatu du konstituzio hori atzera bota behar zela, beste prozesu bat abiatzeko. Orain ikusiko da horretarako asmoa duten, edo 1980ko konstituzioarekin jarraitu nahi duten. 2019ko urriko matxinada baretzeko abiatu zuen Sebastian Piñera presidenteak prozesua, eta atzokoa hirugarren bozketa izan zen. Lehenik, 2020an, konstituzioa aldatu nahi zuten eta, hala izatekotan, konstituziogileak nola aukeratu nahi zituzten galdetu zieten txiletarrei; ia %51ko parte hartzearekin, %78k bozkatu zuten konstituzio berri baten alde, eta %79k zuzenean aukeratutako konstituziogile batzuek idaztea nahi zutela.

2021ean Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeak egin zituzten, eta independenteek eta ezkerrak irabazi zuten horietan. Eskuina ez zen iritsi ordezkarien heren bat izatera ere, eta modu horretan Biltzar Konstituziogilean artikuluak atzera botatzeko gaitasuna galdu zuen —artikuluak onartzeko ordezkarien bi heren behar ziren—. Txiletarrek orain atzera bota dute konstituziogile horiek idatzitako testua, baina ikusteko dago politikariek nola kudeatzen duten emaitza, atzoko galderak ez baitu baliogabetzen lehen plebiszitua.

«Onartzen duzu Biltzar Konstituziogileak proposatu duen Konstituzio Berriaren testua?», zioen galderak, eta testu horixe bota dute atzera. Txiletarrek, oraingoz, Augusto Pinochet diktadoreak 1980an idatzi zuen konstituzioarekin jarraituko dute, baina 2020ko plebiszituaren emaitza hor dago. 2019an aldaketaren alde irten ziren kalera txiletarrak, eta urtebete geroago bozkalekuetan berretsi zuten nahi hori. Bi urte egin du atzera prozesuak, ez 42. «1980ko konstituzioa hilda dago, eta hori aldatzea herriaren mandatua da. Prozesu konstituziogileak aurrera jarraitzen du, Txileko herrientzat etorkizun bat eratzeko», adierazi zuen Manuela Royo konstituziogileak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaurko agerraldian, Espainiako Kongresuan ©J.C. Hidalgo / EFE

Grande-Marlaskak berriz esan du Espainian ez zela inor hil Melillako hesia igarotzeko ahaleginean

Ander Perez Zala

Espainiako Barne ministroak Guardia Zibila defendatu du, argudiatuta segurtasun indarren erantzuna «proportzionala» izan zela. Ikerketa batzuen arabera, gutxienez lagun bat hil zen Espainian sartzean.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea
Jiang Zemin, 2007ko argazki batean. / ©MICHAEL REYNOLDS, EFE

Jiang Zemin hil da, 1993tik 2003ra Txinako presidente izandakoa

Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano

Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargua, eta Alderdi Komunistan merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.