Hezkuntza eta hizkuntza

Miren Herrero Manley
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Azken asteetan, EAEko hezkuntza erreforma dela eta, asko eztabaidatu da hezkuntza itunerako dokumentuak proposatutako eredu eleaniztun bakarraz. Izan ere, gobernua osatzen duten alderdiek halako eredua proposatu dute haien zirriborro eta zuzenketetan; zehaztu gabeko «euskara ardatz izango duen eredu eleaniztuna». Noski, murgiltze ereduari (egungo D ereduari)aipamenik egin gabe.

Has gaitezen esanez, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak BERRIAko elkarrizketan esan bezala, hezkuntza sistemaren betebeharra dela euskal lurraldeetako haurrek euskararen ezagutza egokia izatea derrigorrezko hezkuntza amaitzean. Hori aintzat hartuz, helburu horretara gehien gerturatzen den eredu linguistikoa euskarazko murgiltze eredua izango litzateke. Ordea, ez da eredu hori gobernua osatzen duten alderdien zuzenketetan inon aipatu.

Lotsagarria litzateke, aurrerapauso izan beharko litzatekeen hezkuntza erreforman, D eredua orokortzea lortu denean, euskara gutxiago izango duen eredu bakarra sortzea. Ikasleen euskalduntze prozesuan oro har oztopoa izatearekin batera, etorkizunean denon hizkuntza eskubideak errespetatzeko oztopo izan daitekeelako.

Eztabaidaezina da hezkuntzak bizikidetza suspertu behar duela; eta elkarbizitza denon eskubideak errespetatzean datza. Hortaz, derrigorrezko hezkuntzan, denon eskubideak (tartean hizkuntza alorrekoak) errespetatzeko tresnak eman behar zaizkie ikasleei. Beste era batera esanda, ikasleak lan munduan sartzean eta haien zerbitzuak euskaraz eman behar dituen entitate baten langile bilakatzean, euskaldunon eskubideak errespetatzeko beharrezkoa den besteko euskara ezagutza eman beharko lieke hezkuntzak. Murgiltze ereduan lortutako akreditazioak ikasle guztiek lortuko balituzte, erakunde publiko gehienetan lan egiteko eskatzen diren akreditazio berberak lortuko lituzkete (B1a DBHn eta B2a Batxilergoan).

Argi dago zehaztu gabeko euskara ardatz duen eredu eleaniztunak ez duela ikasleen euskalduntze prozesua bermatzen, hezkuntzaz kanpoko arloetan ikusi dugunez, euskara borondatearen menpe uzteak ez baitu emaitza onik. Tamalez, gainera, BERRIA egunkarian ezagutarazi diren datuen arabera, D ereduak ere ez du euskararen ezagutza ziurtatzen. Derrigorrezko hezkuntza bukatzetik bi urte eskasetara, eskola publikoko D ereduko ikasleen %41,3k baitute euskarazko hasiera maila. Hau da, sare publikoan bere ikasleria gehien euskalduntzen duen ereduan ere ez da %100ean euskarazko ezagutza maila egoki bat bermatzen.

Beraz, euskalduntze prozesuak bultzada bat behar duela agerian geratu denean, zergatik baztertuko litzateke euskalduntze prozesua errazten eta suspertzen duen hezkuntza eredua? Badago euskaraz ikastea arrakasta akademikoaren oztopo dela esaten duenik, euskara eta konpetentzia akademikoak modu egokian barneratzea bateraezinak balira bezala.

Euskararen aurkako kanpaina edo estrategia ez da batere berria; bereziki, hizkuntza gisa bere eraginkortasuna zalantzan jartzean oinarritzen dena. Ez bada hezkuntza arloan, osasungintzan da («zer nahiago duzu, mediku ona, ala euskalduna?»). Gure hizkuntzaren praktikotasunaren eztabaidak dagoeneko urte asko ditu; hainbeste, non euskaraz argitaratutako lehenengo liburuak, batzuek gure hizkuntzan «ezin ezkriba» zitekeela esaten zutela adierazten duen (Bernart Etxepareren Kontrapas olerkian, Linguae Vasconum Primitiae, 1545).

Datorren hezkuntza erreformari begira, gure gizartea euskaldunduko duen eredu baten aldeko apustua egitea ezinbestekoa da. Ez bakarrik euskararen ezagutza bermatzea hezkuntzaren betebeharra delako, baita ere denon eskubideak errespetatu daitezen egin beharreko neurria delako. Jakina da gehien gerturatzen den eredua murgiltze eredua dela, euskararen erabilera zehaztua duena, eta nekez uler daiteke euskalduntze-prozesua bermatzen duen murgiltzea baztertzeak euskararen ezagutza ziurtatzeko helburua duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.