Udal eta foru hauteskundeak. Donostiako udala

EAJk inoizko emaitza onenak lortu ditu, eta EH Bilduk PSEri aurrea hartu dio

jokin sagarzazu
Donostia
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
EAJk berriz irabazi ditu udal hauteskundeak Donostian: duela lau urteko boto kopurua handitu du, eta zinegotzi bat gehiago lortu du. Eneko Goiak eskuak libre izango ditu beste lau urtez alkatetzari eusteko, PSE-EErekin koalizioan, batzuek eta besteek kanpainan esandakoa betez gero. Gehiengo osoa izango lukete bat eginda.

Sozialistek behera egin dute nabarmen. Bi zinegotzi galdu dituzte: 7.150 boto. PSE-EE izan da hautetsiak galdu dituen alderdi bakarra. Bi aulki horiek EAJk eta Elkarrekin Podemosek eskuratu dituzte: bana. Bigarren tokiko lehian, halaber, EH Bilduk aurrea hartu dio PSE-EEri.

Duela lau urteko boto kopurura ez da iritsi EH Bildu —100 gutxiago—, baina eutsi dio zinegotzi kopuruari. PPk 1.000 boto gehiago lortu ditu, eta laugarren indarra izan da, hautetsi kopuru berarekin. Bosgarrena izan da Elkarrekin Podemos: 2.500 boto gehiago lortu ditu, duela lau urte Irabazik eskuratutakoak baino —izen horrekin aurkeztu zen—. EAJk, berriz, 5.000 boto irabazi ditu.

Jeltzaleek inoizko emaitza onenak dituzte Donostian. 1986. urteko zatiketaren aurretik zein gero EArekin koalizioan aurkeztu ziren bi bozetan baino nabarmen hobeak. Laugarren aldia izango du alkatetzan. Sozialistek emaitza txarrenak dituzte 1991. urtetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.