Ahal Dugu-ko kideak ezin direla kaleratu dio txosten juridikoak

Orain Baik aurkeztutako eskariak ez ditu betetzen beharrezko baldintza formalak. Aznarezek presidente jarraituko luke

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak Orain Bai taldetik kanporatzeko eskariak ez ditu betetzen beharrezko baldintza formalak, Nafarroako Parlamentuaren txosten juridikoaren arabera. Dokumentua astelehenean aztertuko du Mahaiak. Naiz agerkariak, ordea, aurretik atera du argitara edukia. Ahal Dugu-ko iturriek BERRIAri jakinarazi diote alderdiaren legelari taldea egoera aztertzeko lanean ari dela dagoeneko. Txosten juridikoak Carlos Cousok aurkeztutako eskaria aztertu du. Ainhoa Aznarez, Tere Saez eta Mikel Buil parlamentariak Orain Bai taldetik kanporatzeko eskatu dio Cousok Mahaiari.

Txostenaren arabera, Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak kanporatzeko eskariak derrigorrean frogatu behar du kideak kanporatzeko erabakia gehiengo osoz hartu duela talde parlamentarioak, Espainiako «Auzitegi Konstituzionalaren doktrinak eskatzen duen modura». Orain Baiko lau kidek babestu zuten gainerako hiru kideen kanporatzea. Aldiz, legelariek zehaztu dutenez, nahitaezkoa da babes hori dokumentu formaletan islatzea.

Hala, parlamentuko arduradun juridikoek azaldu dutenez, ganberako araudiaren 39.3 artikuluak jasotzen du parlamentari bat edo batzuk talde batetik kanporatzeko aurretik bilera bat egin behar duela taldeak, eta bilera horren gai zerrendan jaso behar duela kanporatzeari buruzko eztabaida egingo duela. Horrez gain, bilkuraren aktan adierazi behar dute taldearen gehiengo osoak onartu duela kanporatzea. Ondoren, taldeko bozeramaileak erabakiaren berri eman beharko dio Parlamentuko Mahaiari, dokumentu formal horiek haren esku uztearekin batera.

Legelariek nabarmendu dute Cousoren eskariak ez dituela betetzen baldintza horiek, eta, beraz, Mahaiak ez duela aintzat hartu behar. Dena den, aurreratu du epe bat eman diezaiokeela, beharrezko baldintza formal guztiak beteko dituen eskari bat aurkeztu ahal izan dezan.

Cousoren eskariaren aurka, alegazioa aurkeztu zion Builek Mahaiari, eta Laura Perez, Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Carlos Couso parlamentariak Orain Bai taldetik kanporatzeko eskatu zuen idatzi horretan. Legelarien esanetan, Mahaiak ez du eskari hori aintzat hartu behar, ez baitago hura onartzeko oinarri juridikorik parlamentuko araudian.

Bestalde, txostenak gogorarazten du Parlamentuko Mahaiarena dela Aznarez, Saez eta Builen kanporatze eskariaren gainean erabakitzeko eskumena, eta haren ebazpena ezin izango dela errekurritu Bozeramaileen Batzordearen aurrean. Aldiz, auzibidera jotzeko aukera izango da Auzitegi Konstituzionalean, babes helegitearen bidez.

Txostena Manuel Pulidok sinatu du, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak.

Cousoren kanporatze eskariak arriskuan jarri du laukoak Mahaian duen gehiengoa, Aznarez taldetik kanporatuko balute ezin izango bailuke parlamentuko presidente izaten jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.