Udal eta foru hauteskundeak. Ekonomia

Iraganeko eta etorkizuneko bidesariak

Ekonomia hondotik atera eta suspertzen hasi deneko legealdia izan da azkenekoa. Foru gobernuek urratsak egin dituzte ekonomia etorkizuneko sektoreetarako prestatzeko, baina krisiaren urte beltzetako zauri batzuk ere bidera atera zaizkie.

Foronda. 24 orduz irekita izango da aurrerantzean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia - Iker Aranburu - Aitor Biain
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Aurreko legealdian ez bezala, orainaldiaren beharrei ez ezik etorkizunean izan daitezkeenei ere heldu ahal izan diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Araban, logistikaren beharrei erreparatu die foru gobernuak, eta bultzada jaso du arlo horretan, Foronda berriro 24 orduan irekitzeko aukera izateraino. Bizkaian etaGipuzkoan, berriz, industria berriaren bila ari dira, eta foru gobernuek ekinaldi publikoko zentroak sustatu dituzte sektore horietan arrantzatu ahal izateko.

BIZKAIA
Industria zaharraren eta berriaren artean


Ekonomiak hondoa jo zuen 2013an, baina Atzeraldi Handiak Euskal Herriko industria sarean eragindako zuloetako batzuk legealdi honen erdian agertu dira. Bizkaian, agian, beste lurraldeetan baino nabariago agertu dira kalteak: Naval, CEL, General Electric, Vicrila... Enpresa historikoak, kinka larrian. CEL paper lantegiarenak zuzenean eragin zion Unai Rementeriaren foru gobernuari, enpresaren lurren eta makinen jabetza harenak baitziren, eta enpresak hartzekodunen konkurtsora jo aurretik jakin baitzuen aldundiak CELen hainbat hilabete zeramatela argindarra ordaindu gabe. Enkarterriko industriarik handiena zen CEL, eta haren 225 langileak eskualde hartako langabezia tasa handia—Bizkaiko handiena (%19,6)— gizentzeko hautagaiak ziren. Ez zen, ordea, halakorik gertatu. Plan pizgarri bat martxan jartzeko mahai bat sortu zuen aldundiak, Enkarterriko udal guztiekin batera. 2018-2019ko plana izan zen haren fruitua, eta zazpi milioi euroko inbertsioa egin zuten. Langabezia tasa %18,6ra jaitsi zen 2018an, bi urtean puntu bat. CELen auzia kaleratzeekin amaitu zen , baina ez lantegiaren itxierarekin: Italiako Lucart taldeak bereganatu zuen, baina 80 langile kalean geratu ziren.

Enkarterritik hurbil dago krisiak gogorren jo duen Bizkaiko beste eskualdea, Ezkerraldea. Zauri hori handitu du Naval itxi izanak, lehenagotik zetorren arazo baten azken-aurreko kapituluak: 2017ko udatik zegoen jarduerarik gabe, eta aurtengo martxoan itxi zuten, ofizialki. Enkantean dago orain, eta badira hura berriro irekitzeko aukera batzuk. Edozer gerta ere, Navalen aferak agerian utzi du Bizkaiak desindustrializazio arazo bat behar duela. Erakundeek, aldundia tartean duela, Ezkerraldean teknologia parke berri bat eraikita eman nahi dio bultzada sektoreari. 4.0 industriara bideratuko da Abantoko parkea, eta martxan jartzen denean 2.000 lanpostu sortzeko motorra izango dela espero dute.

Bestelako sektoreetan ere jarri du arreta Bizkaiko aldundiak. Urte honetan bertan, Nagusi Intelligence Center proiektua aurkeztu du, Bilboko Udalarekin, Mondragon taldearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarla- nean. Asmoa argia da: gizarte modernoaren bizi itxaropenak gora egin ahala adineko pertsona gehiago egongo direnez, «ezagutza eta ikerketako eremu berriak garatzeko, balio erantsi handiko jarduera ekonomiko berritzaileak bultzatzeko eta inbertsioa erakartzeko» ekonomia sustatzea. Proiektuak hiru ardatz izango ditu: profesionalak hezteko oinarriak jartzea, hornitzaileekin harremanak sendotzea eta adineko pertsonen inguruko ekonomia sustatzeko neurriak hartzea. Zorrotzaurren jarriko dute zentroa.

Abian jarritako beste. proiektu bat BBVA dorreari dagokio. Bankuaren ikur izandako horretan aldundiaren bulego denak zentralizatuko dituzte, eta nazioarteko ekintzailetza zentro bat ere jarriko dute. Dagoeneko Bizkaian lan egiten duten teknologia arloko start-up edo enpresa hasiberriak bilduko dituzte, sektoreko profesionalak erakartzeko.

GIPUZKOA
Enpresak, proiektuak eta bidesariak


Markel Olanok oso garbi izan zuen hasieratik zein irudi eman nahi zion bere bigarren agintaldiari: enpresaren gertu dagoen ahaldunarena. «Geure gobernuak jakin du geure enpresen ondoan egoten krisiaren ondorio okerrenak gainditzeko». Adierazpena duela aste gutxi egin du Gipuzkoako ahaldun nagusi jeltzaleak, baina lasai asko izan zitekeen bere agintaldiko beste edonoizkoa, Olanoren lehentasuna izan baita Martin Garitano (Bildu) bere aurrekoak patronalarekin izandako harreman tirabiratsuetatik urruntzea. Gertutasun hori Ekonomia Suspertzeko Planean gauzatu zuen EAJren eta PSE-EEren foru gobernuak: urtero, 50 milioi euro sartu zituen proiektu ekonomikoak sustatzeko.

