Vicent Partal.
Enbaxada bila

Bizi izateko eguna

2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Datorren asteazkenean eratuko da Via Catalana, eta bizi izateko moduko eguna izango da. 400.000 pertsonak baino gehiagok emana dute izena, eta badakite errepideko zein tartetan kokatu behar duten. Horiek izena eman dutenak dira, baina ondotxo dakigu izena eman ez duten asko eta asko ere samaldaka agertuko direla; katea, bada, ez da hari sigi-sagatsu bat izango, baizik eta berebiziko manifestazio bat, luze-luzea.

Ideia planteatu zutenean, eszeptiko samarra izan nintzen. Kazetari gisa bizitzea egokitu zitzaidan Bide Baltikoa, eta zail samarra zirudien hura gertaberritzea. 1991n ez zegoen Twiterrik, eta ez zen hain erraza argazkiak egitea ere; are gutxiago, SESBen. Beraz, tarteren batean hutsunerik izanez gero —eta ez zen izan—, ez zegoen arazorik. Hemen, hala ere, arriskua genuen esku bat gutxiago izateak ez ote zuen ekarriko beste azal bat gehiago Madrilen.

Hala ere, Biltzar Nazional Katalaneko jendearen nekaezintasunari eta haien antolakuntzarako gaitasunari esker, lortu egin dute. Ikusgarria izan da nola antolatu eta kokatu den herrialdea errepideetan barrena haiek eratu baliabideen bidez.

Ez dut zalantza izpirik. Historian arrastoa utziko duen egun bat izango da, berriro, irailaren 11. Arazoa irailaren 12a izango da. Argi eta garbi, herritarren atzetik doaz alderdi politikoak, eta 12an beste urrats bat egin beharko lukete, eta 2014rako zehaztu kontsulta deialdia. Baina Mas presidenteak tokiz kanpo utzi du mundu guztia, proposatu baitu ez baldin badigute uzten kontsultarik egiten —eta ez digute utziko— hauteskunde batzuetarantz jo beharko genukeela 2016an. Ez zait iruditzen halakorik onartzeko moduan dagoenik gure herrialdea, eta, beraz, handiak dira argitu beharreko zalantzak. Alde horretatik, herritarren erantzunaren neurgailua ere izango da katea.

Bide batez, eskerrik asko etortzekoak zareten lagun euskaldun guztioi: «Benvinguts i moltes gràcies».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.