Politika baino gauza krudelagorik...

Beñat Maeztu
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, eta ene eskarmentua handiegia ez bada ere, baiezta dezaket politikagintza dela bizitzako esparrurik krudelena, edo, behintzat, krudelenetako bat. Iritzi publikoa eta presio mediatiko zein soziala ez ezik, politikan dihardugunok egunez egun jasan behar ditugu anitz kritika bortitz eta, batzuetan, laidoak eta komentario desegokiak ere bai.

Batzuok urduri onartzen dugu arlo politikoan jarduteko erronka, kontziente baikara lehenago edo beranduago geureak eta bi entzungo ditugula, edozein tokitatik eroriko zaigula kritika-erauntsi gogorra. Eta, noski, ez da erraza hori eramatea. Nolakoa pertsona, halakoa besteen iritziak eta komentarioak (egokiak edo ez) onartzeko era. Kosta egiten zaigu erlatibizatzea, zaila baita. Baina normala da, pertsonak baikara, eta pertsonok sentimenduak ditugu, kezkak, beldurrak, ezinegona, antsietatea, estresa... Erlatibizatu behar dela esatea erraza da, baina lortzea beste kontu bat da, anitz pertsonari gehiegi kostatzen zaion zerbait.

Politikan aritzeak aurreko paragrafoaren amaieran aipaturiko sentimendu eta sentsazio horiek guztiak eragiten ditu. Askok betiko edo aldi baterako kitatzen dute, adieraziz ezin dutela gehiago, atsedena behar dutela, askotan «zio pertsonalak» esamoldea erabiliz. Ez da harritzekoa, alor arriskutsu horretan jarduteak bertan lanean ibili direnak akitzen baititu. Politikagintza pertsonak suntsitzeko birringailua dela diotenak zuzen dabiltza, beraz.

Horren guztiaren harira, neure buruari egiten diodan galdera da: beharrezkoa al da gure helburua izatea aurkari politikoak edo alderdikideak txiki-txiki egitea? Benaz errentagarria al da? Penagarria iruditzen zait. Politikariak edo ordezkari publikoak gara, bai, baina, ororen gainetik, gizakiak gara. Zerbaitek minduko gaituela badakigu, eta hori gerta dakigun nahi ez badugu, hori bera ez genioke inori egin beharko. Enpatia falta da, eta tristea da, batez ere badirudielako askori, politikaren arloan, enpatiak bost ardura diola.

Gorroto dut entzutea «zer dagoen badakizu, ez zaitez hor sartu». Badakit zein den egoera, eta badakit ene ideiak defendatzeagatik egurra emango didatela, baina denak du muga bat, eta ez nago prest sobera desegokiak diren jokaerak onartzeko. Kritika egitea zilegi da, baina lerro gorriak gurutzatu gabe. Eta hori, tamalez, hain gizarte polarizatu eta erradikalizatuan, gero eta gaitzagoa da.

Badirudi denak balio duela, eta, Makiavelok adierazi zuen bezala (edo Ignazio Loiolakoak, edo Napoleonek, edo Busenbaumek, ez baitakigu eiki nork esan zuen), «xedeak bitartekoak justifikatzen» dituela. Atarramentu politikoa erdiesteko helburuz, edozer egin daitekeela. Errore eskerga, ene iritziz. Tranpa horretan erortzen dira asko eta asko, besteak politikoki (eta moralki) akabatzeko edozein baliabide erabiltzea onena delako ustean.

Gaztea naiz, baina dagoeneko denetarik ikusi dut (institutuan, unibertsitatean, politikan eta beste hainbat arlotan). Eta denetan ikusten da patroi bera: nor bere mesederako edozer egiteko gauza dela, besteren kaltetan izan arren. Hala hezi dituzte hainbat belaunaldi, ideia hori buruan sartuz; hots, inor kaltetzea ez dela antsia, norbera onuradun gertatuko bada.

Nik ere, aitortu beharra daukat, akatsak egin ditut, handi samarrak gainera. Baina, zorionez, eta denboraren iragateari esker, lortu dut horiek arteztu eta dena beste ikuspuntu batetik ikustea. Politikan, eta bizitzan oro har, xaloak behar dugu izan gainerakoekin, eta ulerkorrak, pentsamolde ezberdina eta iritzi kontrajarriak ukan arren. Eztabaidatzea eta kritika egitea osasuntsua eta demokratikoa da oso, baina beti errespetuz eta begirunez.

Badakit beharbada sobera eskatzea dela, baina paragrafo hauek asaskatzeko besterik ez ditut idatzi, ederki baitakit desertuan predikatzen nabilela eta bihar denak berdin segituko duela, batzuek aurkari politikoekin anker jokatzen jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.