Pobreziaren aurkako egunaz

Fernando San Martin
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunak munduko pobrezia egoera ikusarazi eta horri buruz hausnartzera gonbidatu berri gaitu, eta, Esther Duflo 2019ko Ekonomiako Nobel saridunaren hitzetan, pobreziaren kontzeptua bera birpentsatzera.

Duela gutxi arte, muturreko pobrezia diru irizpide batekin lotzen zen: bizitzeko, egunean 1,90 dolar baino gutxiago zuten pertsonak sartzen ziren pobreen multzoan. Hala ere, Nazio Batuen Garapenerako Programak eta Oxfordeko Pobreziari eta Giza Garapenari buruzko Ekimenak(OPHI) Pobrezia Dimentsioaniztunaren Indize Globala argitaratzen dute urtero.

Indize horrek diru irizpideak baino haratago begiratzen du, eta pobreziadefinitzen du gabezia ugari eta aldiberekoak dituen egoera gisa: osasun zerbitzuak eta lan duina lortzeko ezintasuna edo indarkeriaren eraginpean bizitzea, besteak beste.

Oraindik orain argitaratu den 2019ko edizioan, gogorarazi dute munduan 1.300 milioi pertsonak pobrezia dimentsioaniztuna pairatzen dutela, eta banaketa hori ez dela uniformea. Pobreziak emakume aurpegia du (munduan modu kronikoan goseak dauden pertsonen %60 emakumeak eta neskak dira, ia 800 milioi analfabetoen bi heren ere bai, eta lur landagarriaren %20 baino gutxiago dute, nahiz eta munduak jaten dituen elikagai gehienak ekoitzi); haur aurpegia, eta Afrikar aurpegia du, batez ere Saharaz hegoaldekoa, non adingabeen %63,5 pobreak diren. Besteak beste, Burkina Faso, Txad, Etiopia, Niger eta Hego Sudanen landa eremuetan bizi diren 10 urtetik beherako umeen %90 pobreak dira.

Baina Garapen Jasangarriko Helburuek eta horien ondoriozko 2030 Agendak gogorarazten digutenez, ez dago behar bezala garatutako herrialderik, ez dago dimentsioanitzeko pobrezia poltsarik gabeko gizarterik, ezta gurea ere. SDG Watch Europe erakundeak egindako Arrakaletan barrena: Europan eta haratago dauden desberdintasunak azalduz txostenaren arabera, Espainia da Europan desberdintasun gehien dituzten herrialdeetan laugarrena.

Desberdintasunak direla eta, pobreek eta baztertuek aukera gutxiago dute pobreziatik ateratzeko. Horrela, ezinezkoa da garapen jasangarriko 1. helburua —pobrezia desagertzea— lantzen hastea, baldin eta aldez aurretik ez badugu 10. helburua—desberdintasunak murriztea— lortzen. Berdintasunik gabe ez dago etorkizunik.

Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, 2020an, COVID-19aren ondorioz, 40 milioi eta 60 milioi pertsona artean muturreko pobrezian eroriko dira (egunean 1,90 USD baino gutxiagorekin bizitzea), 2019ko kopuruekin alderatuta. Eta COVID-19tik zerbait ikasi bagenu, hori da, hain zuzen ere: badirela arazo batzuk nork bere kasa konpondu ezin dituenak. Pobreziarekin, ingurumenarekin eta berdintasunarekin lotutako arazoek begirada hurbila eta globala eskatzen dute. Jakin beharko genuke ezin diogula harresirik eta mugarik jarri birusari, ezta berotze globalari edo pobreziari ere. Denok batera aterako gara, edo ez gara aterako.

Desberdintasunaren eta pobreziaren amaieraren edo ingurumenarekiko errespetuaren alde lan egiteko, irtenbide globalak bilatu behar dira, eta herri mailan jardun. Garapenaren kontzeptua bera ere birpentsatu egin behar da. Garapena ez da kontzeptu ekonomikoa bakarrik. Izan ere, garatutzat jotako herrialdeetan gero eta desberdintasun handiagoa dago beren herritarren artean: aberatsak gero eta aberatsagoak dira eta pobrezia lana duten pertsonengana ere iristen da. Desberdintasuna, pobreen arazoa izateaz gain, aberatsena ere bada. Diru sarreren eta ondarearen kontzentrazioak batzuen eta besteen arteko aldea handitzen laguntzen du

Hala ere, herrialde batzuek, hazkunde ekonomiko aipagarririk izan ez arren, desberdintasunak eta pobrezia poltsak murriztea lortu dute. Garapenaren kontzeptua birpentsatzen hasi behar da, hala nola aberastasunaren birbanaketa, zerga ihesaren aurkako borroka, paradisu fiskalen aurkakoa, laneko diskriminazioaren aurkakoa, ongizate estatu baten babesa berdintasunez eskuratzeko aukera edo ingurumenarekiko errespetua.

Urriaren 17ak gai horiek mahai gainean jartzeko aukera eman digu, eta ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.