Plan horrek Etorkizuna Eraikiz plan zabalaren barruan sartu zuen gero Olanoren aldundiak. Lurraldearen datorren hamar urteetako erronka nagusiak identifikatu eta «proiektu estrategikoak eraikitzea» izan da egitasmo horren helburua. Proiektu estrategiko horietako hiru abian jarri ditu foru gobernuak, baina hurrengo legealdian garatuko dira: urte hasieratik lanean dabil Ziur, enpresei zibersegurtasun arloan laguntzeko zentro aurreratua, Donostiako Zuatzu parkean; 2022rako ireki nahi dute Pasaiako portuko lurretan Adin Berri, biztanleriaren zahartzeari «arreta osoa» eman nahi dion Erreferentziazko Zentroa; Donostiako Eskuzaitzetan jarriko dute, berriz, Mubil, Irizarren, CAFen, Oronaren eta beste enpresa batzuen arrastoa jarraituz Gipuzkoa «elektromugikortasunaren nazioarteko erreferente industrial bat» bilakatzeko helburu duen ikerketa zentroa.

Beste mugikortasun batek, askoz tradizionalagoak, buruko min handia eman dio Olanoren gobernuari: N1 errepideko bidesariak. Alderdien arteko jarrera kontraesanezkoek aurreko legealdietan posible egin ez zuten proiektu bat aurrera eraman izan du EAJ-PSE-EE bikoaren gehiengo osoak: bidesari bat jartzea lurraldea ipar-ekialdetik hego-mendebaldera gurutzatzen dun errepidean, N-1ean. 2018ko urtarrilean egin zuen, eta soilik kamioientzat, argudiatuta ibilgailu astunek ekarpena egin behar zutela autobideko zoruaren konponketan. Euskal Herriko garraiolariak kexatu egin ziren, faktura batez ere haiek pagatuko zutelako. Baina Espainiako patronal baten kexuak izan zuen ondorio gehiago, justu kontrako argudioak erabilita: urte horretako apirilean, EAEko Auzitegi Nagusiak bidesariak indargabetu zituen, esaten baitzuen arkuen kokapenak eta errepide zati bakoitzeko ordainsariak kanpoko ibilgailuei egiten ziela kalte.

Olanoren gobernuak helegitea jarri zion epaiari, baina bete egin du: maiatzean jarri da berriro indarrean, baina tarifak aldatuta eta arku batzuk lekuz mugituta.

ARABA
Ardoak Londresen


Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak amets bat izan zuen 2015eko udal eta foru hauteskundeetan: «Irudikatzen duzue Londresera bidaiatu eta Arabako Errioxako ardo bat eskatzea?». Aipuak ongi irudikatzen du zeintzuk izan diren diputazioak legealdirako izan dituen lehentasunetako bi: mugikortasun azpiegiturak indartzea eta baztertuta zegoen Arabaren marka gainerako euskal lurraldeenarekin batzea. Hauteskunde haiek irabazi zituen Gonzalezek, baina ametsa erdizka bete du.

Izan ere, PPren gotorleku historikoa berreskuratzea lortu zuen EAJk, eta lurraldearen berpizte ekonomikoa jarri zuen jomugan. Enpresak erakarri nahi izan ditu Gonzalezen foru gobernuak azken lau urteetan, logistikaren ideiari lotuta betiere. Bada, Forondak egun osoko jarduera berreskuratzea gakoa izan da horretan. Zazpi urtean ordutegia murriztuta egon ostean, 24 orduanirekita mantentzeak zama garraiorako eta bidaiarientzako hegaldiak areagotzea ekarri ditu. Datu onak lortu ditu azken hilabeteetan, baina urruti daude oraindik desiratutako kopuruetatik. Ahaldun nagusiak berriki adierazi duenez, helburua 250.000 bidaiarira iristea da 140.000 igaro ziren iaz. Aldundiarentzat, aireportua «erabakigarria» da lurraldeko ekonomia sustatzeko.

Ezustekoa, halere, Arabako Errioxatik jaso du diputazioak. Sorpresaz harrapatu baitu Arabako Errioxako upategi txikien elkartearen izen aldaketak: ABRA izateari utzi, eta ABE Euskadiko Upategiak bihurtu zen elkartea,apirilean. Errioxako sor-markatik bereizteko prozesuan «beste urrats bat»egin nahi du hala, eta proiektu berrian bildu nahi ditu txakolin sor-marketako ekoizleak eta sagardogileak ere. Foru aldundiak eta Jaurlaritzak «ulertezintzat» jo dute aldaketa, haien apustua Arabako Errioxa izena indartzea baita, Errioxa jatorri izenaren barruan.

ABRA-ABE aferak agerian utzi du berriro Arabako ardogintzaren zauria. Batetik, Errioxa aterkipean jarraitu nahi dutenak daude, prezioetan lehiatu nahi duten upategi handiak; bestetik, prezioetan ezin lehiatu direnak eta ardo berezituen aldeko apustua egin dutenak. Horietako 40ren bat upategik, ABRAko kideek, Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko prozesua abiatu zuten 2016ko udan.

Eskaerak urduritu egin zituen jatorri izenaren kudeatzaileak, eta ordura arte errefusatu zuten aldaketa bat egitera behartu zituen: eskualdeei eta herriei leku gehiago ematea labeletan, ardoa bereizte aldera. Berezko sor-marka sortzeko prozesua bi urtez etenda erantzun zuten ABRAko kideek, Arabako aldundiaren pozgarri; abuztu honetan bukatuko da epe hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.