Adituek hezkuntza ituna zehaztearen garrantzia azpimarratu dute

Eusko Legebiltzarreko lantaldean proposatu dute itun hori hezkuntza legearen oinarri izatea. Ados daude segregazioa amaitu behar dela

Donostiako ikastetxe bateko ikasleak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Ematen du [hezkuntza] legeari itunari baino garrantzi handiagoa ematen zaiola. Baina itunak markatuko du gure erkidegoko hezkuntzaren etorkizuna», adierazi zuen atzo Gonzalo Larruzea Didaktika eta Eskola Antolakuntzan doktoreak. Larruzeak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza itunaren garrantzia nabarmendu zuen, besteak beste. Haren ustez, itunak «proposamen zehatzak» behar ditu, eta euskal hezkuntza sistemaren «akordiorako abiapuntu» izan daiteke. Hala ere, azaldu zuen ituna ez dela amaitzen «sinatzen denean»; etengabe garatu behar den zerbait da: «Sinatutako konpromisoek garapen bat behar dute, eta garapen hori, aldi berean, akordio berrietan jaso beharko da».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza legeaz eta haren aurreko itunaz aritu ziren atzo, Eusko Legebiltzarreko batzorde txostengilean. Saioan izan ziren Larruzea, LAB, Steilas, CCOO, FeSP UGT, SATSE eta Colálectiu Punt 6 sindikatuetako ordezkariak, baita Euskadiko Psikopedagogia Elkarteko ordezkariak ere.

Gaur egungo hezkuntza sistema aldatzearen beharraz aritu ziren, eta sistema «birformulatzeko» garaia dela adierazi zuen Larruzeak. Gaineratu zuenez, hori lortzeko «beharrezkoa» da itunak «norabidea ez ezik, lurra ere» hartzea. Doktorearekin bat etorri ziren, besteak beste, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuetako ordezkariak. Steilasen arabera, euskal hezkuntza sistema aldatu behar da «Espainiako Estatuak arautzen duen markoaren menpe» dagoelako. CCOOren ustez, berriz, egungo legea «zaharkituta» dago; eta LABen aburuz, Euskal Autonomia Erkidegoari ez ezik, «Euskal Herri guztiari ere eragingo dion hezkuntza sistema» sortzeko garaia da.

Itunaren oinarri izan zitezkeen proposamenen berri eman zioten elkarri, eta Larruzeak, esaterako, hiru ataletan banatu zuen bere proposamena: sistema, ekitatea eta kalitatea; guztira, 40 neurri planteatuz.

Segregazioa, erdigunera

Etorkizuneko euskal hezkuntza sistema planteatzeko orduan, hizlari guztiek izan zuten segregazioaren amaiera hizpide. Ekitateaz hitz egitean aritu zen Larruzea segregazioari buruz. Haren ustez, hezkuntza kohesioa hobetzeko helburuarekin, «nahasteko aukera eman behar diogu geure buruari; heterogeneo bihurtzeko aukera». Adierazi zuenez, matrikulazio «heterogeneoa» lortzeko, beste «mekanismo eta algoritmo batzuk» bilatu behar dira.

Era berean, LABek segregazioak «gainditzen» dituen hezkuntza sistema aldarrikatu zuen, «balioetan» oinarritzen dena. Gaur egungo sistemak «kanpotik datozen edo egoera ekonomiko zaurgarriagoan dauden ikasleen» segregazioa eragiten baitu. Steilasen arabera, «egiturazkoa den baztertze logika bat» dago egungo hezkuntza sisteman; eta segregazioa du «oinarri». Sindikatuaren aburuz, arazo horri aurre egiteko «bide bakarra» hezkuntza publikoa «lehenestea» da, «denek joko arau berberak» izango dituzten sistema bat sortuz. Larruzearen arabera, ordea, eztabaida ez da «ikastetxe publiko eta itunduen artean bakarrik zentratu behar, ikastetxe bereizle eta inklusiboen artean baizik».

CCOOk azaldu zuenez, «bereizkeria» da euskal hezkuntzak duen «arazorik handienetakoa», emaitzak «oztopatu» eta gizarte kohesioa «arriskuan» jartzen baitu. Hori dela eta, «hezkuntza bereizia» egiten duten ikastetxeen itunari eustea «errefusatu» zuten. Horrekin batera, «espresuki» errefusatu zuten «sexuak bereizita diharduten ikastetxeen finantzaketa publikoa», eta etorkizuneko sistemarako zera proposatu zuten: «Ikasleen aniztasunaren arretarako neurrien gardentasuna eta benetako kontrolerako mekanismoak ezartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.