Lehorteak

Salbuespen neurriak hedatzen ari dira ur eskasiaren ondorioz

Ipar Euskal Herrian 102 herrik daukate ur zerbitzua murrizturik. Hego Euskal Herriko urtegiak edukieraren %55ean daude. Nafarroako Erriberan murrizketak daude

Urtegia. Bainua hartzen, atzo, Esako urtegian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Gotzon Hermosilla Leire Casamajou Elkegarai
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Uda lehorra izaten ari da, eta horrek eragin handia du ur horniduran. Egoera ez da berbera Euskal Herri osoan, eta alde nabarmenak daude eskualde batetik bestera, baina kezka orokorra da, eta murrizketak gero eta herri gehiagotara hedatzen ari dira: bereziki, Bizkaiko kostaldean, Nafarroako iparraldean eta Erriberan, eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritan.

Ikusi gehiago: «Gertatzen ari dena ez da batere normala»

Ipar Euskal Herrian, erraterako, murrizketa neurriekin jadanik zeuden 26 herriei beste 76 gehitu zaizkie, egoerari aurre egiteko asmoz, eta ur edangarriaren aurrezteko helburuarekin. Guztira, gaur egun, 102 herrik kudeatu behar dute uraren erabilpena mugatze neurri batzuen artean.

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi duenez, udaberritik ohi baino %30 gutxiago egin du euri, eta uztaila «sekula baino idorragoa» izan da. Horren ondorioz, salbuespen neurriak hartu behar izan dituzte.

Ikusi gehiago:Azken hamarkadetan euri gutxien egin duen uztaila izan da aurtengoa

Eremu berdeen ureztatzearen aldetik, 08:00ak eta 20:00ak artean, ureztatzerik ezin izango da gehiago egin; izan dadin baratze, lore multzo edo kirol zelaien kasuan. Bestalde, garbiketa mailan, ibilgailuen garbiketa ere debekatu dute, partikularrenak profesionalenak bezala, eta, etxe aitzinaldeak, teilatuak eta bide bazterrak ere, adibidez, sail horretan sartuak dira.

Aisialdiei dagokionez, etxeetako igerilekuen betetzea debekatua da. Iturri publikoen urez hornitzea ere galarazi dute.

Urtegiak, erdizka

Hego Euskal Herriko urtegiak erdizka baino ez daude beterik. Zehazki, 1.291 hektometro kubikoko edukiera dute, eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak emandako datuen arabera, gaur egun 721 hm3 ur dute, hots, edukiera osoaren %55,84.

Baina batezbesteko hori nahasgarria izan daiteke, herrialde batetik besterako aldeak handiak direlako. Gipuzkoan, adibidez, urtegiak %77,61ean daude, eta haietako batzuek edukieraren %80 baino gehiago dute beterik. Araban ere, Albinako urtegia alde batera utzita, gainerako guztiak %73 eta %76 bitartean daude.

Ikusi gehiago:Beroaldiak Europaren zainak odolustu ditu

Oso bestelakoa da egoera Nafarroan: urtegiak erdiraino baino ez daude beterik, %49,64an zehazki, eta bereziki kezkatzekoa da urtegirik handienen egoera: Esakoak 447 hm3-ko edukiera du, eta %40,26 baino ez dago beterik. Itoitzekoa, berriz, %54,19an dago.

Herenegun, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak esan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %90ek bermatua dutela ur hornidura, baina zenbait eskualdetan arazoak egon daitezkeela eta «alerta egoeran» daudela. Hori da, esaterako, Bizkaiko Busturialdearen eta Lea Artibairen kasua. Eskualde horietako herrietan neurriak hartu behar izan dituzte: debekatu dute igerilekuak betetzea, baratzeak eta lorategiak ureztatzea eta autoak garbitzea, eta udalek ere murriztu dute kaleen garbitzea. Zenbait aste daramatzate horrela.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak iragarri du hilaren bigarren hamabostaldian hasiko dela ura Santurtziko portutik Bermeokora itsasontziz garraiatzen, Busturialdeko hamasei herrietako beharrak asetzeko. Egunero 2.000 metro kubiko ur eramatea aurreikusi dute.

Bi eskualde horietatik kanpo ere murrizketak ezarri dituzte. Zuian (Araba) igerilekuak betetzea, lorategiak ureztatzea eta autoak garbitzea galarazi dute. Karrantzan (Bizkaia) eta Okendon (Araba), berriz, ura tentuz erabiltzea gomendatu diete herritarrei.

Kezka Nafarroan

Nafarroan egoera okerrera egiten ari da. Zenbait herri uztailaren erdialdean hasi ziren jarduera batzuk debekatzen ura aurrezteko asmoz, baina aste honetan neurriak Erriberara ere iritsi dira, eta zortzi herritan murrizketak ezarri dituzte.

Erroibar izan zen alarma jotzen lehena. Udalerria osatzen duten hamar herrietatik hirutan, Mezkiritzen, Lintzoainen eta Bizkarreta-Gerendiainen, uztai- laren 15etik ari dira murrizketak egiten, eta, ohiko debekuez gain, gauez ura moztera ere iritsi dira. Beran, berriz, uztailaren 19an hasi ziren debekatzen autoak sare publikoko urez garbitzea, igerileku pribatuak betetzea eta plaza eta espaloiak ureztatzea.

Asteon, berriz, Erriberan ere hasi dira neurriak hartzen. Corellan, Barillasen, Ablitasen, Monteagudon, Tulebrasen, Murchanten, Ribaforadan eta Buñuelen kaleak eta lorategiak ureztatzea galarazi dute, eta igerilekuetako uraren kontsumoa «ahalik eta gehien murriztea» aholkatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.