inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Klimax taurinoa

2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Egin dituzte zezenketak berriro Donostian. Birkonkistatu dute hiria zezenzaleek, eta pozez zoratzen daude hedabide eta sektorerik espainiarzaleenak. Donostia euren egin dute.

Izan ere, zezen plazak husten ari diren garaian halako bultzada sinboliko bat behar zuten negozioa ez hondoratzeko, EH Bilduri eta erredikalei deabru adarrak erantsita, gainera. Egoera ez da erraza, ordea, taurinoentzat. Atzo, inoizko propaganda kanpainarik handienaren erdian ere, ez dira gai izan Donostiako zezen plaza betetzeko, eta jarlekuen asko hutsik geratu dira. Laster, urak jaisten direnean, erdia ere ez dute beteko. Eta, hor, udalaren esku-hartzea izango dute euskarri bakarra. Izan ere, udalak zezenketen antolatzaileei %40ko deskontua egingo ez balie, inor gutxi hasiko litzateke zezenketak antolatzen. Beraz, ez da egia udalak ez dituela zezenketak laguntzen. Toreroak eskuetan duen ezpata bera da haren ekarpena.

Donostia bihurtu dute frankismo garaiko hiri ustez espainiarzalea. Eduki dute euren egun loriatsua. Estimatzekoa dute, inondik ere, alderdi abertzale batek emandako kapotea. Zeren trukean? Auskalo. Beharbada erakundeetan bidelagun duen kideari ordaindu nahi zion zerbait. Edo, agian, guztiz ahaztuta dauka inoiz alderdia gidatu zuen zezenketen aurkako tradizioa.

Espainiako errege ohia ere izan da, eta klimax taurino eta unionista bihurtu da festa. Gaurtik aurrera, normaltasuna. Eta horrek zezenketak beren tokian jarriko ditu: historiako liburuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.