Silvia: bazterkeria, arrazakeria eta tortura bost urte geroago ere

Fatima Letradu
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Historia ilun honen bihotzean Silvia dago, Getxoko herritarra. Jatorriz boliviarra, emakume arrazializatua. Duela bost urte supermerkaturako bisita arrunta botere-gehiegikeria, bortizkeria eta arrazismo-gertakaria batu zituen amesgaizto bihurtu zitzaion. Gaur oraindik justiziaren zain dago, biktimen aulkian eserita.

Silviak pertsona pobre bat defendatu zuen, polizia kalean txarto tratatzen ari zela ikustean. Enpatia-ekintza horren ondorioz, azkenean atxilotuta eroan zuten, eta polizia-etxeko ziegan eraso egin zioten ustez segurtasuna bermatu behar zioten poliziek. Silviak auzi-medikuaren arreta eskatu zuen atxiloaldian jasandako lesioen berri emateko. Txostenak dioenez, polizia batek ukabilkada batzuk eman zizkion. Gerora, txosten hori aurkeztu eta Istanbulgo protokoloa aplikatzeko eskatu zuen. Nazioartean aitortuta dagoen protokoloa tratu txarren eta torturen ebidentziak dokumentatzeko diseinatuta dago; gai horretan adituak diren medikuek egina da.

Eraso egin zioten poliziek berek txosten faltsutua aurkeztu zuten, gertakariak desitxuratuz, biktimak beraiek izan zirelakoan, otsoak bildots jantzita. Gertakarien iraultze horrek agerian uzten du errealitate mingarria: herritarrak babestu beharrean, borrero bihurtzen da sistema. Non dago justizia?

Silvia zaintzea zegokion polizia hark izandako jokabide bortitzaren berri eman zitzaion arren, Eusko Jaurlaritzak, bitartekari lana egin beharrean, Silviaren aurka jo eta salatzaile izatea erabaki zuen: zazpi urteko espetxe zigorra eskatu zioten, erabat gehiegizko, neurrigabeko eta bidegabea, edonondik begiratuta. Eusko Jaurlaritzaren erreakzio horrek Silviaren aurkako presioa izugarri areagotu du, etengabe biktimizatuz. Gainera, errebes kezkagarri batean, bere defentsan Istanbulgo protokoloaren peritu-txostena aurkeztea ukatu zaio.

Ingurumaria horietan, galdera hau sortzen da, ezinbestean: zelan da posible horrelakorik gertatzea zuzenbide-estatu demokratiko batean? Silviaren kasua ez da botere-gehiegikeriazko kasu hutsa soilik, gure gizartean dagoen arrazakeria ere erakusten baitu. Bere esperientziak, lurralde honetako pertsona arrazializatu askorenak bezala, argi islatzen du erakundeen arrazakeria. Espainiar Estatuak kritika ugari jaso ditu arazo horri ez diolako modu egokian heldu eta aurre egiten. Premiazkoa da praktika arrazista horiek aitortu, salatu eta ezabatzea.

Silviaren borroka, arreta-deia da. Askok ez ikustea nahiago duten errealitate gordina adierazten du: emakume bat jasaten ari den botere-gehiegikeria, bortizkeria eta arrazismoa erakundeetan eta, are larriagoa dena, justizia-sisteman bertan. Silviak gardentasuna, objektibotasuna eta azkartasuna eskatzen ditu, eta, batez ere, tratu txarren eta torturaren aurkako nazioarteko estandarrak bete daitezela, Istanbulgo protokoloa aplikatu dadila, alegia. Ezin dugu onartu legea betearazi eta justizia egin behar dutenek emakume baten aurkako arrazakeria, botere-gehiegikeria eta bortizkeria ezkutatzea eta baliatzea.

Urtetako atzerapenaren ostean, ahozko epaiketaren saioa urriaren 4an eta 5ean egingo da. Silvia, ez zaude bakarrik. Justizia eta erreparazioa exijitzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.