Deskontuak garraio publikoan

Garraio publikoa, pandemiaren aurreko geltokira

Bidaiari kopurua nabarmen igo dela antzeman dute Hego Euskal Herriko erakundeek, deskontuak ezarri zituztenetik hilabetera. Operadore gehienak 2019ko mailara itzuli dira

Billabesa bat Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hilabete bakarrean, hiru urte atzera egin dute Hego Euskal Herriko garraio publikoko zerbitzuek. 2020ko martxotik, COVID-19aren izurriak baldintzatuta egon dira trena, autobusa, metroa eta tranbia, baina, hilabete batean berreskuratu dituzte denbora horretan galdutako bidaiariak, laguntza publikoek hauspotuta. Espainiako Gobernuak abuztuan iragarri zuen bidea emanen zuela garraio publikoa doan edo %30-50 arteko deskontuekin erabiltzeko, irailetik aurrera eta urtea amaitu arte —laguntzak beste urtebete luzatu zituzten gero—. Epe hori amaitu aurretik, baina, hasia da neurrion eragina nabaritzen.

Ikusi gehiago:Christian Kisters. Gea 21eko kide eta mugikortasunean aditua: «Prezioak jaiste hutsa ez da nahikoa autoaren erabilera apaltzeko»

Renferen aldiriko eta distantzia ertaineko trenetan antzeman dute igoera handiena. Irailean, eskura jarri zituzten doako abonu batzuk, «maiz bidaiatzen dutenentzat». Doakoak izanagatik, 10 euroko bermea ordaindu behar da aldirikoetan, eta 20 eurokoa distantzia ertainekoetan, baina, gutxieneko bidaia kopuru bat eginda, dirua itzuliko zaio erabiltzaileari.

Konpainiak BERRIAri emaniko datuen arabera, irailean 92.234 abonu banatu zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Aldiriko trenetako abonuak dira hamarretik zortzi. Egunean 68.255 bidaiarik erabili dute zerbitzua Bilbon eta Donostian. Distantzia ertaineko trenei dagokienez, berriz, 68.135 bidaiarik erabili dute doako abonua Hego Euskal Herrian: %51,7ko igoera, 2019ko datuekin alderatuta.

Renferen doako abonuek izan dute harrerarik beroena, baina gainerako garraio publikoetan ere nabaritu da deskontuen eragina. Tokiko erakundeen edo autonomia erkidegoen eskumenekoak diren garraiobideetan %30eko deskontua ezarri zuen Espainiako Gobernuak, baina horri beste %20ko diru laguntza gehitu dio Eusko Jaurlaritzak. Hortaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erdi prezioan dira zerbitzu gehienak.

Euskotrenek, adibidez, «igoera orokorra» hauteman du zerbitzu guztietan. «Bidaia kopurua %18 handitu da, oro har, 2021eko eta 2022ko iraileko datuak alderatuta», azaldu du enpresak ohar batean. Atalka, ñabardurak antzeman daitezke garraio motaren arabera: hala, Euskotrenek kudeatzen dituen tren lineetan, igoera %20,2 izan da; autobus zerbitzuena %17,8; eta Bilboko eta Gasteizko tranbiarena, berriz, apalagoa: %12,6.

Nafarroan, deskontuak apur bat apalagoak izan dira, Madrilek ezarritako %30 horretara mugatu baitira. Billabesen hiriko garraio zerbitzuari eragin diote, batez ere. Iruñerriko Mankomunitateak kudeatzen du hiriburuko garraio publikoa eta, erakunde horren datuen arabera, 3,24 milioi bidaiarik erabili dute billabesa irailean: iaz baino %16 gehiago, eta pandemiaren aurretik erregistratutako datuetatik oso gertu —3,4 milioi izan ziren 2019ko irailean—. «Aipagarriena da irailean hiri garraioak lortu duela, batez beste, 2019ko bidaiaren %95era iristea», azaldu du Jose Luis Ollok, Iruñerriko Mankomunitateko komunikazio arduradunak.

Eragina autoen erabileran

Deskontuen helburua da inflazioari aurre egitea eta garraio publikoa sustatzea, auto pribatuaren kaltetan. Ikusteko dago, ordea, bigarren helburua beteko den ala ez, garraio publikoa kudeatzen duten erakundeek ez baitute berariazko ikerketarik egin. Oraingoz, Bilboko Udalak eman du trafikoaren gaineko datu bakarrenetako bat: 2.315.615 auto izan dira irailean hiriko sarbideetan, iaz baino %6,4 gutxiago. Apaltzea nabari bada ere, ez da izan garraio publikoaren igoera bezainbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.