Klima larrialdia. Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak %30 murriztu nahi ditu berotegi efektuko gasak 2024rako

Jaurlaritzak Energia Trantsizioaren eta Klima aldaketaren plana aurkeztu du. Tapiak 305 milioi euroko inbertsioa iragarri du arlo horretan

Arantxa Tapiak beste sailburu batzuekin batera atzo egin zuen agerraldia. DAVID AGUILAR / EFE.
jone arruabarrena
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak atzo aurkeztu zuen 2024. urtera bitartean Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko duen Energia Trantsizioaren eta Klima aldaketaren plana: «[Planarekin] Euskadik indartu egiten du nazioartean hartutako helburuak lortzearekin hartua duen konpromisoa, klima aldaketaren oraingo abiadura murrizten laguntzeko». Hiru trantsizio mota bereizi ditu Jaurlaritzak aurkeztu duen txostenean, guztiak «ekonomia lehiakorra eta jasangarria» sustatzeko helburutik abiatuta: energia eta klima trantsizioa, trantsizio teknologiko digitala eta trantsizio demografiko soziala. Aurkeztu berri den planean, hain zuzen, 305 milioi euroko inbertsioa egingo du.

Energia eta klima trantsiziora begira garatu dute datozen urteetako plana, eta hiru helburutan oinarritu dute, batez ere. Batetik, berotegi efektuko gasen isurketak %30 murriztu nahi dituzte, 2024rako. Europak %55eko murrizketa proposatu zuen mota horietako gasetan 2030erako.

Energia berriztagarrietan jartzen du arreta planeko bigarren helburuak: sortzen den energia guztia aintzat hartuta, berrerabili daitekeen energia kuota %20koa izatea nahi du Jaurlaritzak. Arlo honetan, Europak aurreikusten du 2030. urterako %32 izan beharko litzatekeela energia berriztagarrien kuota.

Hirugarren jomuga, berriz, «klima aldaketarekiko erresilientzia bermatzea da», Tapiak zehaztu duenaren arabera. Hori ere bat dator Europak finkatutako helburuekin, erresilientzia klimatikorako «nazioarteko ekintza areagotzea» eskatzen baitu.

Neurri zehatzak

Helburu horiek lortzeko bidean, hamabost ekinbide aurkeztu ditu Jaurlaritzak. Hala nola energia berriztagarria ekoiztuko duten espazioen plangintza bat egin eta haren jarraipena egitea proposatu du, «lurraldearen antolamendu eredugarri bat» sustatzeko asmoz.

Gaikako hainbat helburu ere finkatu ditu Jaurlaritzak. Esaterako, «nazioarteko erreferentea» bilakatu nahi du energia ozeanikoetan, eta «abangoardian» egon nahi du energia eolikoari dagokionez. Eguzki energia fotovoltaikoa ere sustatu nahi dute, urtean 400 autokontsumorako instalazio gehituz. Txostenean zehazten denez, helburu gisa jarri du 2023rako 12.000 eta 20.000 herritar artean Euskadiko Energia Komunitate bateko kide izatea, eta urte horretarako ere prest edukiko dute Ekienea eguzki energia fotovoltaikoa sortzeko parkea. Horrez gain, hidrogeno berdea ekoizteko lehen proiektuak ere bultzatzeko asmoa dauka Jaurlaritzak.

Mugikortasun iraunkorra sustatzea da beste asmoetako bat. Garraio ereduan eragin nahi du Jaurlaritzak, eta, besteak beste, erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuen erabilera sustatuko du, baita «jarduera zentroetara» mugitzeko planak sortu ere.

Eraikinak birgaitzeko ere laguntzak iragarri ditu, besteak beste eraikinetako inguratze termikoa berriztatzeko. Ekonomia zirkularra ere biltzen du Jaurlaritzaren txostenak, berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko aterabide gisa. Norabide berean proposatu dute karbonoa xurgatzen duten proiektuak sustatzea ere.

Azkenik, hirugarren helburuari jarraitzen diote neurrietako askok: sare erresilienteak bultzatzea, kostaldeko herriak eta biztanleak klima aldaketarako «erronkarako» prestatzea, edo udalerriak erresiliente bilakatzea, besteak beste.

Plana, legearen aurrekaria

Plana Euskadiko Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko lehen legeari buruzko aurrekaria da. Lege hori tramitatze prozesuan dago gaur egun, eta, horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Europak ezarritako helburuak bete eta arau horietara egokitzen den lehenengo eskualdeen artean kokatu nahi du.

Tapiaren arabera, hori lortuz gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde publikoak «eredu» bat izango dira beste herrialde batzuentzat energia trantsizioaren ingurukoei dagokienez.

Atzo aurkeztutako plana ez da Eusko Jaurlaritza aztertzen ari den aurrerapauso bakarra. Gaur aurkeztekoa da Euskadiko Net Zero Super Industria Klusterra. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, hori izango da «lehen urratsa» euskal industriak Munduko Ekonomia Foroarekin 2050. urterako «zero emisio garbi izateko duen konpromisoa» betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.