Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrekin Podemos

Botoen erdiak baino gehiago galdu ditu Elkarrekin Podemosek

Sei ordezkari izango ditu parlamentuan, aurreko legegintzaldian baino bost gutxiago. «Oposiziotik edo ezkerreko hirukotik» politika aurrerakoiak bultzatzea hitzeman dute

Botoen erdiak baino gehiago galdu ditu Elkarrekin Podemosek.
Maite Asensio Lozano.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

ESERLEKUAK: 6

BOTOAK: 71.759

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba: Gustavo Angulo, Iñigo Martinez Zaton.

Bizkaia: Miren Gorrotxategi, Isabel Gonzalez.

Gipuzkoa: David Soto, Jon Hernandez.

Botoen erdiak baino gehiago eta ordezkaritzaren ia erdia galdu ditu Elkarrekin Podemos-IU koalizioak. Eusko Legebiltzarrean 11 eserleku lortu zituen 2016an, eta seirekin geratu zen atzo: bina parlamentari izango ditu Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik. «Ez dira emaitza onak guretzat. Abstentzioak kalte egin digu, argi eta garbi», aitortu zuen Pilar Garrido Ahal Dugu-ren koordinatzaileak atzo gauean, mezu autokritiko batean. Miren Gorrotxategi lehendakarigaia, halere, «ilusioz» mintzatu zen datozen lau urteoi begira: «Ekingo diogu. Energia soberan dugu erronkei aurre egiteko, eta gure programan proposatutako politika progresistak parlamentuan bideratzeko».

Irakurri gehiago: Equo-Berdeak eserlekurik gabe geratu da

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan iaz berreskuratutako airea —2015-2016ko bozen azpitik, halere— galdu egin du oraingoan Elkarrekin Podemosen puxikak. Beherakada espero zuten, baina ez hainbestekoa: inkestek zortzi aulki ematen zizkieten. Atzo botoen %8 bereganatu zituzten: 71.759 lagunek bozkatu zuten koalizioaren alde, 2016ko paperen erdiak baino gutxiago (157.334); eta 2019ko azaroan Madrilerako bozetan lortutako 236.528 babesetatik oso urrun. Pisu politikoa ere galdu du parlamentuan: hirugarren indarra izan da azken legegintzaldian, eta orain laugarrena izango da.

Aurpegi berri asko izan dira Elkarrekin Podemosen zerrendetan. Duela lau urte aurkeztu zen koalizioa lehen aldiz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, Pili Zabala lehendakarigai zela, baina Ahal Dugu-ren barne liskarren ondorioz, orduko legebiltzarkide gutxik errepikatuko dute orain. Izan ere, 2019 amaieran kritika gogorrak jaso zituzten Lander Martinezen parlamentari taldearen hainbat erabakik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuak babesteak —IUko kideak ez ziren bat etorri—, eta urtarrilaren 30eko greba orokorraren aurka agertzeak.

Aurpegiak eta mezuak berritzea, ordea, ez da nahikoa izan. EH Bildurekin eta PSErekin batera, ezkerreko gobernu aurrerakoia osatzea izan da Miren Gorrotxategiren proposamen nagusia kanpainan, eta horretarako aukera utzi dute zenbakiek: 38 legebiltzarkide lortu dituzte hiru indarren artean. «Oposiziotik edo ezkerreko hirukotik defendatuko ditugu identifikatzen gaituzten politikak», esan zuen Garridok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.