Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Joka dezakeguna baino gehiago

2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Antzinako Eskola, Atopia eta Adur etorri zirenean erdi txantxetan erdi serio esaten hasi ginen martxa horretan laster joka genezakeena baino material gehiago izango genuela euskarazko rol jokoetan.

Garaien azelerazio orokorrari beti obediente, urte gutxiren buruan bidegurutze zehatz horretara iritsi garela dirudi. Rolariak Interneteko komunitatean (rolariak.eus) egin dugun inventarium ez guztiz zehatzaren arabera, hamahiru rol joko existitzen dira egun euskaraz: jada aipatutako hirurak, Koroaren Kondairak, Tempora Arcana, Berorren esanetara, Argiak Kamera Ekin!, Xagutxoak Hormetan, Blackhill Valley-ko sekretua, Harriaren Semeak, GudaMailu, Makina Maixu RPG eta argitaratu berri den Pastorola. Sherlock Holmes Karlista, Altxorra eta Loria eta Centauri berria ere bidean omen daude, gainera.

Argitalpen kantitateari dagokionez, oraindik kopuru maneiagarriak dira. Guztiz posible da dena hartu eta hasieratik amaierara irakurtzea, eta esperientzia literario aberatsa litzateke bere horretan. Kontua da rol jokoak ez direla irakurtzeko testuak, habitatzekoak baino. Zerrendako jokorik laburrenak ere (Harriaren Semeak orrialde bakarreko jokoa da) dozenaka saiotarako aukera ematen du lagunartean. Idatzitakoa istorioaren ataria baino ez da: hamaika mundutara beste horrenbeste ate ditugu zabalik.

Gauzak horrela, eta urte gutxiren bueltan, euskal rolgintza bere lehenengo urrezko aroan sartu dela esan dezakegu. Jokatu dezakeguna baino rol joko gehiago ditugu euskaraz ofizialki, eta ez dirudi sorkuntzaren erritmoa geldotzera doanik. Gehiago jokatzea, beste aukerarik ez zaigu gelditzen. Zorionak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.