Lehorteak

«Gertatzen ari dena ez da batere normala»

Erroibarko alkate Enrique Galardaren arabera, oraingo egoera inoiz ikusi gabea da. Maiatzean eta ekainean ia ez du euririk egin

gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Azken asteotan lanez lepo ibili da Enrique Galarda Erro (Iruñea, 1972). 2003tik da alkate Erroibarren (Nafarroa), eta, dioenez, oraingo egoera inoiz ikusi gabea zaio. Atzo bertan ibili ziren ura erreka batetik tangetara ponpatzen, ur eskasiak herritarrei eragindako kalteak arintzeko asmoz: «Nik uste dut honekin egoerak zertxobait egingo duela onera. Behintzat, ura kamioi bidez garraiatzea saihesten badugu, gaitz erdi: bide hori konplikatua da, eta oso garestia».

Ikusi gehiago:Salbuespen neurriak hedatzen ari dira ur eskasiaren ondorioz

Egoera ez da txantxetakoa. Erroibarren ikusi dute inguruko erreketatik jasotzen zuten ura erdira jaitsi dela, egunero 400.000 litrotik 200.000ra, eta udalerria osatzen duten herrietatik hiruk, ura Lastur errekatik hartzen dutenek, murrizketak egin behar izan dituzte: «Zaila da denen nahia asetzea, baina saiatzen ari gara. Adibidez, herri horietako bateko jaiak iritsi direnean saiatu gara ura ez mozten. Landa turismoko etxeak ere badaude inguruan, eta hori kontuan hartu izan dugu».

Turismoa ez da kalteturiko jarduera bakarra. Garralda abeltzaina da, eta alderdi horretako gainerako abeltzainak bezala, estu eta larri dabil: «Paraje hau altu samarra da, eta normalean oso berdea da, baina orain dena hori eta lehor dago. Ez dago belarrik. Aziendak ez du jatenik, eta behiak ukuiluetara eraman beharko ditugu, baina pentsua asko garestitu da. Seguru nago jende askok behiak kenduko dituela honen ondorioz».

Ikusi gehiago:Beroaldiak Europaren zainak odolustu ditu

Arazoa orain ari dira pairatzen, baina, Garraldak dioenez, maiatzean eta ekainean euririk egin ez izana da guztiaren iturburua: «Hemen ura erreka txiki batzuetatik hartzen dugu, eta hor gorabeherak izaten dira: batzuetan, eskasia egon daiteke, baina euri pixka bat eginez gero, ibaiak beren onera itzultzen dira segituan. Arazoa da maiatzean eta ekainean ez duela euririk egin».

Ikusi gehiago:Azken hamarkadetan euri gutxien egin duen uztaila izan da aurtengoa

Garraldak hogei urte eman ditu alkatetzan, eta beste lau zinegotzi. Dioenez, udalean eman dituen 24 urte horietan inoiz ez diote horrelako egoera bati aurre egin behar izan: «Azken urte honetan muturreko fenomenoak ugaldu egin dira. Negua oso hotza izan zen; apirilaren hasieran elurtea izan genuen, eta, adibidez, niri traktorearen balazta likidoa izoztu egin zitzaidan. Eta orain hau. Gertatzen ari dena ez da batere normala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.