Koronabirusa. Birusaren hedatzea

Europako intzidentzia tasa handienetakoa du Arabak

Italian gehien kalteturiko eskualdearen pare dago Araba: 11 gaixo 10.000 biztanleko. Euskal Herrian 710 eri daude; Nafarroan, aurrenekoa hil da

aitor biain
Gasteiz
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
COVID-19ak ataka estuan jarri du Araba. Euskal Herrian, hantxedago birusaren fokua, eta probintzia hori da kutsatu gehienen jatorrietako bat. Azken datuen arabera, egun bakarrean 50 kasu berri antzeman dituzte han, baina datozen egunetan gero eta gehiago handituko da kopurua. Egun, 360 dira kutsatuak; hots, Euskal Herri osoko kasuen erdiak baino gehiago 710 dira guztira. Araban, 153 lagun daude erietxean gaixo, eta hamahiru dira hildakoak.

Datuak adierazgarriak dira Europako beste zenbait eskualderekin alderatuta ere: koronabirusaren intzidentzia tasarik handienetakoa duen lurraldea da Araba. Italian gehien kalteturiko eskualdearen pare daude datuak: 10.000 biztanleko 10,9 gaixo daude Araban, eta 11,6 Lombardian —11.685 kasu daude han, eta ia mila gaixo hil dira; 24 orduan ia bi mila gaixo gehiago hauteman dituzte, konfinatuta egon arren—.

Beste lurraldeetan, intzidentzia tasa txikiagoa da. Bizkaian, 32 kasu gehiago antzeman zituzten atzo, eta 115 dira guztira —10.000 biztanleko gaixo bat—; ospitalean daude gaixoen erdiak baino gehiago (53), Araban ez bezala. Gipuzkoan, berriz, 22 gaixo gehiago daude atzotik, eta 46 dira denera —10.000 biztanleko, 0,6 gaixo—; hiru lagun hil dira birusarekin, Bizkaian bezainbeste. Nafarroan, 183 kasu dira —10.000 biztanleko, 2,8—, ostiralean baino 53 gehiago. Atzo gauean hil zen gaixotutako herrialdeko lehen eria; 87 urte zituen: horrekin, hogei dira hildakoak. Lapurdin sei gaixo atzeman dituzte orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.