Osakidetza

Ekainaren 26an Bilbon osasungintza publikoa babestera deitu dute sindikatuek

Hilaren 22an ere protestak egingo dituzte osasun etxeetan, murrizketen aurka. Sagarduiren adierazpenetan osasun sistema publikoa «ahultzeko estrategia» ikusi du EH Bilduk

Protestak. Besteak beste osasun sistemaren pribatizazioa salatu zuten langileek otsaileko grebetan. M. DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik azken egunotan Osakidetza «berrantolatzeaz» egindako adierazpenak «oso larritzat» jo dituzte sindikatuek, eta kalean «irmotasunez» erantzutera deitu dituzte langileak eta herritarrak. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK atzo bildu ziren, Bilbon, eta manifestazio batera deitzea erabaki zuten, «lehen arretaren alde eta Osakidetza desegitearen aurka»: ekainaren 26an izango da, igandearekin, Bilbon, 12:00etan, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. Hilaren 22an ere protestak eta itxialdiak egingo dituzte lehen arretako zentro batzuetan, «udari begira murrizketak aplikatzen eta zentroak ixten ari direla» salatzeko.

Ikusi gehiago: Mikel Baza, Osatzen elkarteko kidea: «Lehen arreta ez da leku fisiko bat: osasun eredu bat da»

«Aldaketa kultural bat» galdegin du asteon Sagarduik, Osakidetzako osagile faltak eragingo dituen arazoei aurre egiteko: «Eskualdeko ospitale eredu batetik ospitale espezializatu batera pasatzeak mugikortasun handiagoa ekarriko du». Era berean, onartu du «litekeena» dela oporraldietan zentro batzuetako ordutegiak moldatu behar izatea.

Sindikatuon arabera, ordea, murrizketak ez dira etorkizuneko mehatxu bat, baizik eta egungo errealitatea, ELAko kide Esther Saavedrak denen izenean azaldu duenez: «Ez dago ordezkapenik, eta langileek izugarrizko gainkarga izaten dute. Hori bereziki larria da udan: zentro batzuk zuzenean itxi egiten dituzte, eta beste batzuetan ordutegiak mugatu». Gaineratu du sailburuaren adierazpenak ez direla berriak: «Baina oraingoan hitzez adierazi du zein den Jaurlaritzaren bide orria. Eta lehen aldiz argitu du zergatik tematu diren Basurtuko ospitaleko [Bilbo] bihotz kirurgia ixtearekin: haiek aipatutako erietxe espezializazio horren bidez ospitale zerbitzuak ere murrizteko».

Izan ere, sindikatuek uste dute Jaurlaritzaren asmoa zera dela, «lehen arreta desegitea, gainerako arreta mailak prekarizatzea, eta, beraz, pribatizazioari bide ematea». Saavedrak gogoratu du Osakidetzaren arazoak egiturazkoak direla: «Lehen arreta desegite bidean da aspalditik: murrizketak egiteaz harago, ez dago beste planik. Pandemia aurretik jada egoera oso larria zen, eta horregatik egin genituen 2019ko grebak».

Sindikatuek gogora ekarri dute osasungintza «funtsezko zerbitzu publikoa» dela, eta arriskuan ikusten dutela: «Pandemia eta medikuen falta aitzakia gisa erabiltzen ari dira, baina bazekiten gabezia hori iritsiko zela, eta ez zuten neurririk jarri, asmoa zelako puntu honetara heltzea eta horrelako politikak martxan jartzea».

EH Bildu ere gogor mintzatu da Sagarduiren adierazpenez. Eusko Legebiltzarreko ordezkari Maddalen Iriartek eta Rebeka Uberak agerraldia egin zuten atzo, eta gogora ekarri zuten Osakidetzaren gaitz ugari azaleratu direla azken urteetan: etenik gabeko arreta guneen itxiera, langile falta, lan gainkarga handia, ordutegi murrizketak, gaixo kronikoen jarraipena egiteko zailtasunak, txanda presentzialak lortzeko trabak... «Azken urteotan pairatu dugun egoera araua izango da Osakidetzan aurrerantzean», gaitzetsi zuen Uberak. Iriartek, berriz, Jaurlaritzari egotzi zion «planifikatu nahi ez izatea», eta jarrera horrek helburu jakin bat duela salatu zuen: «Estrategia bat martxan dago aspalditik osasun sistema publikoa ahultzeko, sare pribatua indartzeko. Eta hau guztia lehen arretan hasten da. Negozioa egin nahi dute jendearen oinarrizko eskubideekin, eta hori ezin dugu onartu».

EHUn, leku gehiago

Sindikatuak eta eragileak aspaldi ari dira ohartarazten lehen mailako arretan medikuak falta direla eta arazoak okerrera egingo duela. Izan ere, datozen bost urteetan erretiroa hartzekoak dira 500 familia mediku, hau da, Osakidetzan dihardutenen laurdenak baino gehiago. Auziak, halere, iturburu ugari ditu, eta horietako bat unibertsitatean dago: Medikuntza graduetako ikasle kopurua mugatuta egon da urte askoan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak atzo Radio Euskadin azaldu zuenez, baina, azken urteetan toki gehiago eskaini dituzte ikasketa horietan: «Duela urte batzuk, 250 ziren, eta orain 330 dira». Kopurua handi daitekeela erantsi zuen, baina ohartarazi zuen ez dela epe laburrerako neurri bat: «Orain egiten dugunaren eragina hamar urte barru ikusiko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.