Koronabirusa

Osalanek aholkatu du enpresetan maskara kendu aurretik arriskuak aztertzeko

Bederatzi irizpide jarri dituzte maskararen derrigortasunaz erabakitzeko: besteak beste, aireztatzea eta beharginen arteko distantzia gordetzea

Supermerkatu bateko langilea eta bezeroak maskara jantzita, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Atzoz geroztik, Hego Euskal Herrian barrualdeko lekurik gehien-gehienetan ez da derrigorrezkoa maskara janztea. Lan munduan ere, oro har, ez da ezinbestekoa, baina enpresetako lan osasuneko prebentzio arduradunek neurriak har ditzakete, Espainiako Gobernuaren arabera. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak bat egin du, eta gogorarazi lan ingurunean «oro har» ez dela nahitaezkoa maskara erabiltzea. Ordea, enpresei gomendatu die COVID-19a hedatzeko arriskuarekin zerikusia duten bederatzi elementu kontuan izateko maskararen derrigortasunaren inguruan ebatzi aurretik.

Hain zuzen ere, egon daitezkeen arriskuak aztertzearen alde egin du Osalanek: «Lanpostuaren arriskuen ebaluazioak emango du aukera ezarri beharreko prebentzio neurri egokiei buruzko erabaki bat hartzeko, maskarak erabiltzea barne, hala ondorioztatzen bada». Arriskuen balorazioa egiteko garaian erreparatu beharreko bederatzi puntu zehaztu ditu Osalanek: aireztapen «egokia» izatea —ez dute CO2 neurgailuen inguruko gomendiorik egiten— enpresan dagoen jende kopuruari erreparatzeko, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzea eta langileak lanpostuan egongo diren denbora kontuan edukitzea. Baina baldintza zehatzagoak ere aintzat hartu beharko dituzte: enpresan egiten dituzten jarduerak, bertan daukaten tenperatura eta hezetasun erlatiboa, espazio komunak —aldagelak, jangela...— erabiltzen ote dituzten ala ez, partekatutako garraiobide partikularren erabilera eta lanpostuan pertsona kalteberak dauden.

Aparteko gomendioa egin die zaurgarriak diren langileei: esan die maskara «arduraz» erabiltzeko beste batengandik 1,5 metro baino gutxiagora denbora luzez egon behar badute, eta aholku bera eman diete «kalteberatasun faktoreak» dituzten irakasleei ere. Hala ere, Osalanek gogorarazi du zenbait lanpostutan ez dela aldaketarik egongo eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela aurrerantzean ere: osasun zentroetako, zerbitzuetako eta establezimenduetako langileentzat, zentro soziosanitarioetakoentzat eta pertsonak garraiatzeaz arduratzen diren langileentzat.

Administrazioan, beharrik ez

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio orokorraren eta erakunde autonomoen menpeko lantokietarako jarraibideak eman ditu, eta, oro har, langileek ez dute maskararik jantzi beharko. Hainbat kasutan, ordea, erabiltzeko gomendioa eman dute: pertsona asko segurtasun distantzia mantendu gabe daudenean eta kontaktua «noizbehinkakoa» ez denean.

Derrigorrezkoa izango da beste egoera batzuetan: langilea sintomekin dagoenean, COVID-19a atzemateko proba batean positibo eman duenean, eta ibilgailu parkeko edo sail eta erakunde autonomoetako ibilgailuak erabiltzen dituzten langileentzat, ibilgailu berean bi pertsona edo gehiago doazenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.