inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Korridoreetako agurrak

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Suminduta azaldu da Ines Arrimadas Katalunian independentistek eragindako egoerarekin: «Noiz arte itxaron beharko dugu berriro ere korridoreetan elkar agurtzeko?», galdetu du parlamentuan.

Sentimenduz beteriko osoko bilkura batean, kartzelara sartu berri dituzten diputatuen senideen eta haien jarlekuetan jarritako xingola horien aurrean bota ditu hitzak C's-eko eledunak. «Guk sekula ez diogu utziko katalanen babesa duten ordezkari politikoak korridoreetan agurtzeari», gaineratu du.

Kostatzen da, batzuetan, sinestea politikari batzuen hitzen atzean zinismoa ez baizik eta asmo ona dagoela. Zer pentsatuko zuten Arrimadas entzunda euren etxea tupustean utzi behar izan duten politikarien senideek? Haiek ere nahiko lituzketela etxeko korridorean, baina Genevara, Bruselara, Soto del Realera edo Estremerara joan beharko dutela agurtu ahal izatera, hain zuzen ere, Arrimadasek eta 155.a babestu duten beste bi alderdi unionistek eta haien sokako epaileek erreferendum bat egin duten buruzagien aurka martxan jarritako sorgin ehizaren ondorioz.

Ez da zaila Arrimadasen galderaren erantzuna. Kataluniak eskubide zibil eta politikoak berreskuratu eta errepresaliatu politiko guztiek parlamentura itzultzeko aukera dutenean berreskuratuko dute elkar agurtzeko ohitura zaharra. Bitartean, nola?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.