Albistea entzun

Hauteskundeak

Jose Manuel Bujanda - Irakasle erretiratua

2023ko maiatzak 24

Frankismoa ezagutu genuenontzat, garai guztiz ilun horiek atzean utzi genituenok begirune eta errespetu handia diegu hauteskundeei eta hauek dakartzaten kanpainei. Errespetu eta begirune intentsua bai, guztiei, udaletxeetarakoetatik hasita, herrialdeetako Batzar Nagusietarakoetatik jarraituz, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak guztiz garrantzitsuenak erabakiko dituztenetarakoak ezin ahaztuz, eta nola ez Espainia mailako hauteskundeak eta Europara begira direnak.

Hauteskundeak, izan ere, demokraziaren ikurrak baitira. Hauteskunde gaberik ez baitago demokraziarik. Hauteskundeak eta hauteskunde kanpainak bikote banaezinak dira. Batak bestea dakar. Eta kanpainek hasiera daukate, eta amaiera. Hauteskundeak ditugu begi bistan oso gertu dugun maiatzaren 28an, hain zuzen ere. Hamabost egun lehenago eman zitzaion hasiera kanpainari, gaueko hamabietan.

Hauteskunde kanpainak asko aldatu dira urteetan zehar. Ez du zerikusirik orain dela 44 urte ospatu ziren hauteskundeetako lehen kanpaina hark gaur egungoekin. Ez ditut sekula ahaztuko lehen hauteskunde haiek, ezta kanpaina hura ere.

Garai haietan, orduan, 25 urte soilik zituen mutil pertxenta hark ordura arte sinestezina iruditzen zitzaion hura egia bilakatzen eta gauzatzen ikusi ahal izan zuen lehen aldiz: demokrazia eta hauteskundeak.

Baina kanpaina hasierak ere asko aldatu dira —asko aldatu ditugu, hobeto esan—, izugarri. Kanpaina ostiraleko gaueko hamabietan hasten bada, geure, bakoitzaren alderdi politikoetako egoitzetan bi edo hiru ordu lehenago lan ugaria izan ohi zen. Kartel ugari, ezberdinak: oso handiak, erdi tamainakoak eta txikiagoak, koloretsuak guztiak. Itsasteko kola ugaria prestatu behar, kuboak non-nahi, baita erratz antzekoak ere, kola non-nahiko paretetan itsasteko asmoz, taldetxoak egin behar, hiriko, herriko edota auzoko zonaldeak banatu arduraz. hamabietan lanera.

Orain, aldiz, leku berezi batzuk daude, panel txukunak, hain zuzen, eta ez gehiegi, kartelak itsasteko. Gaur egun, gauza asko aldatu dira, kanpainetako helburu garrantzitsuak beste batzuk dira, bihurtu ditugu, gaur egun bereziki telebistek daukate indar komunikatibo boteretsua, irudiak eta imajinak garaile, begi bistako inpaktua nagusi, liderrak, argi fokuak, irribarreak. Kartelak eta kolak telebistetarako beharrezko anekdotak bilakatu ditugu.

Halaz ere, eta dena dela, aldaketak aldaketa, ongi etorriak izan daitezen hauteskunde guziak, kanpaina guziak, kanpaina hasiera guztiak. Demokrazia bizirik dagoenaren ikurra baitira.

Eta oraingo hauteskundeetan ere, aldi bakoitzean esan ohi den legez, asko dugu jokoan, asko dute, dago, jokoan. Han eta hemen, hemen eta han.

EAJk jarraitu behar irmotzen, euskal gizartean bizkarrezurra izaten, beste hainbestetan EH Bildu abertzale esparruan alternatiba indartu nahian, bere jarrera pragmatiko-posibilista-adanista apustuaren ondoren (hantxe, Espainiako Madrilen esan nahi baita; ez hemen, ez euskaldungoan). EAJ eta EH Bilduz gain, PSE ere lehian, bere modura. Podemos, berriz, buruhaustetan eta kezkatan murgildua. Eta PP eta Vox, limosnatxoak irrikan.

Gora bihotzak!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...